Xan Aire

2026 EKA. 10

Etxeko andere maitea

Etxeko andere maitea,

Goizean ere, eguerdiko salda furnego gainean egiten ari den artean, ordenagailuan doi bat ibiltzea onartu diozu, ahapetik, zure buruari: boncoinen lekuko etxerik ba ote den salgai, konduak bankuan beteak direla segurtatu, zure emailetan bazabiltza orai kezka ttipi batekin: Ameriketako ahizpak errana zizun jinen zela, bainan berririk ez dizu eman.

Kolpez oroitu zira semeak gomendatu zizula SPAM delakoetan artetan ibiltzea… eta hantxe atxeman dituzu ahizparen bospasei mezu: azkenak dio “Marie-Jeanne eta etxeko maiteak, hitzartu bezala herriko besten estakuruan jinen gaitun 10ean, gaztiga ezan zerbait, plazer badun, Annie…” 10ean?! Bainan gaur da! Hotz-ikara batez hetsi dituzu emailak eta tuntuntun uh! Etxeko ateak saltarazi zaitu.

Ez da posible, haiek dira, jadanik hor eta heeeeeei!  Bai Annie ahizpa hortxe agertu zaizu sarguian. “Ene emailak ukan dituna?” Zuk bistan dena, bainan tresna horren martxarazten ez dakinat gaixoa, aitzina, aitzina! Eta, esperantza poxi batez: “Bakarrik haiza?” “Ez, ez: ez dinat oraino bide bazterrean utzi!”.

Kanpotik heldu zaizu Albert koinataren boza: “Oh shit, mekauen! Hau auto konkorra! Frantzia guzian ez dutela pick-up bat ere alokatzeko! Bazaizuia hori, Mari-Jeanne? Zer diozu maitea, untsa zirea?” Ba, ba, ez zu bezain untsa haatik! Alafe, duela bortz urteko bisitan triparen heineko papatsa bazuen ere, oraingoan xarmanteko titi pare batekin agertu zaizu Albert, bere matelak bezain borobilak, bi maleten tiratzen. Iduritu zaizu sudur punta ere doi bat goititu zaiola.

“Bon, etxea badago xutik?” Gaur artio, ba, sar zaitez! “Ez da guti. Hortxeko traktore hori semearena duzu?” Ba… “Nik baditut horrelako lau, eta hori baino aisa ere handiagoak!” Albert, please, ez zaitezela has! Annie kexatzen hasteko artean, horien puskak ganbarara eraman dituzu. Beharrik etxea pinpinan atxikitzen duzula, zola ziraturik, errautsak eginik, eta ohe garbi-garbiak.

Bon, aisa jin zareteia? Galdegin eta “Oh ya! Aisa ba, kasik errexegi! Frantziak muga horiek behar lituzke hobeki zaindu!” Albert… “Ze, oh shit, hala da emaztekia, ixtante ez dute lanik hemen! Guk mexikanoekin bezala!” Ah baia? Ta zuk ez zeniona lana norbaiti kendu Kalifornian? “Ze? Oh, no! You know, ez da berdin!”. Gaizo Albert, sorterri berekoak zarete, bainan gradutan dago orai; horretarako ere ez duzu huts egiten. Ale zatozte, etxeko salda xorta bat hartuko dugu. Annie kontentxko da, eta holaxe joaten zaizue lehen eguna.

Biharamunean, besta igande. Zinpiti-zanpata klikaren soinuan, Albert aitzinean heltzen zarete plazara. Ostatu izkinean, “Beha ezak, beha ezak, Albert Xoko! Hemengo aldi?” “Oh, son of the bitch, Graxien Xilo! Haugi trago bat, come on!” Eta hor, badakizu ez duzuela Albert arratsa arte ikusiko. Ihizi solas hasten dira, hemengoak ez dela gehiago deus pasatzen desentinaturik, eta Albertek, tragoak pagatuz ta pagatuz bezala, Mexikoko balentria kondan, nola kaktus baten gibelean jarririk egunean 200 tortoila botatzen dituen. “Pagatzen badituk, gisakoak dituk, oh ya!”.

Ilunabarrean, gazteak talo erretzen hasten dira, orkestrak “Nevadara joan nintzen” jotzen du, bi ahizpak dantzan hasten zarete, itzul-itzul, gizonak orroaz kantuz, Albertek tragoak eta taloak paga eta paga, Amentsaren lana…

Albert mututurik gelditzen da, gorri-beltzatua, taloa zintzurrean kokaturik lurrean etzaten da. Gizonak ez dira mugitzen, Annie xifriturik, orduan zuk deliberatzen duzu Alberten tripa gainere jauzi egitea! Talo ez aski errea buxona bezala jauzten zaio ahotik.

“Oh shit! Zure salda nahiago dut, Marie-Jeanne!”

Gaizo Albert. Den bezalakoa bilakatu da han, bainan maitexko duzu. Etxekoen goxatzeko garaia da!

Beste iritziak entzun