Andrée Diarté: «Garrantzitsua da indarkeria matxistaren biktimen inguruan, babes sare bat antolatzea»

Azaroaren 25a, emazteenganako bortizkerien kontrako eguna da. Bortizkeria matxistaren kontra informatzeko, kontzientzia hartzeko eta aldarrikatzeko eguna. Karia horretara, 18:30etan Baionako herriko etxetik abiatuko den manifestaldi batek Lapurdiko hiriburuko karrikak trabeskatuko ditu «Ez bazara konponbidea, arazoa zara» lemapean. Ber tenorean, Itaia emazte antolakundeak elkarretaratzeko deia luzatu du Nafarroa Beherean 18:30etan Larzabaleko biribilgunean, eta Baionan, 20:00etan, merkatuko plazan. Bikotekideen indarkeria pairatu duten emazteen autonomiaren alde lan egiten duen ALBA kolektiboak, 'POV' izenburuko film laburra estreinatuko du Baionako Atalante zinema-gelan, azaroaren 25ean, 18:00etan.

Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu, Bokale, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Hiriburu, Jatsu, Larresoro, Lehuntze, Milafranga, Mugerre, Urruña, Urketa, Uztaritze eta Ziburu. Esperimentazio horren helburua da, herri eta hiri horietako alokairuen gorakada mugatzea eta gehiegizko alokairuak saihestea. Neurriak azaroaren 25etik aitzina izenpetuko diren alokairu-kontratu berriei eraginen die, baita alokatzailea aldatzen den kasuetan ere. Alokairua kalkulatzeko simulagailua sarean eskuragarri ezarri du Euskal Hirigune Elkargoak.

Hazkurri Bankuaren produktu bilketa handia, azaroaren 22tik 24ra

Urteko elkartasun bilketa handiena eginen da asteburu honetan. INSEE ikerketa eta estatistika institutuaren azken datuen arabera, 2022an populazioaren %14,4 pobrezia egoeran zen. Langile klaseko parte handi bat laguntza beharretan da, eta anitzek Hazkurri Bankuaren laguntza ukaiten dute. Asteburu honetan, urteko hazkurri bilketa handiena antolatuko dute. Bereziki, kontserbatzeko errazak diren elikagaiak bilduko dituzte supermerkatu eta enpresetan, hala nola, produktu idorrak edota baitezpadakoak diren higiene produktuak. Ipar Euskal Herrian laguntzaileak xerkatzen dituzte, oraino, azaroaren 22tik 24ra luzatuko den bilketan parte hartzeko.

Erasoen kontrako formakuntza, Xiberoako besta komiteendako

Eraso sexisten eta bortizkeriaren kontrako formakuntza eskainiko die Planning Familial elkarteak Xiberoako besta komiteetako kideei. Alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoa nagusitzen den giroetan, erraztasun handiagoarekin agertzen dira emazteen kontrako bortxaketak, hunkipenak edota jarrera desegokiak, baita bestalarien arteko borrokak ere. Hori dela eta, protokolo bat ezarri zuten plantan iaz Barkoxeko bestetan. Lehenak izan ziren urrats hori eginez, eta orain, gainerako besta komiteetara hedatu nahi litzateke praktika hori. Asteburu honetan, Xiberoako besta komite orotako kideak gomitatuak dira erasoen inguruan kontzientziatu eta protokolo bat nola sortu daitekeen ezagutzera.

Marieniako lurren auzia Euskal Elkargora eraman nahi dute

 Ostia, Cade, Lurzaindia, ELB eta Nahi dugun herriak eztabaida sortu nahi dute heldu den abenduaren 7an iraganen den elkargoko osoko bilkuran. Horretarako elkargoko poloetako hautetsiak konbentzitzen ari dira. Astez batean, 50 hautetsik sustengatzen dute Marienia gai ordenan sartzearen eskakizuna. Oroitu, joan den urriaren 8an, Bordeleko helegite auzitegi administratiboak, elkarteek pausatu Kanboko hirigintza planoaren ezeztatzea gibelera bota zuela. CADE kasaziora jotzeko zereginak egiten ari da. Abenduaren 7an, goizeko 8.30etan elkargoaren bilkura iraganen den lekuan elkarretaratzera deitzen du Marienia ez hunki kolektiboak.

