Julen Axiari

2026 EKA. 24

1996-eko uda

1996-eko UDA

 

Egun on, Euskal Irratien entzule! Untsa zirea ? Udaburua nola pasatu duzu ? Jondoni Joanen suaren gainetik salto eginez ? Dantzatu edo kantatuz ? Besta eginez ? Edo ahal bezain lasaiki, berotasun gaitz horren ihesteko ?

Duela egun zonbait, ez dakit ohartu zirenez, bainan fenomeno astronomiko berezi bat gertatu da. Ilargi erdilun fin bat altxatu zauku, eta bere ondoan, artizarra, dirdiran. Nik, hain untsa eta forma horrekin, ez dut uste bizian behin ere ikusi nuenik! Eta ustegabez gainera! Loriatu niz!

Sasoiko azken kronika hori baliatuko dut beste gertakari baten aipatzeko. Duela 30 urte, 1996eko udan Euskal Herriko biztanleek, eta ainitzendako sorpresa izan zen, bizi izan zutena.

 

Seguraski, entzuten duzun kantua ezagutu duzula. Nork ez du ezagutzen, himno bilakatu den « Arrosako zolan » kantu eder hori ? Ainitzek ez zakiten orduan… bainan zuela hilabeteak, Iparraldeko bi elkarte ari zirela lan karraskan… eta 1996-eko udan beraz, gure Iparralde lurralde ttipiko barnekaldean, bi festibal sortu ziren, oraino dirautenak. Oso desberdinak, bainan elgarrekin gauza anitz partekatzen dituztenak ere. Arrosan, EHZ, eta Itsasun, Errobiko Festibala. Nolako xantza ukan dugun hala ere! Geroztik, uda guziz holako bi sortzaile taldeen ametsen eta lanaren fruituetaz gozatzen dugu. Beharbada, zuk, entzule, parte hartu duzula, laguntzaile, antolatzaile edo artista bezala, eta barnetik ezagutu dituzula.

 

Zerk ditu desberdintzen, zoin ardatz amankomun dituzte ? Eta nolaz, nik uste, elkar osatzen dute gizartean ?

 

Alde batetik beraz, EHZ. Ez duela aspaldi, Enbata hilabetekoan, Aitor Serviek artikulu oso interesgarri bat argitaratu du horri buruz, irakurri behar zinuke! Ez du festibalaren genesia kondatzen, bainan bai sortzaileen eta ondokoen behar eta galdezkapenak. Deretxo kulturalekin lotura haundia dutenak : erran nahi bait da, gure lurretan, gure kulturarekin, eta hizkuntzarekin bizitzeko gai izaitea eta hortaz gozatzea. Hori, festibal baten bitartez. Loturak, harremanak sortzea, zazpi probintzietako gazte edota zaharren artean. Adixkidetasuna, elkarlaguntasuna, konfiantza, amodioa ere bai. Elkarrekin egitea eta partekatzea, auzolanaren bidez, oholtzak eta oihal etxeak muntatuz, apairuak prestatuz, gizarte alternatibak asmatuz… Kronika hori sobera laburra da EHZ-ren osagai eta xede guzien aipatzeko. Hiru hitzez laburbiltzen ahal litaike : populu bat osatu, herri bat osatu.

Eta gisa batez, nolako lorpen ederra ! Duela 30 urte beraz, EHZ kasik errito iniziatiko bat, bizi-eskola bat bilakatu dela Iparraldeko gazteriaren parte haundi batentzat.

Hala ere, gizarte kontsumeristarengandik urruntzen bada, eta EHZ esperientzia kolektibo eta alternatibo ezinago indartsua izan arren, artista gisa, ohartzen ahal niz, forma artistikoen aldetik, orain arte, festibal haundi eta kontsumenristen formatuan garatu dela. Musika anplifikatu indartsu eta binarioa, animaleko eszenak, sono ikaragarriarekin, garagardo iturri bukaezinak… Hori ez da kritika txar bat eh ! Justu ohartzen naizela EHZ gizarte tresna eder eta eraginkor bat bezala pentsatua izan dela eta garatu dela, bainan alderdi eta galdezkapen artistikoak bigarren planoan egon direla.

