Paretak xuri
Ez da berria gure herrian
Lortzen dena ebasten da
Lehenik prefetak euskara etsai
Egindako eskaera
Gero Itsasun duela berrogei
Urteko problema bera
Ta hainbesteko tema ikusiz
Ezpainetan dut galdera
Pareta dute ezabatu nahi
Edo gure izaera?
Abertzaleen propaganda da
Erraiten digute guri
Propangadarik sekula egin
Ez daukutela iduri
Frantses iraultza, frantses armada,
Frantses eraikin ta zubi
Haur eskolatik horren ikasten
Ibili gira urduri
Paretetaz gain gure buruak
Utzi nahi dituzte xuri
Jakobinoek maiz ukan dute
Kontrolatzeko beharra
Baina herria xuriz janztea
Da estrategia txarra
Nahiz eta gu ahulak izan
Ta gobernua azkarra
Nahiz eta ukan gure paretak
Ezabatzeko indarra
Zailagoa da ezabatzea
Memoriaren oldarra
Azken aldian ustegabeko
Gogorrak bildu ditugu
Baina borroka da gure sua
Nork geldituko gaitu gu?
Zuek segitu ezabaketan
Plazaz plaza guduz gudu
Guk anartean pareta oro
Garai hobeen aiduru
Maite ditugun kolore eta
Formaz tindatuko dugu