Camille Chopin argazkilariak Altxalili kolektiboko kideen inguruko erakusketa ezarri du Baionan, Atalante zine-gelan. Azaldu duenez, «etsi nahi ez duten eta beren nortasuna konpromisorik gabe bizitzea erabakitzen duten pertsonen erretratua» egin du. Ipar Euskal Herriko herri desberdinetako zortzi gazte dira protagonistak, euskal nortasunari uko egin gabe queer izatea aldarrikatzen dutenak. Pariseko La Pièce blanche galerian estreinatu zuen erakusketa Chopinek.
Sare sozialei buruzko gogoeta kritikoa eramaten ari dira hainbat hedabidek eta erabiltzailek. X sare sozialean egon edo ez? eztabaida ireki dute Berriak, Argiak edota Sud Ouest kazetak. Twitter zenaren bilakaerak arrangura pizten du, Donald Trumpen aldeko propaganda, ideia faxisten edo berri faltsuen hedatze kontrolgabea bultzatzen baitu, bereziki, Elon Munsk enpresariak duela bi urte erosi zuenetik. Egia da ere euskal komunitateak eta euskarazko hedabideek ainitz baliatzen duen sarea dela. 93.000 segitzaile dituen BERRIA egunkariak erabaki du X sarean egotea «euskaldunak informatzeko betebeharrari eusteko» xedez, eta Argia asteakaria oraino barne gogoeta egiten ari da.
Heldu da eguberriko opariak hautatzeko garaia. Azken urteetan anitz emendatu da internet bidezko salmenta, eta horrek tokiko merkataritzari kalte egin dio. Hori dela eta, Iparralde barnealdeko merkatariek kontzientziazio kanpaina abiatu dute Pays Basque au Cœur elkartearekin, herritarrek hurbileko saltegietan egin ditzan eguberriko erosketak. Azken urteetan, opari-txekeak argitaratu ditu elkarteak, enpresek haien langileei eskaintzeko.
Asisko Urmenetaren 'Ni ez naiz sorgina' dokumentala, bidean da. Sugarren Mende liburuaren ondotik dokumental baten egitea pentsatu du artistak ikusirik sorgin ehiza gaia beti aktualitatean dela eta euskal kulturan presente dela. Horretarako, aktore, nazioarteko eta Euskal Herriko aditu ezagunak, historialariak, herrietako ikerlariak eta musikari zenbaitzuk ere parte hartuko dute proiektu horretan. Artista oztibartarrak 2025 urtean estreinatu nahi luke lan berria. Anartean diru biltze kanpaina abiatu dute sarean, eta nieznaizsorgina.eus webgunean egin daitezke ekarpenak.
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin. Eguberriko merkatu solidario, etikoa eta euskaltzalea izanen dela iragarri dute. Hitzorduaren prestatzeko, Etxepare lizeoko merkataritza saileko ikasleen laguntza izan dute.
Xiberoako industria lantegien bisita egin dute seiehun ikasle inguruk, Industriaren Astearen kari. Gazteak industriaren mundura hurbiltzea eta lan-aukerei buruzko aitziniritziak gaindiaraztea helburu duen hitzordu hau, ODACE enpresabu xiberutarren elkarteak eta AZIA elkarteak antolatzen dute. Iragan asteartean, Spi Aero, Donquichosse eta Elkar enpresek, beren jarduera aurkeztu diete Manex Erdozaintzi Etxart, Argia eta Atharratzeko kolegioko ikasleei, baita Sohütako lizeokoei ere. Enpresek beren lan-eremua eta industriaren balioa gazteei erakutsi nahi izan diete, sektoreari buruzko ikuspegi baikorragoa sustatzeko.
Baxe Nafarroko lehen Kopla Topelketa hartuko du Amenduzek, azaroan 30ean. Hamahiru bertsolarik hartuko dute parte: Xan Alkhat, Ramuntxo Christy, Battitt Crouspeyre, Gus Elizondo, Nahia Etxeberri-Lopepe, Elixabet Etxandi, Mizel Mateo, Peio Minhondo, Paul Moal-Darrigade, Jean-Marie Oillarburu, Pettan Prebende, Bittor Thikoipe eta Oier Urreizti. Topaketa eta txapelketa uztartzen dituenKoblaka arituko dira eta publikoak ditu txapeldunak hautatuko. Ekimen horren bidez, bertsolaritza bultzatu nahi dute Baxe Nafarroan, eta bertsolaritzara lotu berri diren gazteak oholtza gainera eraman.
86 etxebizitza sozial berri izanen dira Hendaian hemendik bi urte inguru, Orio auzoan lehen harria eman berri dieten Itsas Talaia eta Orioko Etxeak promozioetan. Lehenak, 51 bizitza sozial eta 34 pribatu Izanen ditu. Bestean berriz 35 etxebizitza publiko izanen dira, horietarik 21 alokairuan. T3 motako etxeak 500 euro baina merkeago eskainiko dituzte bertan alokairuan, 200.000 euro baina guttiagoan salmentan. 86 etxebizitza berri hauek Hendaian behar diren bizitza sozialen %10 baina guttiago dira, 1000 lagun inguru baitira etxebizitza sozial baten esperoan.
60 urteko ibilbideari bukaera ematea erabaki du Benito Lertxundik. Kantari eta musikari gipuzkoarrak iaz Gernikan grabatutako kontzertuaren zuzeneko diskoa aurkeztu du, eta horrekin batera eman du oholtzak uzteko erabakiaren berri. 19 urterekin hasi zen kantagintzan Frankismo garaian, Ez Dok Amairu taldeko kide gisa lehenik, eta bakarka ondotik. Sei hamarkadetan hogei disko argitaratu ditu oriotarrak, eta haren abesti anitz kantu herrikoi bilakatu dira.
- Mattin Lerissak 'Mundu zabalerako' diskoa argitaratu du
- Antton Kurutxarri: «Euskara plazan izan dadin antolatzen du Elkargoak Euskararen urtaroa»
- Piarres Larzabaleko ikasleek, Madag'Azkar elkartea lagundu dute aurten
- Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdi zerbitzua, larrialdian
- Protesta Baionako ospitalean, ordutegien berrantolaketa dela eta
- FSDEA eta JA sindikatuekin bildu dira Iparraldeko hautetsiak, protesten berpiztearen testuinguruan
- Peio Etxeleku: «Gure langileei 11 etxebizitza eskainiko dizkiegu alokairuan, geroan gozamena erosteko aukerarekin»
- Ipar Euskal Herriko Hitzaren azala eta mamia berritu dute
- Berrehun kabala bildu dituzte aurten, Heletako Santa Katalina ferian