 

Ber momentuan, Itsasun, Errobiko Festibala loratzen zen. Ikusiko duzu nola bi festibal horiek elgar osatzen duten.  Ainitzez xumeagoa, ttipiagoa, Itsasuko Atekagaitz eta Urzumuk ez zituzten edozein gixaz milaka festibalari onartuko. Bi festibalek, ideia ainitz partekatzen dituzte. Batez ere deretxo kulturalen aldetik, kulturen eta biziaren aniztasunak defendatzen dituzte. Bai eta ere elkarlaguntza, auzolana, “herri baten osatzea”… Errobikotarren aldetik aldiz, uste zuten arteak berak, musikak, dantzak, olerkiak, filosofiak, gizartea aldatzen ahal zutela. Irudimenak landuz eta idekiz, forma artistiko bereziak eta sorkuntza sustengatuz, munduko kultureri batzarri eginez… kantua, musika, dantza, ikastaldien bidez erakatsiz. Festibal horrekin haunditu niz.

 

30 urtez, bideak eta haizeak gurutzatu dira Errobiko Festibalan : mila kolorezko musikari, dantzari, margolari, zizelkari, poeta, pentsalari, idazle, gizon eta emazte. Ahots indartsu. Ixilak ere bai. Zonbait urrunetik jinak, beste zonbait hemengo lurretik altxatuak, eroturik erroak.

 

Denek, haien artea, haien lurra, inkarnatu dute. Zonbaitetan, biak ere bai.

Denek, zerbait ekarri dute : kantu bat, dantza bat, hitz bat, amets bat, galdera bat, hizkuntza bat.

Denek, aztarna bat utzi dute Errobiko bazterretan. Hala ehutu dugu gure etxea : erroekin, adixkidetasunarekin, zeharkaldiekin.

 

Edouard Glissant-ekin gertatu zen topaketa fundamentala izan zaukun : haren hitzek argitu zuten gure baiten sakonean barrena sumatzen ginuena. Eta are indartsuago bizi izan ginituen.

Orduan, elkarren beharrean diren uhartez osaturiko mundu-artxipelagoa eraiki ginuen, eta gure bait-untziak esploratu.

 

Geroztik, Errobiko Festibalak atxiki du bere hitz hauskorra eta zaindu du bere amets xume bezain ausarta : kultura bakotxa, bere erroetan xutik egon dadin, besteengana joaiten ahal dela, nagusitu gabe, makurtu gabe.

Harremanetan sinesten dugu, ez mugetan : kreolizazioan, ez inperioen harresi eta gotorlekuetan.

 

Ez ditugu ahantzi isilaraziak, zapalduak, suntsituak izan diren herriak. Ez eta ere, hizkuntza debekatuak, genero baztertuak. Ez eta ere, kolonizazioek ezabatutako oroimenak, baztertuak, suntsituak izan diren gorputzak eta arimak.

 

Ahots bat ixilaratzen den aldi bakotxan, mundu bat hiltzen da. Ahots bat berriz kantuz hasten delarik, mundu bat arrapizten da.

Oroimenetik salbatua den kantu bakotxa, transmititzen den poema bakotxa, zapalkuntzaren erdian dirauen hizkuntza bakotxa : hauek dira gure ezinbestezko garaipen ttipiak.

 

Arrazakeriek, diskriminazioek, faxismoek eta gerlek, bizia zanpatzen eta lurra iluntzen duten garai honetan… Hedabide nagusiek eta gerla-zaleek onartezina onartarazi nahi duten garai honetan…

 

Erresistentzia baketsu batek,

Erroturiko utopia batek, badutea oraino lekurik ?

Bi festibalek, elgar osatuz, mundu bat sortzen ahal dutea ?

Errobiko Festibala eta EHZ, Ilargi eta Artizarra.

Beste iritziak entzun