Hamabi oren Marieniako laborantza lurrak babesteko

Hamabi oren Marieniako laborantza lurren defentsan. Ostia kolektiboak egun osoko egitaraua antolatu du larunbat honetan, goizeko 10:00etatik gaueko 22:00 orenak arte. Bertan, mahai inguruak, herri bazkaria, tailerrak, haurrendako tailerrak, ibilaldi aldarrikatzailea, aperitifa eta kontzertuak izanen dira. Marieniako borrokaz interesa duten herritar oro erakarri nahi lituzkete asteburu honetan Kanboko merkatu estalira.

Patxika Alfaro: «Estitxu Robles, Lurdes iriondo eta Maite idirin kantariak argitan eman nahi ditugu»

 

Euskal Herrian aztarna bat utzi duten hiru emazte kantari omenduko dituzte ostiral arrats honetan Baionan: Estitxu Robles-Arangiz, Lurdes Iriondo eta Maite Idirin. Lehenik emazte horien ahotsak entzunen dira, nortzuk ziren esplikatuz eta ondotik Naia Robles, Maialen Alfaro eta Maider Bedaxagarrek emanen dituzte haien kantuak ostiral honetan Baionako Biltxokon.

Peio Iralur: «Laborari batzuendako zaila izaten da zailtasunean direla onartzea»

Zailtasunetan diren laborariak laguntzen ditu SOS Indartu elkarteak. Etxaldeetan diren zaitasunen aitzinean bitartekari lana egiten ahal dute elkarteko kideak uxer baten gisarat; eta horrez gain, laborarien arazo psikologikokiez okupatu dira azken urteetan. Urte hastapeneko manifestaldien ondotik, SOS Indartuk beste hainbat eragilerekin bildu da egoeraren diagnostiko berri bat egiteko eta bere laguntza lana hobetzeko. Eragile horien artean dira Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Arrapitz eta ELB.

Peio Etxeleku, Elkargoko bere kargugabetzeaz: «Ez didate ene burua defendatzeko aukerarik eman»

Jean René Etxegaraik Peio Etxeleku baztertu du Errobi lurraldeko arduretatik. Joan den astean Hirigune Elkargoko buruak jakinarazi zuen poloko hamaika auzapezetatik seik galdegin ziotela Etxeleku ez dadila gehiago erreferente izan, Marieniako lurren harira Kanboko kontseiluan gertatutakoa ez baitu argiki kondenatu. Gutun horren izenpetzaileak Kanbo, Arrangoitze, Ezpeleta, Jatxu, Luhuso eta Zuraideko auzapezak dira. Peio Etxelekuk deitoratzen du ez duela aukerarik izan bere burua defenditzeko. Etxegaraik bere aldetik Elkargoaren funtzionamendua segurtatzeko erabakia hartu duela azpimarratzen du. Etxelekuren kargutik kentzea galdegin duten hautetsien artean, haren talde politikoko bi auzapez badira. 

Hogeitamar emanaldi aurtengo Hendaiako Antzerkiaren Maiatzan

Heldu da Bidasoaldeko karrikako artearen festibal nagusia. Maiatzaren 22tik 26ra iraganen da Antzerkiaren Maiatzaren 39. edizioa. Nagusiki, Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuaren inguruan iraganen dira antzerkiak, eta forma guztietakoak izanen dira antzezlanak, zirkua, dantza, musika edota topaketak tarteko. Antzerki gehienak urririk dira, eta aldi honetan, fokoa ekologian ematen entseatu dira antolatzaileek.

Ahetzeko auzapezak dimisioa emanen du, gehiengoaren babesa galdurik

Haustura Ahetzeko auzapezaren eta haren zerrendako kideen artean. Philippe Elizalde auzapezak dimisioa emanen du ekainaren 10ean. Astearte honetako kontseiluan, Ramuntxo Goihetexe lehen axuantaren kargu gabetzea onartu nahi zuen auzapezak, baina gehiengoko hamar kidek kontra egin dute. Auzapeza eta bere taldearen arteko desadostasunak Elizalderen dimisioa eragin du.Auzapezak azaldu duenez: «erakundeen inguruko kultura eskas dute» hautetsi batzuek, eta «bere buruan zerbitzu buru bezala ikusten dute». Hauteskundeak ekainean errepikatuko dira, eta Elizaldek bere burua berriz aurkeztuko duela iragarri du. Gehiengoko kideek ez dute adierazpenik egin nahi izan. haatik, gutun baten bidez jakinarazi dute auzapezaren egiteko manerarekin ez dutela bat egiten.

Palestinaren aldeko kanpaldia egin du Baionako IAk, Bernart Etxepare lizeoan

Kanpaldia antolatu du Baionako Ikasle Abertzaleak antolakundeak, Bernart Etxepare lizeoan. Palestinaren askatasuna eta Israelgo estatu sionistaren desegitea aldarrikatu dute. Azken asteetan Gazan bizi zuten sarraskia salatzearekin batera, beren ekarpena egin nahi dute ere, mundu mailan errepresioa jasaten duten guziei. Asteartean elkarretaratzea egin ondotik, Palestinak bizi duen gatazka ulertzeko mintzaldia egin zuten ikasleek. Kanpaldia asteazken goizean bururatuko da, baina palestinar herriaren alde mobilizatzen segituko dutela iragarri dute.

Ander Errasti: «Zaila da Carles Puigdemont berriz lehendakari izatea»

Duela astebete alderdi independentista katalanek gehiengoa galdu zuten Kataluniako legebiltzarrean. Ikerketa elektoralek iragarri gisara, PSC alderdia nagusitu zen. Eskuin eta ultra-eskuin espainiarrak ere gorakada ukan zuen. Aldiz, azken lau urteetan gobernuaren gidaritza ukan duen ERC alderdiak gainbehera handia jasan zuen, hamahiru jarleku galduz, eta beraz, Carles Puigdemont lehendakari ohiaren JxCat alderdia gailendu zaio. Gobernua osatzerako tenorean, beraz, oraino ez da argi zein alderdi izanen den akordio azkarrena osatuko duena.

HoBBea, lurraldeko ogi ekologikoa ekoizteko egitasmoa

Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko okin eta gari ekoizleak saretzeko proiektua aurkeztu dute BLE, Biolur eta Hazialdeko elkarteek. Hastetik buru, Euskal Herrian ekoitzi eta kontsumituko litzatekeen ogi ekologikoa bultzatu nahi lukete. Elkarte bakoitzak bere lekua du: alde batetik, BLEk hazien hautaketan parte hartuko du, Hazialdeko elkarteak Nafarroan gaindi diren gari ekoizleei hazi horien ekoizpen saila sustatuko du eta bururatzeko, Gipuzkoako Biolur elkarteko okin taldea ogigintzaz arduratuko da.