Xan Aire

2025 AZA. 12

Buraso maitea

Buraso maitea,

Goizean ere, zuen haurren askaria prestatzen ari zira, irrati hau oraindik pizturik, jakin gabe gaur,

bizia seko aldatuko zaizula.

Oihan eta Elaia beren izen originalekin laster jeikiko dira, eta banazka amultsuki agurtuko zaituzte.

Batak zerealak, bertzeak glütenik gabeko ogia jan, olo-esnea klikatu, hortzak garbitu, eta autobusa

hartuko dute, etxe aitzinean.

Tenorea eskapatzera doa, eta amiñi bat kezkatzen hasia zira. Oihanen urrats luze eta herrestatik

sesitu duzu aldaketa heldu zitzaizula burutik beheiti. Bere agurtzeko manerak “…” argitu dizu dena:

zuen haurrak adoleszente bilakatu dira!

Alta, seinaleak hor ziren! Jateko manera hori, ñasta-ñasta, ahoa zabal-zabala; oker eta puzker untsa

pusatuak, ahalaz mahaian, eta familia-otorduetan. Eta irri hori, “hahahahaha”, irri hori!! Nolaz ez zira

lehenago ohartu?!

Elaia oraindik bainugelan da. Mugi dadin agintzen diozu, eta “Oh, mais tu saoules!!” erantzuten dizu.

Eta zuk, errefera gisa, barne-barnetik “Euskaraz, Redios!!” botatzen diozu. Zure fashion faux-pas-ri

ohartu orduko, berantegi da.

Alta, alabaren isiltasunak dudarazten zaitu, ez ote den mementoa, orain, zuen nerabe-parea

euskarari buruz sentsibilizatzeko: euskararen debekua eskolan, ikastolen sortzea eta hautua,

sakrifizioak, manifak, gose grebak. Handitzen ari direla orain, eta badela “garaia zeuen ardurak

hartzeko. Zeuek ez baduzue euskaraz egingo, nork egingo du?”.

Elgarrekin ikusia duzuen Bizkarsoro aipatzekotan zirela, Elaiak zure akabatzea erabaki du: “C’est bon,

ez du balio EUSKARAZ! hola oihukatzea! Genre, twix bat jaten dutan bakoitzean, BIO! oihukatzen

bazinu bezala!”. OK. Hor, zinez zozo senditzen zira. Ohartzen ari zira zuzenean ez dakizula batere

zuen haurrek nola bizi duten euskarazko egunerokoa.

Ez dakizu EHZ-n laguntzaile izan nahiko duten. Libertimenduan, zirtzil edo bolant izan nahiko duten.

Besta komitean, nola ariko diren kantuz orroaz etxe-kurridetan, afixak zein hizkuntzetan emanen

dituzten. Ez dakizu kirol klubean baskoi ala kapitain izanen diren. Edo lanean, euskaraz artzeko

aukera sortuko duten. Sinpleki, ez dakizu euskaraz bizitzeko molderik eta biderik harrapatuko duten.

“Euh, autobusa hor da, sarri artio!”

Bakarrik gelditu zira, ilun, zure kafe kolonbiano zola zintzurrean kokaturik. Irratian, jokoen tenorea

da. Euskal antzerki batera joateko bi sartze badira irabazteko. Telefonoa hartu duzu.

Sartzeak zozketan atera ala ez, zuen haur mununekin mintzatzeko garaia da!

Beste iritziak entzun