Aiherrako herriko etxeak bi lur lehentasunez erostea erdietsi du EPFL egituraren bidez. «Espekulazioa saihestea» zuen zuen xede herriko etxeak. Lur horietako bat herri gaineko eremuan kokatua da, eta 118.000 eurotan eskuratuz dute, saltzaileak 180.000 euro galdegiten zituelarik. Haatik, kalapita handiena beste lurrak sortu zuen herrian 2022 urtean. Egungo saltzaileak 215.000 eurotan erosi lurra 430.000 eurotan saltzea zuen xede, baina epaileen esku hartzearekin, 218.000 eurotan eskuratzea erdietsi dute erakunde publikoek. Urtarril hondar edo otsail hastapen honetan trenkatuko da azken salmenta hori, jabeak lurra beretzako atxikitzea deliberatu ahal baitu.
107.000 hiztun ditu bretoierak gaur egun, azken ikerketa soziolinguistikoaren arabera. 2018 urtean egin zen zenbaketan 214.000 hiztun kontabilizatu zituzten, hots, %50 gehiago. Ikerlariek azaldu dutenez, hiztunen zahartasuna da arrazoia; izan ere, urtean bretoieradun gehiago zentzen dira, sortu baino. Horren ondorioz ere, hiztunen adinak behera egin du azken ikerketa horretan: 70 urtetik, 58,5ra iragan da hiztunaren bataz-besteko adina. Alta, sei urteotan, berrogei urtetik beheitikoen artean hiztun kopuruak mantendu direla baieztatu dute ikerlariek.
Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena «xinaurri lanari esker» egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan. Hemendik aitzina, Santiago Capendeguyk ordezkatuko du 2.200 biztanleko herria Euskal Elkargoan. Labat-Aramendik azaldu duenez, kontziente dira herritar ororen babesa ez dutela eta denak kontuan hartu beharko dituztela. Hezkuntzaren eta komunikazio instituzionalaren arloan, euskararen alde lan egiteko asmoa adierazi du eta ikastolaren geroa segurtatzeko lan eginen dute. Erronka handienen artean ere etxebizitzaren problematikari aterabideak eskaintzea izanen da. Jakinez herriko etxetik «mirakuilurik ezin dela egin», Hirigune Elkargoan eragiten saiatuko dira.
Xiberoako maskaradekin batera, Euskal Herriko beste xokoetako inauteak ere atzarri dira. Urtero ehunka bisitari biltzen dira Ituren eta Zubietan, joaldunen usadioaz gozatzeko.
Aurten ere Kontserbatorioen Gaua antolatu du Baionako musika eskolak. Urtarrilaren 31an 50 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak tarteko. Egitaraua arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, eta gauerdira arte luzatuko da. Ekitaldi guztiak urririk eskainiak izanen dira, eta publiko osoari irekirik. Antolatzaileek azaldu dutenez, ate irekitze gisara ulertzen dute egitasmo hau, Baionako kontserbatorioaren eskaintzak publiko zabalari ezagutarazi eta aitzin dasta bat proposatzeko.
Larunbatean, otsailaren lehenean, manifestaldi bat antolatzen du Iruñean du Aroztegiko sustengu komiteak. Baztan ibarreko Aroztegiako laborantza lurretan, 228 luxuzko etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko egitasmoa geldiarazteagatik, zazpi baztandar auzipetu dituzte; 20 urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroko isuna galdegiten dute haien kontra. Eraikitzeko baimenak erdietsi gabe ere, promotoreak eraikuntza lanak abiatu zituen, eta lan horiek geldiarazteko kanpaldia abiatu zuten hamarnaka herritarrek. Ipar Euskal Herritik hainbat autobus partituko dira Iruñean otsailaren lehenean eginen den manifestaldira Baigorritik, Itsasutik, Pausutik eta Oztibarretik.
Publizitatearen lekua hurbiletik segitzen du Bizi mugimenduak. Astelehen goiz honetan Senpereko Amotze auzoko iragarki panel bat legez kanpokoa dela salatu du. Gune sailkatu batean eta monumentu historiko batetik hurbil kokatua da, Estatu mailako araudien kontra. Mugimendu ekologista kritiko agertu da joan den urte bukaeran Senpereko herriko etxeak Attria publizitate enpresarekin izenpetu duen kontratuarekin; izan ere, kontratu horrek 28 afixatze leku baimentzen ditu herrian. Memento berean, Publizitatearen araudia eratzeko herritarrekin bilkura publikoak abiatu ditu Euskal Hirigune Elkargoak, eta asteazken honetan izanen da lehena Baionan.
“Denboraren induskatzaileak” erakusketa ikusgai izanen da Hendaiako Asporrotstipin, Euskal Erlaitzeko Etxean. CPIE-Euskal Itsasbazterra elkartea eta INRAP arkeologia institutuarekin elkarlanean antolatutako erakusketa da. Sanguinet aintzirako urpeko arkeologiatik Anéouko artzaintza unibertsora, erakusketak arkeologian murgiltzeko parada emanen du bere teknikak eta historia azalduz, eta eskualdeko ondare aberatsa nabarmenduz, Euskal Herrian arreta berezia jarriz. Erakusketa martxoaren 22ra arte ikusten ahalko da.
Iragan den astean, FFPB Frantziako pilota federakuntzak jakinarazi du zein pilotari ari izanen diren berezkoen kontra ondoko hilabeteetan. Aurtengo bi txapelak irabazirik, Bixente Lafitte eta Thierry Harizmendi berezkoen B txapelketan ari izanen dira. Horrez gain, Iban Teilleri eta Mathieu Lazkano nahiz Julen Mariluz eta Unai Etxeberrik osatu bikote amaturrek Pro-Am txapelketa ttikia jokatuko dute. Hirugarren bikotea, Barrenetxe eta Etxegoin berezkoek osatzen dute. Denak elkarren kontra ari izan ondoan, lehen pareak parte hartuko du ondotik eginen den berezkoen binakako txapelketan. Baina erran behar da hautu horiek kritikatuak direla. Lau Herri pilota elkarteak salatu du ere “barragetan” Mariluz eta Etxeberri elkarrekin ari izanen direla, horien usaiako ekipoa osatuz. Aldiz, Teillery eta Lazcanok aste pare bat baizik ez dutela elkarrekin prestatzeko. Jakin ere Lilou Etxeberria federakuntzako lehendakariak erran digula bere komisioaren hautua errespetatzen zuela, eta azpimarratu digu ez zutela sekula iragarri Euskal Herriko eta Frantziako txapelketako finalista guziak hartuko zituztela.
- Bixente Hirigarai: «Historiaz bizitzea dut xede, irakasle izan gabe»
- Donapaleu: 2025eko proiektu nagusiak aurkeztu ditu herriko etxeak
- Etorkinenganako elkartasuna aldarrikatu dute milaka lagunek, Hendaia eta Irun artean
- Erradiologia zerbitzu berria Donibane Garaziko osagarri etxean
- Erleei gorazarre, Bilaka konpainiaren 'Bezperan' ikusgarriarekin
- Peña-Albisu eta Etxeberria-Martija lehian, Hendaiako ezker paretan
- Urruñago agiantzak: «Geroari buruzko etxebizitzak» eraikitzea xede
- Aloze-Ziboze-Onizegainen hainbat etxeren berpiztea erdietsi dute
- Patrick Etxegarai (FDSEA): «Ingurumenari buruz sobera norma bada egun»