Mugaz gaindiko langileendako informazio jardunaldiak, Euroeskualdearen eskutik

Mugaz gaindiko langile eta enpresentzat informazio egunak antolatu dituzte Hendaiako Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen egoitzan. Mugaz gaindiko langileek edo enpresek lan, zerga eta gizarte arloetako dudak argitzeko espazio bat izanen dute. Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak antolatu ditu Mugaz gaindiko informazio jardunaldi horiek, mugaren bi aldeetako administrazio publikoen laguntzarekin. Jardunaldien xedea bi lurraldeen arteko zerga, gizarte-segurantza, langabezia, lan-eskubide eta erretiroari buruzko funtsezko galderei erantzuteko aukera ematea da. Parte-hartzaileek hainbat erakundetako ordezkariekin hitzordua hartu ahal izango dute beren dudak argitzeko.

Peio Quihialt: «Herritarrak zahartzen ari baitira, gazteei Ligi-Atherein bizitzeko aukera eman nahi diegu»

Ligi-Atherein etxebizitzari loturik diren xede ainitz bidean dira. Herriko etxe gainean bi apartamentu ttipi alokatzen dituzte berrehun eurotan hilean, Apezetxea izeneko eraikina arraberritzen ari dira EPFL lekuko lur eraikigarrien erakundearen laguntzarekin eta bi etxebizitza salgai ezari dituzte 96.000 eta 166.000 eurotan, baita lur eraikigarri bat ere. Horrez gain, hiru enpresa instalatu daitezen, 3.000 metro karratuko gune bat egokitu dute. Egitasmo horiek garatzeko diru-laguntzak ukanen ditu Ligi-Athereiko herriko etxeak beste erakundeengandik. Horri esker, finantzamenduaren %70 segurtaturik dute.

Baionako bi bizitegiren gozamena salgai eman du Etxalde kooperatibak

Etxalde kooperatibak bi apartamenduren gozamena ezarri du salgai, Baionan. Etxe hau herritarrei urteko alokairua eskaintzeko proiektua da, Etxalde kooperatibaren bidez. Baina bi etxebizitzek osatzen duten etxea ez da oraindik arras jabetza kolektiboaren alde lan egiten duen kooperatibarena, eta horren erosteko diru bilketa hasi dute. Eraikina erosteko hainbat herritarrek dirua aitzinatu zioten Etxalderi. Orain, mailegu herritar horren zama itzultzeko, 260.000 euro bildu nahi dute salmentarekin. Baionako bi bizitegi horien gozamena saldurik, jabetza soila Etxalderen eskutan geldituko da, eraikina espekulazio logikatik kanpo utziz.

Migranteen alde mobilizatzeko eta elkartasuna antolatzeko deia

Euskal Herriko eragile ezberdinak Irunen elkartu dira asteazken honetan, migratzaileen eta haien aldeko elkartasunaren kriminalizazioa salatzeko. Emile Zolaren «J’accuse» aldarria bere eginik, muga arrazistak nahiz migrazio politika ankerrak gaitzetsi, eta azken urteetan Bidasoan hildako migratzaileen arduradun izatea leporatu diete frantses eta espainiar gobernuei. Urtarrilaren 26an Ficobatik Hendaiara manifestazioa antolatu dute, eta izenpedura bilketa ere abiatu dute, milaka herritarren sinadurak erdiesteko xedearekin. 2024ko martxoaren 26an, Korrikaren kari, 36 etorkin Lapurdira igarotzen lagundu zieten hainbat pertsonek. Ekintza horren harira, frantses justiziak polizia-etxera deitu zituen zazpi herritar, eta auzibidea ireki zieten. Agerraldian parte hartu duten kideek bere gain hartu dute egun horretako ekinzaren ardura, Etorkinekin-Diakité elkarteko Amaia Fontangek azaldu bezala.