Baigorritik bilbora eta bilbotik baigorrira autoan, gauza asko egiteko denbora izaten dut astero. Batzutan, pentsatzeko ere bai.
Halaxe, gaur, aktualitate hurbileko gaiei pentsatuz ari nintzela, orroitu naiz Rithy Pann zinemagilearen dokumental saritu hartaz. “L´image manquante”. “Irudi ausentea” bezala itzuli daiteke, agian. Film hartan, bere sorterri Kanboiako genodizioa erakutsiko zuen irudi baten xerka zebilen zinemagilea, baina ezin atxeman, ez baitzen gertatutakoa irudikatzeko moduko irudirik inon. Orduan, irudia berak sortzea deliberatu zuen. Zinemaren bitartez eraikitzen du irudia, eraikitzen du memoria.
Eta aktualitate hurbileko gaiei pentsatuz ari nintzela, orroitu naiz ere Marc Legasse ziburuko anarkistaren liburu eder hartaz. “Existitzen ez den herri batendako pasakallea”. Bertan, Euskal Herria, existitu ere egiten ez den herria dela zioen Legassek. Herri ikusezina. Mapetan agertzen ez den herria. Orduan, posible ote da ikusezina den herri batek bere irudiak ukaitea?
Horretan saiatu direnak, zigortuak izan dira usu. Orroitu naiz adibidez, irudi mingarri batetaz. Tolosako plaza, 1936ko uda. Soldadu frankista gazte bat irribarrez, su handi baten ondoan. Bertan rretzen ari dira, herrian atxeman zituzten euskarazko liburu guziak. Eta orroitu naiz ere beste pelikula batetaz, Euzkadi zuen izena, Teodoro Hernandorenak zuzendu zuen, euskal nazioa aldarrikatzeko. Euskal Herria bazela, existitzen zela irudi bidez frogatzeko. Baina irudi onartezina hori. Beraz, frankistek Donostia hartu zutelarik, labe batean sartu eta erre egin zuten. Ezabatu.
Aktualitate hurbileko gaiei pentsatuz ari nintzela, orroitu naiz ere, nik aspaldi zuzendu nuen film batetaz. “Debekatuta dago orroitzea” deitzen zen, eta kondatzen zuen Saturraraneko emakume presondegi frankistaren istorioa. Eta nola aztarna oro ezabatu nahi izan zuten, sekula existitu ez balitz bezala, lehenik agintari frankistek, eta gero demokraziako agintariek. Egia esan, agintariez pentsatuz, orroitu naiz ere Joseba Tapiak dedikatu zien kantu ironiko hartaz. “Berak ezin zuen ezer egin. Ez zen bere eskumenekoa. Baina ados zegoen gurekin. Dohan eman zigun bostekoa”.
Horretaz guziaz orroitu naiz, paretetako irudiez pentsatzen ari nintzela. Eta pentsatu dut, paretak mintzatzea gauza ederra dela. Segur naiz paretak ez direla bortxatuak senditzen. Eskertuta daudela, norbaitek hitza emaiten dielako.
Gure film hura, “Debakatuta dago orroitzea”, testu honekinxe bukatzen zen. Irakurri egingo dizuet:
“Garai batean herriko paretak betetzen zituzten protesta-esaldiak pintura zuriz tindatzera bortxatzen dituzte presoak. Baina euriak, emeki emeki, paretak jotzen ditu behin eta berriz, tindu zuria deseginez. Orduan, emeki, temati, berriz agertzen dira, irudi debekatuak.”
Idorte garaia bizi dugu. Baina ez kezkatu, adiskideak, emeki, temati... jinen da euria berriz.