Itxaro Borda

2026 MAI. 6

Lauaxeta saindutua

Itxaro Borda naiz, idazlea, eta hilabetean behin kronika bat eskaintzen dut euskal

irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai eta goiz honetan, Jon Kortazar irakasle

ezagunak, Pamiela etxean, iragan Durangoko azokaren karietara publikatuko zuen

Esteban Urkiaga, Lauaxeta, Poesia, artea, ideologia liburua dut aipatuko.

Moda den ala ez, ez dakit, baina bada azken hamarkada hauetan halako tirria bat

idazle klasikoen biografiak sakonduz sortu liburuak plazaratzeko. Gogoan dugu,

besteak beste, Kepa Altonagaren Jean Etxepare medikuari buruzko suma, edo gaur

esku artean dugun Lauaxetari buruzkoa, Jon Kortazar bilbotar irakaslearen eskutik.

Lauaxeta mito bilakatua da gure artean, Mirandek ez bezala posteritate mediatiko du,

eta positiboa gainera, Eusko Alderdi Jeltzaleko propaganda arduraduna izan baitzen,

Ertzaina neologismoaren asmatzailea 1936ko gerla zibilaren denboran, eta

Gernikako bonbardaketaren biharamunean hirian bertan preso hartu eta ondoko

ekainaren 25ean frankistek fusilatu zuten Gasteizen. Federico Garcia Llorcarekin

parekatzeko ohitura dugu, biak poetak zirelako menturaz... eta poeta paregabeak

bistan dena!

Jon Kortazarren lana artikulu bilduma bat da, bi partetan banatua: kultura sistemek,

txikiek edo handiek berdin, pertsonaia zehatz batzuk, ez beti heroiak, mitifikatzeko

eta saindutzeko dituzten baliabideak argi uzten ditu ikerlariak. Lehen zatian, Artea,

ideologia izenekoan, Lizardiren eta Lauaxetaren memorien inguruan ari da irakaslea,

bigarrenaren itzala oraindik ere nabaritzen dela bizi-bizia gure artean, ti-xirtetan,

orrialde markatzaileetan, kikeretan, diskoetan “dana emon biar yako matte dan

askatasunari” lema errepikatuz etengabe. Bigarren partean, euskal literatura

sistemak bereziki Lauaxeta santu kultural egiteko mekanismoak jorratzen ditu, bere

sortzearen edo fusilatzearen urteburuak ospatzearen karietara, Bilbon edo Mungian,

Mungia baitzen poetaren sor lekuan. Erakusten du hor herriek eta hiriek idazle baten

izena turismo kulturala sustatzeko erabiltzen ahal dutela, Garazi eta Hergarai aldean

demagun,Bernat Etxeparerekin egiten ahal litekeen bezala.

Artikulu bakoitzaren bukaeran zerrendatzen den bibliografiak, ikertzeko bidean

aitzinago joateko gonbita bat da, bereziki Lauaxetaren Arrats beran eta Bide barrijak

poesia bildumak irakurtzeko edo ber irakurtzeko dei bat. Amaiur gaztelu baltzaren

koplak ezagunak dira, belarrian ditugu, Antton Valverdek, Imanolek edo Pettik

kantarien ahotsez.

Hara,doala lau haizeetara gaurko hitza ere, eta egun on zuri, entzule, profita ezazu

maiatz eder honetaz...

Itxaro Borda

Beste iritziak entzun