Hendaiako plaza berria estreinatu dute

Hendaiako herriko plaza berrituaren estrena egin da aste hondarrean. Hiru eta seiehun mila euroko kostua ukan dute hiri erdialdearen lanen finantzazioek, hots, plazaren berritzeak, herriko etxearen konponketa lanak, eta buruilean hasiko diren elizaren obrak. Plaza, soilik, oinezkoentzat izanen da, aldiz, autoek sartzeko baimen berezia ukanen dute, zenbaki bat sartuaz, eta eman diren pasai-mugak irekitzen ahalko dituzte. Auzapezak egin du plazaren estrena bere hautetsiekin, eta sartze mintzaldia frantsesez egin du osoki.

Bidarten etxe baten salmenta prezioa salatu du Aldak

Astelehen arratsalde huntan militanteek oren erdiz okupatu dute etxea konferentzia moduko ekimena burutuz. Usaian bezala, Alda gomitarik gabe sartu zen Bidarteko etxe handi horretan. Kanpotik ageri da berritua izan dela, baserri estiloko euskal etxea da, lehio eta teilatu berdearekin. Barnean côte ouest immobilier agentziako agentea hor da, dionaz "ez da inolako gainbaliorik egin etxe horren saltze prezioan", lehenik Aldak diona baino karioago saldu baita etxea, eta bigarrenik milioi bat euroko obrak egin baitira. Anartean Aldako kideak instalatu dira etxeko saloian. Retro proiektagailu bat instalatu eta 'konferentzia' itxurako ekintza egin dute. Salmenta espekulatzaileen kontrako sei neurri azaldu dituzte, hauetan, salmenta prezioen mugatzea. Konferentzia buru ondoan aldako militanteak atera dira etxetik, lasaitasunean.

Herri Urrats arrakastatsuaren ondotik, mobilizaziora joko du Seaskak

Euskaltzaleak Senperen bildu ziren atzo, Herri Urrats ospatzeko. Aroak lagundu zuen, eta milaka lagunek parte hartu zuten Lapurdiko aintzira inguruan antolatutako ekintzetan. Koldo Rodriguez koordinatzailearen arabera, jendeak egitarau osoaz gozatu zuen, aroaren iragarpen kaskarrek jende kopuruan eragina izan arren. Belaunaldi guztientzat egindako festa izan zen. Aurtengo berritasun nagusietako bat tokiko gunea izan zen, tokiko ekoizleen jakiak eta izozkiak eskainiz. Proposamena untsa hartu dutela azpimarratu dute antolatzaileek, eta geroan mantentzeko asmoa agertu dute. Jendetza zertxobait txikiagoa izan zela iruditu zaien arren, oraindik datu zehatzik ez dute. Hori bai, aurtengoan nabarmen handiagoa izan da Txik Txak autobus zerbitzuaren baliapena. Aldarrikapenei dagokienez, Seaskak baliabide gehiago eta errespetua galdegin dio Frantziako Hezkuntza Ministerioari. 2022tik berritu gabe dagoen hitzarmenaren egoera dela eta, maiatzaren 23an Baionan mobilizazio handia antolatzeko deia egin dute. Seaskak uste du heldu den ikasturtea ziurgabetasunez betea izanen dela, eta irakasle postuak, formakuntza beharrak eta defizit ekonomikoa direla premiazko gaiak.

Batera birsortu dute, Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatea erdiesteko xedez

Batera plataformak, urteetako geldialdiaren ondotik, bere jarduera berrabiarazi du, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala berriz agenda politikoan ezartzeko xedez. Ezpeletan egindako biltzar nagusian, “etapa instituzional berri” baten aldeko engaiamendua hartu dute, eta estatus bereziko lurralde kolektibitate baten aldeko mobilizazio fase berri bat hasiko dutela jakinarazi dute. Lehentasunezko zeregina: instituzio eredu bateratua adostea eta, ondoren, Frantziako Estatuko agintariekin negoziazioak abiatzea. Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren eta Pirinio Atlantikoetako departamenduaren eskumenak uztartuko dituen egitura bat proposatu nahi du, eta Lyongo metropolia edota Korsikako eredua inspirazio iturri gisa aipatu dira. Datorren hilabeteetan, informazio kanpainak eginen dituzte eta eragileekin bilkurak antolatuko dituzte. Urrian gogoeta egun bat iragarri dute, eta begirada 2026ko herriko hauteskundeetan dute jarrita: aldaketa instituzionalaren aldeko gehiengoa lortzea dute helburu.

