Memoria anitzak
Itxaro Borda naiz, idazlea, eta hilabetean behin kronika bat eskaintzen dut euskal irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai eta goiz honetan, Elkar argitaletxearen eskutik datorkigun Yurre Ugarte idazlearen Harakinen alaba nobelaz arituko naiz, aurtengo kronika-sasoiko ene azken aldi honetan!
Ehun eta berrogeita hamar orrialdeko eleberria da 1965ean Gipuzkoako Tolosan sortu Yurre Ugartek eskaintzen diguna. Iragan abenduko Durangoko azokaren karietara plazaratu zuen, eta geroztik, egia da, bere bidea egiten ari dela. Yurre Ugarte, ipuingintzan eta euskal zinemaren munduan ibili da, adibidez Goenkaleko gidoigile 90 hamarkadan, eta nobela grafiko zenbaiten egile ere bai hondar urteotan. Ingalaterran ikasi zuen parte batez, eta, esku artean dugun lan honek baduela ingeles aire bat duela aitortuko dugu bere barnean dakarren ironia so British inpertinante horrekin. Ahantzi gabe film dirty baten egitura ere duela...
Memoriaren ganbara ezberdinak ditu aztergai nobela honek, memoria indibidualak, kolektiboak, familia mailakoak, hurbilak, urrunak, isilduak, aitortuak, aitorrezinak, zokoratuak. Fikzioko Alex Garmendia andere gaztea da narratzailea, lehen pertsonan, Harakinen alaba da berez, gidoigilea, Netflixen agertzeko serieak egiteko. Covidak eraman gurasoen herentzia intelektuala zirikatzen dabil, gainerako lan guziak utzi eta halako urgentzia batean familia sekretuetan sartzen saiatuko da, bakartasunik handienean, norberaren historia berreskuratzeko memoria horien ilunpe mingarriak oro zeharkatu behar balira bezala.
Idazkuntzaren baitako fede aitormen batekin finitzen da nobela, happy end batez beraz, amaren mamua inbokatu eta horrekin baketu orduko : “segi idazten, saroi batetik edo putzu sakon batetik, segi. Zirkuluak hurrupatu aurretik, ernatu.” Funtsean ez baita oroitzen saiatzeaz beste egitekorik, fikzioaren eremuan eta errealitatean. Nobela honetan maite dudana? Idazketaren bizitasuna, ironia eta batzuetan sarkasmoa, soinu-banda ere, bai eta literaturaren memoriari buruzko aipamenak. Besteak beste.
Uda hor dugu, bertan, berehala, eta beharbada, entzule, Harakinen alaba izeneko liburu hau udako irakurgaien zerrendan sar dezazun gomendatuko nizuke, momentu on bat pasatuko duzu eta ohartuko zara literaturak baduela bere freskagarri indarra kanpoan bero handiak egiten dituenean...
Egun ona zuri entzule eta agian heldu den urria arte? Nork daki!
Itxaro Borda