Iker Elosegi

2025 ABE. 2

Negu eta denboraz

Egun on entzuleak

Abenduan gira. Istante urteko gau luzeena duen egunean izanen gira.

Batzuetan pentsatzen hasten naiz nolako beldurra ote zuten duela milaka urteko jendeek, negu partean egun argia laburtzen eta gau iluna luzatzen ari zirelarik? Behar bada argiaren partez ilunpean baizik bitzearen beldur ziren?

Bainan fite jiten zaut ezetz, orduko jendea, nahiz eta ez oraiko teknologiarekin bizi,  ez zela baitezpada oraikoa bainan zozoagoa eta lehenagokoen jakitateak eskuratzeko manera bazutela. Hots, bazela jakitatearen transmisio bat. Eta hortaz bazakitela egunak berriz luzatzen hasiko zirela, hau dena ziklo bat dela. Munduan zehar bildu izan diren sineste eta kondairek ziklo horien esplikazioneak edo onartzeko manerak proposatu dituzte, aspalditik.


Pentsa daiteke orduan neguan lan aktibitatea ttipitzen zela, hala beharrez. Orain hain sinpleki argia edo maxinak pizten ditugu, bainan duela mende zunbait ez zuten halakorik...

Oraiko munduan jendeak gau eta egunez ari dira lanean. Eguneko 24 orenetan enpresak ekoizten ari dira. Eguneko 24 orenetan finantza “lanean” ari da, gehienetan guti batzuen aberasteko eta gehiengoaren kaltetan.


Azken 3-4 hamarkadetan denborak sekulako abiadura hartu du gure bizian. Dela informatika, dela internet, direla sare sozialak ... tresna horiek abiadura biderkatzaileak dira bilakatu. Iduri luke jokoz kanpo girela ez badugu istantean arraposturik emaiten, maiz zentzu guti duten galderer gainera...

COVID denboran denbora “gelditu” egin zen ainitzendako. Nago ondotik ez ote den abiadura handiagoan abiatu.

Beti fiteago, bainan noiz arte eta nora joaiteko?

Hara neguko lagunen arteko solasgai bat, supazterrean goxoan luzatzeko...

Egon pixkor eta ondoko urte arte!

Beste iritziak entzun