Haurdunaldian diren emazte bakartuentzat, harrera-leku bat proposatuko du La Maison des Sept Vallées elkarteak Donibane Lohizunen. Pariseko bikote jabe pribatu baten gogoan sortu zen xedea. Donibane Lohizunen, 2021ean Iturria izeneko etxea erosi eta, bazter bastizetan zazpi ganbara antolatzea erabaki dute. Elkarte moduan ezarri eta otsailean hasiko dira ganbara hauek proposatzen, bakarrik, haurdun edo haur sortu berriekin diren emazteei. 150 eta 200 euro inguruko parte hartze xumearekin, ideia da «trantsizio» gune bat izatea, horretarako gehienik urte bateko egonaldia egiten ahalko dute. Helburua da, amari eta haurrari urtebeteko pausa eta segurtasuna eskaintzea, ondoko etxebizitza bilatzeko laguntza pertsonalarekin eta diru-kudeaketarako prestakuntza programa batekin.
Euskal moneta biderkatuko da: Baztan eta Oiartzualdean ere baliatzeko xedea aurkeztu dute larunbatean Baigorrin. Euskal Monetak eta Gizartearen Monetak mintegia antolatu dute larunbatean, Baigorrin, mugaz gaindiko tokiko moneta bakarra sortzeko abantailak eta oztopoak aztertzeko xedez. Hamabi urte bete dituen Euskoa Euskal Herri osora hedatzeko xedeari babesa eman dio ordezkaritza instituzional zabal batek; izan ere, mintegian Nafarroako Gobernuko, Euskal Hirigune Elkargoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan dira, Baztango eta Baigorriko herriko etxekoekin batera. Eragile sozial eta herritar zenbaitek ere parte hartu dute mintegiko gogoeta saioetan.
Aldaketarik ez Departamentuko Laborantza Ganbarako hauteskundeetan. Urtarrilaren 31an bururatu zen Departamenduko bost kolegioetako kideak izendatzeko bozketa epea. Laborarien kolegioa da bost horien artean garrantzitsuena, eta beraz, gehiengorako gakoa. Irabazle handia FDSEA izan da hamahiru jarlekurekin (bozen %45,8). Pentsa zitekeen bezala, CR Coordination Rurale sindikatuak bere boz kopurua handitu du, FDSEAri hamalaugarren jarlekua kenduz eta bigarren jarleku bat eskuratuz (bozen %21,4). Alabaina, eskuin muturrarekin loturak ukaiteagatik kritikatua izan den sindikatu horrek ez du espero bezainbesteko hazkundea izan. Bi jarleku eskuratu ditu berriz ere ELB sindikatu abertzaleak (%22,1) eta bakarra Biarnoko Confederation Paysannek (%10,71). Sorpresa handiena laborantza industriako langileen kolegiotik jin da, haatik. LAB sindikatu abertzaleak bere emaitza hoberenak erdietsi ditu, 3.a kolegioan hiru jarlekutik bi irabazirik, eta hirutik bat lorturik 3.b kolegioan.
Etorkinen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute Donapaleun, «Mugek hiltzen dute» lemapean. Migratze bidean hildako etorkinen oroitzea eta haien familien sustengatzea zuten xede antolatzaileek. Azken urteetan Bidasoa trabeskatzen hildako bederatzi etorkinen izen-abizen, jatorria eta adinak idatzi dituzte Donapaleuko herriko etxe aitzinean, «zenbakiak baino, pertsonak direla» aldarrikatuz. Hitzartzean jakinarazi dutenez, otsailaren 6an, poliziak atxiloketa batzuk gauzatu zituen Baionako Pausa gunean.
