Pisa emaitzak Sartze eguna da gaur eskoletan. Haurrek lehen bakantzak ukan dituzte, agian pausaturik berriz etorriko dira klasera. Gu, erakasleak oraino bakantzetan ginela jakin dugu ere, jende anitzek errepikatu baitigute beti bakantzetan girela.
Erakasleen artean lehen denboraldi hauetan egiten den galdera nagusia hau da : "Nola dira zure klase berriak ? Eta maila ona ote dute ?".
Ikasle bat erakaslez aldatzen delarik, metodo berri bati behar du usatu. Kolegioan eta lizeoetan, metodo berrieri. Irailan usuiak hartzen ditugu eta urritik goiti, normalki, klasearen mailaren ikuspundu bat badugu guk irakasleek.
Maila hortaz mintzatuko niz ene gaurko kronikan eta zehazkiako PISA inkestaz, irailan 2025 urteko emaitzak erori baitira.
Has gaiten definitzen zer den inkesta hori. Euskaraz IENP deitu behar ginuke, erran nahi du Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programa, zeren eta hitzen lehen letrek osatzen dute frantsesez edo inglesez PISA izena.
Programa hori 3 urte guziz Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak du eramaiten, ELGA-k euskaraz, OCDE frantsesez edo gaztelaniaz. Zortean hautatu 15 urteko ikasle batzuk ebaluatzen dira 3 punturen gainean : matematikak, zientziak eta ulermena haien ama hizkuntzan. 91 herri ebaluatu dituzte 2025 urtean eta Frantziak sailkapenean 27. bukatu du.
Lehen behako orokor bat egiten dugularik 2022 ko emaitzer konparatuz, ikusten ahal dugu nola maila aldatu den. Prentsan aipatu lehen oharrak hauek izan dira : matematiketan eta ulermenean gaitzako beherapen bat izan da. Zientzietan kasik berdin egon da maila. Mundu mailan Txinak du lehen lekua ukan, bainan bakarrik probintzia batzuk ebaluatuak izanki. Orokorki Asiako herriak dira hobekien sailkatuak, Europan Estonia da lehen eta Frantzia aski urrun.
Baina ez zitela kezkatu entzule, ez duzu mokanesik atera behar negar egiteko. Vie Publique web guneak esplikatzen duen bezala, erran nahi du lehen ministroaren inguruko jendeek, ez da hain grabe.
Lehenik, ELGA herrien batezbestekotik hurbil gira beraz ongi gira !
Ondotik, nahiz eta 2000 urtetik apaltze handiena izan, ez da ikasleen falta, COVID-a ezagutu duten ikasleak dira, beraz herri guziek bezala, Japonia eta Hego Korea ez ezik, beherakada bat ezagutu du Frantziak.
Matematiketan maila apaltze hori esplikatzen dugu erranez eguneroko galderak direla inkesta honetan, Hezkunde Nazionalan ez direlarik sobera horrelako gauzak egiten. Zer bitxikeria matematikak eguneroko biziari lotzea PISA inkestetan, zinez !
Ulermenarentzat ber gauza, ez dira beti ber tresnak baliatzen PISA ebaluaketan eta gure ebaluatze sistemetan. Gaixo Frantziako ikasleak arrunt galduak dira eta maleruski emaitzak beheruntz doaz.....
Ulertzen dugularik ebaluatzeko irizpideak ez direla usaiazkoak, ezin da deus egin, salbu... ERREFORMA bat. 2023 urtean, emaitzak atera orduko, Gabriel Attal Hezkunde nazioanaleko ministroak aipatu zuen "chocs des savoirs" bere erroforma. Matematiketan ene lehen mailako lankideek Singapour metodoa kalkatu behar izan dute, haiek zirelako lehenak garai hartan PISA inkestan. Alta, Frantzia guzia ez dakit, bainan, hemen gehienik badakigu, Euskal Herria ez da Shangai...
Bainan aurten, maleruski, Edouard Geyffray ministro jaunak bere mirakuilu erreforma aurkezteko paradarik ez du ukan, gainera seguraski horri esker PISA-ko lehen lekua ukanen ginuen ondoko aldian. Gaixo ministroa, lizeotarrek, blokusak egin dituzte lan baldintza hobeak ukaiteko eta haien geroa argiako ikusteko. Ez da aterabiderik mementuko, baina arazo berri bat konpontzeko.
Ikusiko hobetzen ahal girenez heldu den aldian bainan pazientzia har ezazu entzule, orai lau urte guziz bakarrik eginen da inkesta, behar bada maila guttiago ttipituko da horrela eginez.
Orain denak eskolarat, badugu oraino lan lehen lekurat heltzeko !
Ikus arte entzule eta berehala arte ikasle.