Paradoxa etikoez
Urtea bururatzeari buruz doa, emeki, segurki. Goxoki amaitzera doanik, ezin erran, haatik. Noranahi so egin eta ere, gatazkak eta kalapitak ikusten ditugu. Miseria, gerla, bortxa eta gosea... Mundua mundu denetik gerlak beti direla eta jendeak pairamenean, han eta hemen... Ahaldunen solasa, solasa xuritzailea.
« Paradoxa etikoaz » mintzatzen entzun nuen euskal kazetari bat, duela gutxi, 2025eko nazioarteko gorabeheren bilduma – bilduma odoltsua – egiten zuela. Paradoxa etikoa ala dilema etikoa, hautu bat baino gehiago izan eta bat ere etikoki onargarri ez izatea da. Hots, paradoxa etikoak izpirituak kokaturik, aterabide onartezinen artean trenkatu ezinik, loturik aurkitzen garen unea seinalatzen digu.
Paradoxa etikoetan bat : Palestinan gertatzen dena. Genozidioa, milaka Bataclanen heineko jende-sarraski etengabe hori, demokrazia deituriko sistema batez eratu estatu batek populazio zibilaren aurka egina, demokrazia deituriko sistema batez eratu beste estatu batzuetako enpresa batzuek ekoitzi armekin, mundu osoko kamerek grabatua, garbituak izan ez diren kazetariek, zinegileek eta zibilek dokumentatua. Ez gaitezke ezjakinak izan. Jakinean gira. Eta zer ari gira ? Maitea musukatzeari, gatua perekatzeari ala telesail berriari lotzen gatzaizkio. Alta, ordezkari politikoak, sindikalak, kulturalak ala beste hunki genitzake. Grebara dei genezake, kexa gintezke, artea sor genezake... Arma langintza sala genezake, goi mailako teknologia gaitzes genezake... Oldar gintezke...
Basa animalia jazarri ohi da, akulaturik delarik. Nago hezkuntzak ala domestikazioak indar gaitza duela « Jende » deitzen gaituztenon baitan. Beharrik ator horiak duela zenbait urte, inguramen zaleak bestalde, laborariak gero eta usuago, oraino iratzartzen denik baden. Itzulinguruetara, bide blokeatuetako sukalde inprobisatuetara, suzko barrikadetara hurbil gaitezke gu ere eta denen artean eztabaida genezake, urte berriarekin batera aro berria nola hasi nahi genukeen. Kokatzen gaituzten paradoxa etikoak, inarrosiz. Gure egunerokotasun orekatu – erosotzat, ezinbestekotzat – daukaguna ahantz : bipiek jana da. Lot gaitezen elgarren arteko sustengua eraikitzeari, izate zentzudun eta sentsibleen artean denen onerako izanen denari bidea egiten. Berexketarako txartelak etxean utziz, injustiziaren oinarriak nun diren eta horiek errotik gaitzetsiz, mailakatzerik agertzera utzi gabe, berdintasunean desberdinen artean akomatuz.