Itxaro Borda

2026 API. 8

Klasikoak zertarako?

Klasikoak zertarako?

 

Itxaro Borda naiz, idazlea eta hilabetean behin predikuño bat harilkatzen dut Euskal Irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai, eta gaur, kuriositatea pizten duen liburu batez arituko naiz. Herenegun Jon Casenavek Saran presentatu zuen “Euskal klasikoen bila” izeneko liburua aipatuko dut goiz honetan, ea klasikoekin -edo klasikorik gabe?- bizitzen ikasten dugun!

 

“Autore zaharrak zertarako?” egiten du galde, azalean bertan, Jon Casenave irakasle ohi heletarrak. Euskal literaturaren historiografia lantzen du, liburuak dituen kasik ehun eta hogei orrialdeetan. Gisa horretako lanetan, gainera, interes berezia pizten du azken hostoetan garatzen den bibliografia mamitsuak. Argi eta garbi izkiriatua da, euskarazko literaturan gustua duen edonork, eta bereziki ikasleek eta estudianteek gozoki irakur dezaten.

 

Mosen Bernat Etxepareren denboratik gaur arte, hamabost bat idazle izen sartu dira kanonaren moldatzeko zerrendetan, zerrenda egileen ikus puntuen arabera bistan dena: egilea apeza izan ala ez, frantses edo espainol ereduak zein diren jakin ala ez, eredu hauei egokitzeko saioak egin ala ez … faktore asko sartzen da osaketa horietan! Bestalde, lista hauetan, elizaz ongi mintzo direnak kausitu dira, ondoko mendean horiek denak baztertu direla, Etxepare bien kasuan bezala, sexua sobera gordinki agertzen zutenak barne! Baina Axular izan da, egundainokoan, estanka baten parekoa, apeza eta estilista paregabea zelako agian!

 

          Zergatik ditugu klasikoak? Bakarrik inguratzen gaituzten estatuek klasiko ospetsuak dituztelako? Haien mailara hupatzeko? Gure literaturaren bilakaera historikoa ezagutzeko? Euskararen inguruko eztabaidez oroitzeko, eta zorionez, debadioek beti bizirik diraute, gaur egun, azterketak, politika, soziologia edo ekonomiaren aldetik ere egiten direlako, Mitxelenaren, Sarasolaren edo Torrealdairen ikerketak hor ditugula adibide.

 

          Jon Casenavek klasikoen premiaz egiten digu galdera, denbora hurbil bateko interesaren goren gradua edo sua apaltzen ari dela iruditzen zaiolako. Euskarazko literatura merkatu bat bihurtu da, lauzpabost idazle garaikideen obrak esportatzen dira eta idazleak plazaratu orduko, sistemak klasiko egiten dituelako. Haatik, hori ere azpimarratuko dugu, zerrenda horietan, emazte idazlerik ez dago, klasikotasuna ez bide delako femeninoan konjugatzen, ez bederen gure hamarkada hauetan!

 

Arren entzule, izpiritua atxik argi, eta egun ederra zuri…

Beste iritziak entzun