Xan Berterretxe

2026 URR. 13

Integrala

Integrala ?

Maitenak 8 urte ditu bainan  deia arras untsa ezagutzen du herriko errugbi ekiparen egutegia. So egin du klubaren  matxen lista, eta badaki xeheki noiz ari diren etxen eta noiz kanpoan. Etxean jostatzen dituzten matxek diote arrangura pizten , baitaki egun horietan aita matxean izanen dela, lagunekin ospatuko duela, galdu ala irabazi, mozkor sartuko dela etxera, eta gauean Maitaneren ganbararat jinen dela, mozkor den aldi bakotx egiten duenaren egiterat. Bortxaketen ondoko astean gorputz guzia minez betea joan beharko da eskolara Maitena, zauriak ahal bezala gordetuz.

6 urte dituen Julienek  bakantzen egutegia du untsa ezagutzen. Badaki opor ttipi bakotxaren lehen astean kusi guziekin pasako dituela bizpahiru egun amatxiren etxen, eta usaian bezala kusi zaharrenak etxe gibeleko etxolan zerratuko duela harekin eta hunkitzeak jasanen dituela.

Idrissek ez du egutegi finkorik, familiaz familia edo zentroz zentro igorria da plazatua izan denetik. Harrera familia batean bortxaketa jasan duenetik ez du gau oso batez kontinuan lo egin, denmendreneko arrabotsak supitoki jatzarrarazten baitu.

 

Hola luzaz segitzen ahal ginuke. Badakit horrek sensatzionalismo merketik baduela, bainan zaila da inzestoa aipatzeko manera egokia atxemaitea. Alta osagarriari buruzko kronikak egin nahi badira, aipatu behar den gaia da.

10 haurretarik batek jasan edo jasaiten ditu  bortizkeria sexualak familiako kide batengandik. Hots kolegioko 30 ikasleko klase batean hiru nerabek.

Bainan nola egin zenbaki harrigarrietarik  haratago joaiteko ? Ez baita aski jakitea hiru direla klase bakotx,  atxeman behar ginituzke.

Gaia landu duten  militanteek  badakite xuxen  zer zgin behar den inzesto egoeren detektatzeko eta fenomeno masibo hunen borrokatzeko.

Adibidez prebentzioa, eskoletan heziketa sexuala saioak sistematizatuz, buruz buruko detekzio saioak, profesionalen formakuntza eta beste hamarnaka proposamen plazaratu dituzte.

2020 -2021 urteetan, Macron lehendakari hautatu berriak  talde interrministeriala osatu zuen, diskurtso ampulutsuetan hitz emanez hunen ondorioak aplikatuak izanen zirela. Ez da halakorik gertatu, ez omen baizen dirurik. Alta zonbait urte berantago dirua turrustan agertu zen, magikoki, Trumpek eta NATOk inposatu zutelarik armadaren budxeta emendatzea. Bainan Maitane, Julien eta Idrissentzat, tirrit.

Aurten ere, Lyhanna aferaren ondotik gertatu mobilizazioek akuilaturik, hainbat deputatuk  integrala  izan nahi luken familia barneko bortizkerien kontrako legea apailatu dute.

Arriskua haundia da lege integrala integralki ez finantzatua izaitea, eta haur horiek haien tripako minekin segitzea

Batzuek sinestarazi nahi dutelarik eritasunak nolanahika jatea pipatzea hautatu duten jendeen erresponsabilitatea dela, bortizkerien gaiak ilustratzen du osagarria gehienbat hautu politikoen ondorioak dela. Kasu batean hautatzen ahal da bortizkeria sexualen kontra borrokatzeko beharrezkoak diren 3 miliarrak bozkatzea , huni esker biktimen kopurua ttipitzea, biktimen artatzeak hobetzea, eta biolentzien ondorio diren arazo psikiatrikoak, adikzioak, eritasun kronikoak mugatzea . Edo hauta daiteke diru hunen ez atxemaitea, sosez zanpez beteak diren horiek ez taxatzeko, edo gerla finantzatzeko, edo nahiago baitira arma berriak erosi lizeotarrekin cowboy eta indianoetan jostatu nahi duten polizieri.

Kasu batean haur guzi horien  osagarria hobetzen da, bestean haien egoera belzten da. Gehienek argi dugu zoin litaiken gure hautua, ez da hain argi denetzat maleruski.

Ondoko hilabete arte.

Beste iritziak entzun