Euskal kosta ez da eskubaloiko maila profesionalean aritzen ahalko, sos faltagatik

Denboraldi bikaina bururatzen ari dira Euskal Kosta eskubaloi taldeko neskak. Nationale 1 mailako azken partida jokatuko dute bi asteren buruan azken taldearen zelaian. Ondotik baliteke igaiteko partida erabakigarria ez jokatzea. Arazoa da Frantziako bigarren mailan lehiatzeko 250.000 euro gehiago beharko liratekeela Eta arduradunek ez dute diru zama hori bildu ahal izan.

«Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen»

Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea eta 70garren hamarkadan Garazi ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki jotzen zituela eta neska batzuk sexualki erasotzen eta bortxatzen zituela salatu digu. Azpimarratzekoa da, 1974an salaketa bat pausatu zuela ama batek irakasle horren kontra baina zuriturik atera zela auzitik. Bere burua babesteko anonimotasuna atxikitzeko aholkatu dio abokatuak Beari, horregatik ez du izena eman nahi izan.

Nikolas Blain: «Hirigune Elkargoa lurralde kolektibitate bilakatzea posible da, frantses Konstituzioaren barnean»

Batera plataforma berpizteko Biltzar nagusia larunbatean eginen dute. 2002an sortu zen plataforma hau lau aldarrikapenekin: euskararen ofizialtasuna, laborantza ganbara, euskal unibertsitatea eta euskal departamendua. Azken hori Euskal Hirigune Elkargoaren gauzatzearekin bete zuten. Geroztik lo egon zen mugimendua. Baina orain, instituzioak dituen mugak ikusiz ondoko etapara pasatzeko garaia dela uste dute, Lyonen osatu dute lurralde kolektibitatearen eredutik elikatuz.

Laugarrenez batuko ditu Izpegik Baigorri eta Baztango gazteak

Baztango eta Baigorriko 11 eta 15 urte arteko gazteek beste behin izanen dute elkar ezagutzeko aukera maiatzaren 24an, Izpegitik gertu den Elorrietako lepoan. Aurten laugarren aldiz antolatuko dira bi ibarretako gazteen arteko topaketak, eta ekimena historiaurrearen inguruan ardaztuko da. Bi ibarren arteko harremanak indartzea da topaketa hauen helburu nagusia. Antton Kurutxarri Baigorriko auzapezak azaldu duenez, «instituzio mailan Baztaneko ibarrarekin gerturatzeko pausoak eman dira azken urteotan, baina orain harreman naturalagoak berreskuratu nahi ditugu, egunerokoan galdu direnak». Bere laguntzaile Betti Bidartek gaineratu du gazteekin lan egitea funtsezkoa dela: “jaiegun batzuetan bai elkartzen gira, baina eguneroko harremanak oso eskas dira.” Maiatzaren 24, Izpegin elkartuko dira ibar bakoitzetik jindako hogeina gazte, berrogei orotara, eta oinez abiatuko dira Elorrietako leporantz.Antolatzaileek espero dute parte hartzaileek etorkizunean ere harremanak mantentzea eta elkarrekin aritzea ekitaldi eta elkarteetan. Izena emateko epea maiatzaren 20an bururatuko da, eta interesdunek honako helbidera idatzi behar dute: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it..

Marrubi sasoia untsa abiatu da, aroa lagun

Marrubiaren uzta arrakastatsua izan da aurten. Ekoizpenaren lehenengo zikloan uzta gailurra hunkitu dute baratzezainek. Izan ere, baldintza meteorologiko egokiei esker, ekoizpena linealagoa izan da. Intsektuen erasoari dagokionez, presioa apalagoa izan da, eta horrek landareen osagarria eta fruituen kalitatea mantentzen lagundu du. Ekoizleek intsektuen aurkako neurri prebentiboak hartu dituzte, hala nola, sare babesleak edota intsektu horien predatzaile naturalak baliatzea. Hala ere, klima-aldaketaren ondorioz, intsektuen bizitza zikloa azkartu daiteke, eta horrek mehatxu gehiago ekar ditzake geroan. Egoera horrek etengabeko zaintza eta egokitzapen beharra galdegiten du ekoizleen aldetik. Gariguette marrubi-barietatea frantses estatuko ekoizpenaren %20 inguru osatzen du, eta Ipar Euskal Herrian Lekorneko Gerezieta auzoan ekoizten du Antton Diratxet laborariak.