Itziar Madina

2026 API. 14

Turismoaz

Turismoaz, aisialdiaz eta Sozietate Industrialaz

Turismoa, desazkundera bidaia deitzen da Asier Basurto Arrutiren liburua, Argia argitaletxeak apiril hastapenean plazaratua. Liburuaren iruzkina baino gehiago, gaiak pizten dauzkidan zenbait gogoeta lerrokatu nahi nituzke hemen, eztabaidagai gisa, turismoaren jorragaiaren eta liburuaren edukinarekin solasean bezala.

Zer da turismoa ?  Fenomeno historiko eta soziologiko gisa hartzea proposatzen dut. Turismoa Sozietate Industrialari loturik agertzen da. XIX. Mende bukaeratik hara, langileek lan-denbora onargarriaren alde kapitalisten irabazi-gosearen kontra gogorki borrokatu eta, « opor ordainduak » kausituz joan ziren. Europan, lanaren gaineko denbora-irabazte horiek XX.mende lehen erdialdean gauzatu zirela. Frantzian, ezin famatuagoak dira 1936ko « greba alaiak », zeintan lantokien okupazio masiboen ondotik, bi astez lanetik gelditzeko eta ordainduak izateko eskubidea kausitu baitzuten langileek. 1936ko ekainean, lantokietako alienazioatik ihes, trumilka abiatu ziren langileak treinez ala bizikletaz hiritik urrun, natura eta aisia helburu. Esplotakuntza hautsi zuten, denbora libreaz gozatzeko eskubidea irabazi zuten.

Bai, bainan laster, beste katinatze mota batera iraganen ziren. Langileen lanari nola, haien aisialdiari ere etekina ateratzen baitio kontsumo-sozietateak ! Bitxo ederra da gero, irabazietan begia zorrozki emana. Denbora librea nahi bazuen, langileak ukanen zuen. Bigarren Munduko Gerla eta geroko sarraskia ekonomikoki doi bat antolaturik, han eta hor, Kapitalak opor-gune hautatu zituen eskualde zenbait. Honek iduzkia, besteak ondarea, hurrengoak nik dakita... Denek ere lekuko garapen ekonomikoa xede zuten eta leku xoragarri haiek gure langileria soilaren aisialdia segurtatuko zuten.

Ordurako haatik, oporretara abiatzeko bizikleta eta treina ahantziak ziren eta haien lekua hartua zuen autoak, nasaiki. Hamarkada batzuk eta gero, hegazkinak azkarki lagunduko zuelarik. Masiboki antolatu aisialdia, hau da, turismoa sortu bazen sortu zen, errotu zen eta dirua milioika mugitzen hasi zen. Gaur, turismoak Munduko Barne Produktu Gordinaren % 10etik hurbileko diru-zamaren pizua du. Autogintzaren, petrolioaren ala agroalimentarioaren industriak baino gehiago balio du.

Asier Basurto Arrutik oroitarazten du turismoaren industria ekonomikoki hustiatzailea dela eta ondorioz, lanjerosa. Hastapenean tokiko kapitala izan ohi da inbertsio egilea.  Haatik, leku batek arrakasta kausitzen badu, orduan nazioarteko kapitala da sartzen eta horrek azken ttanttaraino xurgatzen du leku turistikoaren erakar-indarra. Industria estraktibistarekin konparatuz, meategi baten gisan hustu eta kusku hutsa utziko du, beldurrik gabe. Bestalde, turismoaren industria munduko ekonomian gertatzen diren gorabeherei loturik da eta alde horretatik, hauskorra da. Denek ezagutzen ditugu bestalde, turismoak sortzen dituen sasoineko lanaldi prekarioak eta baldintza txarrak. Edo eta, turismoak etxebizitzen alokairuen nolako prezio jasanezinak inposatzen dizkion lekuko jendeari. Ahantzi gabe, turismoaren industriak ikaragarriko kaltea egiten diola ingurumenari (garraioen kutsadura, azpiegituren eraikitze beharra, uren kutsadura, eta beste).

Eta azken bat, bideko. Asier Basurtok turismoaren kutsu kolonialista azpimarratzen du. Segurki, gu Tunisiara, Marrokara, Senegalera ala Malira joan gaitezke joan-jin, goxoki. Hango biztanle pobreek aldiz... Saharako basamortua eta Mediterraneo itsasoa haien patu gordinaren lekuko isilak dira...

 

Beraz, Sozietate Industrialak bortxazko lana ekarri zuen, hartaz libratzeko gure denbora erosi beharra, ustezko denbora libre hori diruaren menpeko merkantilizazioa... Iduri luke turismoaz gogoetatzea  Sozietate Industrialaz gogoetatzea dela, laster hor dugun udan – etxetik mugitu gabe ala etxetik mugitu aitzin – ala urte guzirako on laikeen ariketa, dudarik gabe.

Beste iritziak entzun