Itxaro Borda

2025 AZA. 5

Ez gira elgar ezagutzen

EZ DUGU ELGAR EZAGUTZEN

 

         

Itxaro Borda naiz, idazlea eta hilabetean behin predikuño bat harilkatzen dut Euskal Irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai, eta gaur, aipatuko dut Frantzia mailako beste eskualde-kulturetan ari diren idazle eta musikariak nola ez ditugun gehiago ezagutzen, denbora batean bretainiarrak, korsikarrak edo okzitaniarrak beti gure artean zirelarik.

 

Iragan egun batez, Youtube katean nenbilen zerbait pizgarriren bila, eta hara non Matmatah Bresteko rock taldearen Lambé An dro kantu ospetsuaren bideorako bidea aurkitu nuen: entzuteko prest zegoen hor, aski nuen klik egitea. Eta oroitu nintzen gazte ginen denboretan, besteak beste, Aiherrako kontzertuetan edo Urdiñarbeko müsikaren egün memorableetan -agur bat zuri Llargo, Baionatik- agertzen ziren taula gainetan Brenda Wooton, Glenmor, Claudi Marti, I Muvrini, edo Lluis Llach, izen batzuk baizik ez aipatzeko.

 

Literaturara pasatuz, bi emazte poeta izendatuko nituzke, gizonak direlako beti oroitzen. Angela Duval bretainiarra eta Marcella Delpastre limusin eskualdekoa, biak laborarisa ezkongabeak: handiak dira, erraldoiak, beren bilduma elebidunei esker euskaldunok ere gozatzen ahal ditugunak. Hori baita, hondar hamarkada hauetan galdu duguna, elkarren ezagutza transbertsala, menturaz ez dugulako begi onez ikusten frantses hizkuntza bitartekari izan daitekeela onartzea. Egunkarian berritan irakurri dudan bezala: frantsesari ematen zaion minutu bakoitza euskarari kentzen zaio. Ez dakit hala denez, baina gure haurride bretainiar edo katalanekiko harremana galtzen ari gara, hori argi dago.

 

Hunkigarriak dira Ramoneurs de menhirs taldekoak Louise Ebrel abeslari adinekoarekin ari direlarik, demagun manifestadeg evit brezhoneg jendetsuen karietara kan ha diskan abestiak ematen. Edo Nadauko bearnesak, Baionako kontzertu gelarik handienak betetzen dituztenean, Patrick Bruelek lortzen ez duena! Egia da, aitzineko festibalak eta kontzertu jendetsuak ez direla gehiago programatzen, urtean behineko Arberatzeko EHZ famatua salbu. Beste ospakizunak, intimoagoak dira, world musika gutartera ekartzen duen Errobiko festibala konparazione.

 

Ez da bakarrik euskaldunon hoberena, beste herrialdeetan ere joan zaie elkarrenganako su hura, kuriositate hura. Duela gutxi, haatik, Patxi Garat eta Ane Etxegoienen Kcanta proiektuaren berri ukan dugu, irrati-kate nazionaletan eskualde musika gehiago pasa dezaten galdatuz. Bretxa bat ireki nahi lukete.

 

Arren entzule, ez ahantz zoriontsu bizitzea, musika entzunez!

 

Beste iritziak entzun