Julen Axiari

2026 URT. 7

Munduaz zer dakigu

I.                MUNDUAZ ZER DAKIGU ? – Kogien mezua

 

Egun on, Euskal Irratien entzule ! Untsa zirea ? Hasi baino lehen, usaian egiten den bezala, urte berri on bat zuri eta zure ingurukoeri, ene agiantza hoberenekin ! Untsa hasia baduzu, ojala, oraino hobe ibil eta buka dadila ! Eta gaizki hasia bada, indar guttio egin behar dukezu horren hobetzeko ; gaizkixe!

 

Bazterrak hasi zauzkigu egiazki xuritzen, eta Neguaren bizar luzeak, gure sudurrak freskatzez gain, hutsak lamatzen eta lurrak gordatzen dauzkigu! Larraineko Ligetx! Ze hotza!

Hezurretaraino sartzen zaut, laster ulertuko duzu zentako! Zonbaitek haatik, bihotzan dute, hotza. Izotz hutsa, eta burua, petrolioak errea. Gizatasuna, gutiziaren mila lakastek xurgatua. Ez dakit nola jeikitzen ziren Benezuelan eta Kariben gertatzen denaren ondorioz, bainan nik aitortu behar dautzut arrangura haundia dutala. Segurki, lagun haundiak handikan ditudalako, Karibeko ur epeletan, bihotzak bero. Eta ez pentsa Maduro sustengatzen dutala, baizik eta gizakien autodeterminazio eta askatasunan dutala fedea.

 

Ustegabe haundiz, Karibetik, eta preseski Kolonbiatik, sartu berria nuzu. Jon Maya dantzariarekin, Cenit Konpainiaren bitartez (milesker Nube eta Bernardo), parada, xantza eta ohore ezinago haundi bat ukan dugu : Kogi populuaren ezagutzea.

 

Testu ingurua : Karibean gira, Kolombiako Sierra Nevada Santa Martan. Han, golpez, itsas-hertzetik 6000 metroraino jalgitzen dira mendiak. Oihanak eta bizia denetan, kolibriak lorez-lore eta jaguarrak gauaz ihizan ! Peko hiri eta herrixketan, xinaurri habi kaotikoa, Vallenato musika belarrien zilatzeko atope !

Bainan mendiruntz igaiten bazira, lasaitasuna. Eta hango populu natiboek batzarri egiten badauzute, beste mundu batetan sartuko zira. Mundu paralelo bat, haatik, ber planetan egoitez.

Kogiak, han dituzu. Xuriz beztiturik, etenik gabe koka hostoak mastekatzen dituzte espirituaren argitzeko. Pentsa, aurre-kolombiarrak dira, erran nahi bait da, Espainolen konkista aintzin jadanik haien kultura existitzen zela. Inkak zituzten garaikide !

Haien buruzagi espiritualek, MAMOEK 18 urte pasatzen dituzte argia ikusi gabe, haiek duten munduarekiko erlazioa, espirituala izan dadin, materiala baino lehen ! Beraz pentsa… bai, beste dimentsio batetan gira. Eta eskaini zaukuten opari haundia kondatuko dautzut.

 

Han, haien kosmogoniaren, unibertsoaren eta munduaren sortzea biziarazi daukute. Eta hitza hitz, drogarik hartu gabe!

Herrixkaren bazterran, animaleko harri sakratu baten pean… bildu gira. Gaua. Iluna. Zerua milaka izarren dirdiraz alaitua. Su bat. Bihotzak berotzeko eta jaguarrak urruntzeko. Gu, erdian, mamoak, parean. Gure artean, guk eskainitako eguzkilore eta argizaiola. Lau taldek iguratzen gaituzte. Iparraldetik, atabal-bombo eta xirulariak, gizonak. Hegoaldetik, beste perkusioak, emazte eta haurrek jokaturik. Sartaldetik, emazte kantariak. Eta sortaldetik, hiru gizon, hiru dordoka-kusku ferekatzen, apoen xistueri iduri duten soinuak sortaraziz! Omen, afinazioa lortzeko, familia berdinekoak izan behar direla! Iparraldean, apoarmatuak izendatzen ditugu, ez da deusentako!

 

Pixkanaka-pixkanaka, lau taldeak hasi dira jotzen… musika garatzen, dantza mugimendu eta koregrafiak asmatzen. Eta harritu ninduen nola, lau taldeek, batak-bestetaz urrun izan arren, elgar behatzen zuten, sinfonia eta baleto bat, bat-batean asmatzez! Bestearen konzientzia, bestearen beharraren konzientzia, elgarrekin, gauza haundi baten sortzeko, bakotxa bere lekuan, bestearen laguntzeko. Eta nolako gauza! Sekulan ez nuen musika herrikoi hain konplexurik (zentzu honean), hain berezirik behatu eta oraino guttio bizi izan. Musika garaikide sinfoniko bat izaiten ahal zen! Sinfonia kosmogonikoa, naturarekin sintonian.

 

Dena ezin dautzut kondatu. Bainan Kogiek mezu bat hedatu behar dute. Gizakiek, Ama Lurrarekin « juluka » egin behar dugu. Berriz adostu, hamonizatu. Natura eta bizia errespetatuz, zainduz, loraaraziz. Bestela, gu, gizakiak, desagertuko gira, biodibertsitatearen parte haundienarekin batera. Planeta ez da arriskuan. Gu aldiz bai.

Eta haiek badakite mundu modernoaz ere : urtez gerla zibilan egonik, amardak, farc-oek, narco-ek, paramilitarrek erailtzen zituzten denboran.

Eta guk ? Munduaz zer dakigu ?

 

Atzo, Kubako lagun batek, handik idazten ninduen : munduko poderetsu horiek, ez dute dantzatzen, ez dute kantatzen, ez dute maitatzen. Maitatu, kantatu, dantzatu behar dugu.  Ojala.

 

Beharbada, musika ezagutu duzula. Sinbolo bat bezala, Mononoke Prinzesa marrazki bizidunarena. Bizia errespetatzeko.

 

Bukatuko dut Maria Dulce Loynaz, olerkilarisa kubatarraren hitz batzuekin :

 

Ura izan zen.

Uhainetatik lurra jalgi ez zen, oraino.

Lurra, lohi-guri ikaratia, oraino.

 

Argizagi xurian, lorerik ez zen…

Sortuberri uren bularrean, ugarte mulkorik ez zen,

kontinenteak sortzekotan,

zirelarik.

 

Munduaren azkorria, Munduaren iratzartzea!

 

Azken suak itzali dira!

Zeru beltzaren itzalan, itsasoa sutan!

 

Hasieran,

Ura izan zen.

 

Beste iritziak entzun