Itxaro Borda

2026 MAR. 11

Euskara denetarako

Euskara, denetarako

 

Itxaro Borda naiz, idazlea eta hilabetean behin predikuño bat harilkatzen dut Euskal Irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai, eta gaur, kuriositatea pizten duen liburu batez arituko naiz. Gure artean hainbat jendek burn-out delakoak jasan dituzte, gordean, eritasun ahalketsuak balira bezala. Durangoko azokan atera den Iratxe Etxebarriaren liburuak su horretatik nola atera den kontatzen digu.

 

Euskaraz irakurtzen dugunean, irakur-eremu hertsia dugula onartu behar dugu: literatura, poesia, narrazioak, ikerketa literario bat edo beste, deus gehiagorik ez, norberak bere burua laguntzeko lanik ez, autobiografiarik ez, people istorioekiko aldizkaririk ez bistan dena, kirolaz idatzi edo liburu teknikorik ere ez. Alde horretatik, adibidez, Tao lezioak hartzeko inguratzen gaituzten hizkuntzetara pasatzera behartuak gara. Katalanek, suertea dute, Gisele Pelicoten memoriak jada, beraien hizkuntzan leitzen ahal dituztelako.

 

Ez dakit goizeko zazpiak eta erditan aipatzekoa den 1979an Diman sortu Iratxe Etxebarriaren 7300 miligramo eszitalopram izeneko auto-laguntza liburua. Idazlea kazetaria izan da, lanpetua, EITBko kateetan, Palestinan, Bruselan, Nepalen, mundua sutan zegoen leku guzietan, eta orain, bere burn-out delakoa gainditurik, eman ditu urteak horretan, osagarri mental prozesuetan espezializatu entrenatzaile emozional gisa ari da, bere kontsulta propioa Bilbon irekirik. Coach berriak burn-out egitea krak baten moldean azaltzen du, garunak orduan egiazki krak egiten duelako.

 

Liburua auto-ediziotan plazaratu zuen, gorago aipatzen nuen euskal sistema editorialaren ezintasunagatik agian. Edo libreago izateko ere, izan daiteke. Bere alabari zuzendua da, lanagatik berarengandik urrun egoteagatik barkamendu galdatzeko bezala. Bere sendabidearen urratsak azaltzen dizkigu, nola pasatu den erremedio kimikoak ausarki irenstetik, mindfullness, meditazio eta yoga egitera, bere barne oreka berreskuratze aldera!

 

Biziki interesgarria da euskaraz holako liburuak irakurtzea, gure inguruan hainbat jendek krak egin duelako, guhaurk ere modu berezi batez, eta frankotan hitzak, euskaraz bederen, eskas izan ditugulako gauza horien errateko. Euskarak beti gai beretara asignatzen gaitu, laborantza, bertsolaritza, heldu zaigun korrika… baina menturaz, bizitasun gehigarria emango genioke usaian euskaraz jorratzen ez diren gaiak ere tratatzen bagenitu.

 

Egun ona zuri, entzule, eta euskara xixta bat goizean goizetik...

 

Itxaro Borda

Beste iritziak entzun