«Justizia euskararentzat» galdegin du EHEk, Baionako auzitegian

Baionako auzitegiko atarira igan dira Euskal Herrian Euskaraz kolektiboko bi kide astelehen honetan, eta 'Justizia euskararentzat' margoketa egin dute. Frantziako Poliziak atxilotu eta Baionako polizia-etxera eraman dituzte, arratsaldean libre uzteko. Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga dira bi ekintzaileak, eta abenduaren 7an Durangon eginen duten manifestaldian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Metaleria saila lanjerran Angeluko Cantau lizeoan

Cantau lizeoan kexu… Angeluko ikastetxeko Metaleriako Bac Pro saila hesteko xedea du errektoretzat. Bastimendurako obra metalikoak fabrikatzen duen diziplina da metaleria. Bertako erakasle, hautetsiak eta metalgintzako profesionalak elkartu dira astearte goizean erabakia salatzeko. Gaur egun berrgoi ikasle inguruk osatzen dute saila, ondotik lantegietara jauzi egiteko. Adierazi dutenez, gaur egun, formakuntzadun langileak eskas dira; horren adibide da France Travail webgunean 2024ko urrian metalgintzan lanean aritzeko hirurogei lan eskaintza inguru argitaratu zituztela.

Baionako urrezko domina eman diote Xarles Bidegain euskaltzainari

«Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak». Ele horiekin bururatu du bere hitzartzea Xarles Bidegain euskaltzain emerituak. Urrezko medaila eskaini dio Baionako herriko etxeak urteetan euskararentzat eraman duen lana ohoratzeko. Euskararen Nazioarteko egunaz baliatu dira ekitaldia egiteko familia, adiskide eta euskalgintzako ordezkarien artean. Erretretan izanik ere, oraino beste dokumentu eta lan batzuk argitaratzeko dituela iragarri du Bidegainek.

Ihintz Oliden: «Tresnak baditugu, orain baliabideak behar ditugu euskaldun kopuruaren ttipitzea gelditzeko»

Gaueko kurtsoak, formakuntza trinkoak, profesionalak, udako ikastaroak… Helduen euskalduntzeko metodo ezberdinak proposatzen ditu AEKk. Euskararen nazioarteko egun honetan, helduen euskalduntzea argitan jarri nahi izan dugu. Urte osoan 1.300 helduk segitzen dituzte gaueko kurtsoak eta aurten 60 langile formatzen ari dira ibilbide profesional baten baitan.

AEKren xede formakuntzak, euskaraz lan egiteko

AEKk 2004 urtetik proposatzen du xede formakuntza. Kolektibitate, herriko etxe edo egitura publikoetako agenteei zuzendua zaie gehienbat. Urtero berrehun bat ikaslek segitzen dute ibilbidea, lanean euskara baliatzeko helburuarekin. Borondate politikoa agerian bada, ibilbide luzea da langileentzat. Astean hiru orenez ari dira ikasleak eta urtean hiru asteko ikastaroa segitu behar dute. Egitura pribatuetatik ere galdea izan du berriki AEKk, enpresa pribatuetako langileak euskaraz trebatzeko.

 

Kantugintza herrikoiaren geroa aztergai izan dute Baionan

Claudine Arhancet, Mikel Erramouspe edota Marie Hirigoienen parte hartzearekin adibidez, lekukotasun partekatze eta trukaketa momentu bat osatu nahi izan dute Arteen Artean ekimenaren kari antolatu mahai inguru dinamikoan. Kantu herrikoia zertan da? Edo Euskal kantuaren transmisioaren egoera zein den aztertzeko, 9 gomita desberdinen inguruan solasean aritu dira Baionan. Euskal Kultur erakundea eta kontserbatorioa elkarturik, gogoeta bide anitzak jorratu dituzte parte hartzaile desberdinekin. 

Iñaki Etxeleku: «Sexu-abusuak sistemikoak izan dira Betharrameko ikastetxean, epe luzean»

Betharrameko ikastetxean gertatutakoaz elkarrizketa gune bat ireki nahi du Louis Joinet justizia eta demokraziarako institutuak. 1970 eta 2000 urteen artean, Biarnon, Betharrameko Notre Dame ikastetxeko ikasleek bortizkeria sexualak, fisikoak eta psikologikoak jasan zituzten. Lehen salaketak Facebook talde baten bidez jakinarazi ziren, eta horrek lekukotasunen biderkatzea eragin zuen. Gaur egun, 110 biktima inguruk pausatu du salaketa, eta oraino, kasu gehiago agertu daitezkeela uste da. Betharrameko kongregazioa «sexu-abusuen eta indarkeria fisikoaren biktimei laguntzeko prest» agertu da Biktimen eta kongregazioaren arteko lehen topaketa urtarrilean izanen da.

Herriko Haragiak gure sukaldeetara jauzi egin nahi du

%100ean tokian ekoitzitako behikiaren astea antolatu du, hirugarrenez, Herriko Haragiak. 2013 urtean sortu zuten marka hori Ipar Euskal Herrian berean sortutako, hazitako, hildako eta tokian berean kontsumitua izateko ekoitzia den behi haragia balioan emateko, eta gaur egun, hirurehun hazlek osatzen dute. Izan ere, gure lurraldean behiki kontsumoaren %2 baizik ez da tokian ekoizten. Abenduaren 2tik 6ra, Herriko Haragiaren astea ospatuko dute, elkarteko hazleen produktuak ezagutarazteko. Horretarako, hainbat jatetxerekin partaidetzan, Herriko Haragia dastatzeko aukera izanen da astelehenean Ligiko Irrintzina jatetxean, asteartean Mauleko Euskaldunan, asteazkenean Baionako Nuancen, ostegunean Hazparneko La Maison de Pierren, ostiralean Donibane Lohizuneko Erroan eta larunbatean Donibane Lohizuneko Aux Pigeons Blancs jatetxean.

Laborantza produktuendako gutxieneko salneurri finkoak galdegin ditu ELBk

ELB sindikatua zurgin lanetan izan da Baionan. Zurezko zoladura bat eraiki dute suprefetura aitzinean, diru sartze minimoak aldarrikatzeko. Zoru prezioak=irabazi duinak zioen banderola bat eman duten dilindan suprefeturako hesian. Izan ere, ekintza sinboliko honetan, frantsesezko «prix plancher» hitz jokoarekin jolastu dira sindikatuko kideak. ELBk laborariei prezio minimo bat segurtatzea aldarrikatzen du, ekoizlea duinki ordaindua izan dadin. Jakin behar da laborarien %18, pobreziaren heinez petik ordainduak dela hilabetero. Prezio minimo horren gaia Marie Pochon diputatuaren lege proposamen bat da, legebiltzarrean bozkatua udaberrian. Haatik, laborantza ministroak gibelera bota du neurria berriki.