URTEA ONGI HASTEKO BIDEA
Itxaro Borda naiz, idazlea eta hilabetean behin predikuño bat harilkatzen dut Euskal Irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai, eta gaur, kuriositatea pizten duen idazle batez arituko naiz. Baina lehen lehenik, urte berri on eta zoriontsua nahi nioke, tenore honetan, axuriez eta antxuez axolatzen den entzule-artzain bakoitzari desiratu, ardiak deizteko behar duten pazientzia goretsiz, gure merkatuetan edo etxaldeetan zuzenean erosten ahal ditugun gasna gozagarriak biltzeko gero!
Bego erranik, eta goazen harira. Durangoko azokan Elkar etxeak plazaratu du Mikel Soto iruindarrak idatzi Mirande, herriminez, ezin-minez izeneko ikerketa liburu lodixka. Tene Mujika bekar ukan zuen bere lan erraldoia burura eramateko, eta hor daukagu esku artean, Mirandez jakin nahi dugun guzia jakiteko moduan. XX. mendeko idazlea zen zuberotar jatorriko izkiriatzaile paristarra. Hori diodalarik, erran nahi dut XX. mendeko eskuin muturreko ideologia totalitarioen zalea, segitzailea eta sineslea izan zela, hori dudarik gabe, baina dagoeneko idazlea eta gizakia bereizten ikasi dugunez, idazle handia zela ezin uka. Batzuen irudiz idazle bikaina eta ausarta izateak bere nazismoa estali beharko luke, besteen gostuz aldiz, nazismoak idazlea pintxetekin hartzeko autore bat dela argi uzten duela.
Eta garai batean, hori zen euskal herriko feministen irudipena: Mirande, mesfidatz! Misogino antza agertzen zaigu gutun pertsonal askotan, homofobo eta arrazista gisa ere bai. Bizitzaren hondarrera Euskal herriaz aspertua zen, ahulegia, emeegia, elizkoiegia aurkitzen zuelako. Beharbada arrazoiekin. Baina, hondar urte hauetan, Mirande begi berriz ikustera eramaten gaituzte hainbat tesiak, bai eta esku artean dugun Mikel Sotoren liburuak. Ez da errehabilitazioa, ez da fazista baten zuritzea, baina bakarretan badu horretatik ere. Normalean, gure herrian eta euskaraz, faxistak salatzen, saihesten eta memorietatik kanporatzen dira. Eztabaidek segitzen dute hargatik, eta nobela beltz baten maneran leitzen den Mikel Sotoren liburuak ekartzen dituen Miranden harreman zeltikoen inguruko xehetasunak eta gaineratikoak pasionanteak dira.
Bistan dena, ez da Miranderen literatura baztertzeko ordua, bere garaikoak eta bere ideologia naziaren araberakoak direla oroitaraztekoa baizik. Gaurko idazle batek Miranderen arrazakeria eta misoginiaren laurden erdia lukeen testua publikatuko balu, aspaldian gaitzetsia liteke, petizio eta guzi! Bi pisu, bi neurri, interesgarria, asko erraten baitu egungo euskal gizarteari buruz. Irakurtzekoa, derrigorrez.
Bitartean, egun ona zuri entzule, bururik hautsi gabe haatik !