Ramuntxo Christy

2025 IRA. 11

Onddoka

ONDDOKA.

Mundu huntan hainbeste

Miseri dago ta

Irri baten sortzeko

Zer behar da bota ?

Tiratu ordez gerla

Ta krisien soka

Nahiago dut egun

Abiatu onddoka.

 

Bainan ez niz bakarrik

Hara lehen kezka

Ainitzek helburutzat

Tripa joko pesta

Oihana dugu jendez

Mukurru, gainezka

Onddoak izanik ere

Denendako ez da !

 

Lehenik Biarnes bat

Akitua, gaizoa,

Fite konprenitu dut

Bere arazoa,

Berrogoi miliar onddo

Du amets goxoa,

Ez dituztener hartuz

Ezin da Frantxoa !

 

Auzapez bat ondotik

Oihuka kartsuki

Ez zazue nik ikusi

Onddo hori hunki

Hemen ibiltzeko du

Ekilibrio guti

Lerratu egin da ta

Ezin berriz xuti.

 

Amerikar bandera

Du hirugarrenak

Bere onddoak omen

Munduko onenak

Konkurentziarekin

Nolako problemak

Taxatu nahi ditu

Bereak ez direnak.

 

Azkenik mila tanke

Ero zahar bat buru

Oihana ezabatzea

Harturik helburu

Gure onddo maiteak

Galduko ditugu

Bainan nahi duena

Iten utzi dugu.

 

Biltzaile ezker, eskuin

Edo zentrokoa,

Jerusalemekoa

Edo Kanbokoa,

Huntan bururatzen da

Egungo jokoa

Gaurkoan gaurkoa eta

Onddokoan onddokoa.

Beste iritziak entzun