Eneko Aldana da Ziburuko auzapeza da 2020tik. Eskuineko auzapez bat ordezkatu zuen Aldanak, EH Bai koalizioaren sustenguarekin. Ziburuk abantzu 6.000 herritar ditu, eta biztanleria galtzen ari da, bizitegien arazoagatik. Historikoki itsasoak garrantzia handia ukan du Ziburuko ekonomian, Donibane Lohizuneko portuko ontziengatik, eta arrain kontserben industriagatik; gaur egun, ahuldua den saila izanik. Urdazubi erreka Ziburun itsasoratzen da, eta bere lurraren %44,2 eraikia da, oihanak %24 dira, eta laborantza lurrak berriz %9. Hondarribira so, Igor Enparan da alkatea. Duela bi urte hartu zuen auzapezgoa Enparanek, aitzineko legealdietan EAJ izan zelarik herriko etxeko buru. Abotsanitz zerrendako kide da Enparan. Hondarribiak abantzu 17.000 biztanle ditu. Jaizkibel mendiaren magalean kokatua dago, eta Bidasoa ibaiaren bazterrean. Hamar auzo ditu, landa eremu zabal bat eta historikoki arrantzak garrantzia ukan badu ere, gaur egun, bere ekonomiaren %5 baino ez da. Zerbitzu sektoreak du Hondarribiko ekonomia mugitzen eta turismoak.
Ostegun honetan iragan ziren Akitania Berriko artzaintza ikasleen XX. Ovinpiade txapelketako finalak, Irisarrin. Orotara 31 gaztek parte hartu dute lehian, den denak laborantza lizeoetako ikasleak. Akitania Berriko bi irabazleak Alaia Queheillalt eta Nicolas Karrikondo dira, biak Donapaleuko Errekart laborantza lizeokoak. Frantzia mailako finalean parte hartuko dute Parisen, Laborantza saloian iraganen den finalean.
«Hidroelektrizitate ttipiaren alde!» izenburuko gutun irekia zuzendu diete Garazi-Baigorriko 30 auzapezek, Frantziako Estatuko zerbitzuei, hautetsiei eta herritarrei. Energia berde iturri hori hil nahi duela Frantziako gobernuak diote. Salatzen dute ere Departamenduko Arrantza federazioaren jokamoldea. Hark aspaldikoa den ondare hidroelektrikoa, eiherak eta urtegiak suntsitu nahi dituela diote, uretako fauna babesteko arrazoiak aipatuz. Funtsik gabeko arrazoiak direla azpimarratzen dute auzapezek, beren iduriko zentralek ez baitute erreketako bioaniztasuna kaltetzen.
Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak «lan tresna» baitira beretzat. Bere hitzetan irainak irudimen ilunenak adierazteko parada eta altxorra dira, baitezpadakoak. Are gehiago, uste du laidoak eskoletan landu beharko liratekeela, gisa horretan, haurrek elkar gutxiago joko bailukete. Bestalde, bere aburuz, euskaldunak elbarritu emozional gisa heziak dira, frantses eta espainol ereduak inposatzen baitizkiete. Fuchsen eleen arabera, laidoak hizkuntza baten Pandora kutxa dira.
%15 hobetu da hondarkinen bereizketa Garazi-Baigorri eskualdean, 2022tik 2023ra. Bil Ta Garbi sindikatua baikor agertu da emaitzarekin berriki egin duen bilanean. Haatik, hondarkin geldoak Baxe Nafarroan pausatzeko gune eskasia nabarmendu dute. Momentuko Urruñako Bidexka zentroa da Bil Ta Garbik duen gune bakarra eraikuntzako ekaiak edo bestelakoak botatzeko. Bestalde, negu bukaeran etxaldeetako errota zaharren bilketa antolatuko dute Garazi-Baigorri eta Iholdi-Oztibarre lurraldeetan, eta horretarako herriko etxeetan izen-eman beharko da.
- 'Euritan' eleberria aurkeztu du Idoia Rodriguez idazle donibandarrak
- Haritz Rodriguez: «Sagardo botila baten atzean zer dagoen ezagutu behar du pommelier batek»
- Agiantzak: Herriko plaza berri bat Ortzaizerentzat
- Hegoaldeko sagar galdeari iharduki nahi lioke Iparraldeko sagarnoaren sindikatuak
- Benito Lertxundi eta Txomin Dhers sariztatu dituzte Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizunek
- Aberri Eguna Donibane Garazin ospatuko du Iparraldeko mugimendu abertzaleak
- Euskara hutsezko haurtzain-etxea irekiko dute Aiherran
- Antton Luku: «Egiazko urtats da inauterien momentoa»
- Israelen armatzea borrokatzeko kolektibo berri bat Iparraldean