Usaiaz kanpoko igandea
Usaiaz kanpoko asteburua, usaiaz kanpoko denbora librea eta igandea pasatzeko usaiaz kanpoko parada. Iragan berri duzu auzo-herriko plazan, afixa berezia – usaiaz kanpokoa – ikusten duzu. Eskuz egina, etxekoz etxeko, arras soila, espanturik batere gabekoa da. Komunikazio eraginkor hedatu profesionalatik baino gehiago abisutik badu. Gomita berezi bezalako bat iduri du : irakurtzera heltzen dena jin dadila! Delako afixak biharamunean iraganen den halako merkatu baten berri ematen du, demagun numismatika azoka baten berri. Hain zuzen, etxean badituzu izan, monera interesgarri zenbait saldu, erakutsi ala trukatu nahia, zendako ez biharamunean feria horretara joan ? Ez bat ez bi, agertuko zirela erabakitzen duzu.
Goizak berotzen hasia du eta horra hor zu plazan, demagun numismatika zaleen arteratua. Zein baino zein pieza ederragoak dituzte azokako jendeek eta han zabiltza zu, horri so, besteaz harritua, historiaz lehenik, bildumazaleen pasioaz ondotik, zure baitarako gogoetan. Jendeen arteko solasak goxoak dira, konplizitateak eta irri karkailek leku handia dute, giroa arras gustagarri zaizu. Pieza bakoitzak istorio bat du eta zuk istorioak maite. Gogotsu entzuten dituzu. Aurkikuntza lehenik, eskuratzea ondotik, konpontzea, artatzea, bildumaratzea eta jendeeri partekatzea ondotik, mila abenturetan ibili eta ibiltzen dira bildumazaleak.
Halako batean, zintzurraren freskatzeko gogoa jin zaizu eta edantegi xumera hurbildu zira. Edariak zenbat balio duen galdegin eta mahaiaren gibeletik freskagailura eskua luzatuz zerbitzariak : ezetz, ez nuela deus ere zor. Ni harritua, sesitua, nire burumuinak « bug » erraldoia egiten zidala. Nolaz ? Ezetz, baizik eta pasionatu multzo bat direla, denek zerbait ekarri eta denen artean jatekoa eta edatekoa partekatzen dutela eta … Ados, bainan, nik ez baitnuen deus ere ekarri ! Gustuan egoiteko, ixtante plantxa berotuko zutela eta haiekin bazkaiten gelditzea aski nuela ! Platanondoen itzalak, ele eskuzabalak eta bildumazaleen karrak lekzio handiko igande beroa eskaini didate.
Hasteko, ezezagunek halako largotasuna erakutsi izanak harri eta zur utzi eta, zinez poztu nau. « Eman eta zabal ezazu » jendeen arteko harremana naturala dela enpirikoki egiaztatu izan banu bezala. Bestalde, halako konfiantza giroan bapatean ohartu naiz defentsiban egoteko arrazoin guztiak desagertzen zitzaizkidala. Fini pentsatzea moltsan aski dirurik ez dudala, halako horrek ez duela nire erran hori onartuko, besteek bezala egin ez dudala leporatua izanen zaidala... Ongi etorri ele bakar batek zenbateko lasaitasuna eman dezakeen !
Eta ohartu naiz bata bestetik zein ezberdinak ziren hara bildu emazte eta gizon guztiak. Adinez, gorputzez, osagarriz, kezkez, hizkuntzaz, kulturaz, iraganaz, maila sozialez arras ezberak ziren den-denak. Eta ziur naiz pentsakeraz eta mundu ikuskeraz ere, arras bat bestetik bereiz izan behar direla. Euskal Herrian eta besta hainbat lekutan ere, badakigu jendeek zerbait amankomunean eraikitzeko bat egitea zein baliotsua den. Zailago da haatik, interes izkuturik gabe, partekatzeari lehentasuna emanik aritzea eta oroz gainetik, ezezagunari atea beti zabalik atxikitzea. Anartean, numismatika zaletasuna piztu zait eta datorren urteko hitzordura zare bat edariz eta janariz beterik agertuko naiz auzo-herriko plazara, igande pasa.