Joango balitz hobe.
Azken denboran gaiak
hartu du indarra,
iritzi, berrietan
hemen barra barra,
Ez baniz e lehena,
ez eta bakarra
Nik ere prefeta dut
aipatu beharra.
Bat joan orduko da
bestea etorri,
funtzionarioen baltsa
deitzen zaio horri,
badakigu zertara
daukuten igorri
herri hau mantentzera
urdin, xuri, gorri.
Halere has dezagun
gure azterketa
jakiteko nolakoa
dugun jaun prefeta
aldatu da pixka bat
izena, silueta,
baina buru gainean du
beti ber kasketa.
Baiona ta Sarako
auzapez ta talde
Euskara ofizialki
aitortu ta are
Frantziako pareta
hortxe parez pare
hunek ez du eginen
Euskararen alde.
Pareta margoz bete
da aldiz Itsasun
herriak zer bizi nahi
ta zonbat maitasun,
geroa eraikitzeko
lehengoaren oihartzun,
dena ezabatzeko
du Pauek erantzun.
Begiak luzatuta
Bidasoa ondora,
kontroletan nor dugu
zu sar zu kanpora,
erran nahian bezala
arazoa hor da,
gero eskuin muturrak
segitzen du gora.
Orduan aztertuta
idei ta balore,
sakondu eta gero
hitz eta kolore,
ene sentimendua
ezin nuke gorde,
triste bizi naiz eta
joango balitz hobe.