Julen Axiari

2025 URR. 29

OMNIA MUNDI FUMUS ET UMBRA

            OMNIA MUNDI FUMUS ET UMBRA – IDEIEN DESKOLONIZAZIOA

 

Egun on Euskal Irratien entzule ! Untsa zirea ? Alde batetik urrak, bestetik azak, hilen argian, omiasaindu dugu laster ospatzen. Bai eta ere: omia txori migratzaileak, ziklo baten betiko mezulariak. Orduan gure sakon-sakonetik senditzen dugu lehen garaien oihartzunek pizten duten dardara.

 

Ttipitan, hilobiruntz makurtzeko beharrik gabe, so bakar batez nituen saindu eta txoriak begietan. Haunditzerakoan, arbasoari makurtzez, ez ahantz txorien kantuekin uztartzen. Orroitzen niz ere, antsu jostetan joaiten nintzela mezara. Botz guzi horiek inguratzen nindutelarik, ausartzi xorta bat baizik behar nuen ene lehen kontrakantuetan trebatzeko. Orain, nun ote dira ?

 

Bon… sasoiko romantismo hori baztertu eta : joan de aldian, Atalanteko zinema ohiaren okupaldia, eta kulturak sozialismo edo iraultza batetan ukaiten ahal duen karguaren gaia aipatuko nuela erran nautzun. Bainan anitzetan bezala, aktualitate batek harrapatu nau. Ea, balentria ikaragarri batez bi gaiak lotzen, lortzen dudan!

 

Beharbada dakizunez bezala : kulturaren eta musikaren mundu profesionalak bururaino kapitalismoan eta modializazioan sartuak dira, usutan egoera skisofrenikoak sortuz gainera. Joan den astean, Finlandiako Tampere herrian, Womex musika azoka internazionala gertatu da. Han, mundu oroko artista, ekoizle, antolatzaile… elkartzen dira. Eta kontzertuak, « showcase » delakoak antolatuak dira. Denak, marrazo komertzialak bilakaturik, salda ilunean igerika, haien buruaren saltzeko.

Edo salbatzeko ?

Bon, beraz Womex hortan, Liraz Charhi kantarisa israëldarra programatu zuten. Israëleko armadan parte hartu du, eta jadanik masakreeri ahala emaiten dakoten dirua altxatzeko antolatuak diren kontzertuetan kantatu du. Harentzat, Gazan haurrak erailtzen dituzten soldado horiek heroiak dira.

 

Han ziren bi lagunen mezuak errezibitu nituen orduan. Alde batetik, Igor Otxoa Oreka TX-ako txalapartaria. Eta bestetik, Hossein Fahimirad, kantari eta perkusiolari iraniarra. 30 bat delegatu elkartu ziren, eta idatzi bat atera, Womex-eko antolatzaileeri bideratua. Proposatzen zaukuten horren izenpetzea haiekin batera.

 

Idatzi zinez interesgarria, Palestinaz eta Israël-ez haratago joaiten delakotz. Batez ere, kolonizazioa aipatuz. Lurren kolonizazioa, bainan bai eta ere ideiena.

 

Bizpahiru puntu partekatzen dauzkizut :

-         Asimetria, eta artista israëldarren presentzearen inplikazio ethikoa, jakinez “genozidio” baten definitzeko inkesta bat badela.

-         Tsahal-eko armada sustengatzen duten artistak ez gomitatzea

-         Populu zapaldu, kolonizatu eta ikusezineri laguntza emaitea

-         Aitortzea apartheid, kolonizazio eta genozidio baten parean isiltasuna atxikitzea, konplizitatea dela.

-         Solasaldiak antolatzea, erresponsabilitate kulturalaren inguruan.

-         Salatzen dute ere, arteen, musikaren, kulturaren bidez jendea manipulatzea, krimo horiek onartarazteko, erasotzaileeri ikusgarritasuna emanez, zapalduak alderantziz, ikusezinak bilakatzen direlarik.

 

Guk ere, euskaldunok, ez dugu ahantzi behar Frantz Fanon-ek zioena. Ideien deskolonizazioa ere behar beharrezkoa dela ! Kolonizazioak iragana kentzen du, oraina kentzen du, kultura kentzen du. Fundamentala da populu batek bere geroaren bizi izaiteko, iraganaren berri ukaitea, eta orainan, bere kulturaz gozatzeaz haizu izaitea.

 

Eta hara Atalante ohiaren gaian sartzeko balentria ! Okupazioan, hitzaldiak gertatu dira. Batek ene interesa piztu zuen, “arte iraultzaileak” zituelako gai! Bainan… gai zabal hortan, gehienik aipatu izana zena hori izan zen : nola artea, iraultzalea, sozialista bihur daiteken, hots, tresna baten gisan.

Kasu kasu, zeren eta alde batetik bestera, kultura tresna politiko eraginkor bat bezala erabiliz, ideiak kolonizatzen ditugu.

 

Gainera, bi hitz sozialistendako :

Kultura ez da kapitalizatzen. Partekatzen den gauza bat da.

Kantu baten balorea ez duzu galtzen norbaiti eskaintzen edo erakasten dakozularik. Alderantziz, balorea hartzen du.

 

Horregatik ezin da egiazko tresna kapitalista izaiten ahal. Eta iraultzan parte hartzen ahal du, irudimenen ahalak biderkatzen dituelarik.

Alderantziz, untsa ulertua izan da masen manipulatzeko tresna izaiten ahal dela. Eta horren inguruan, astakuru kultural bat erabiltzen ahal dela kontsumoaren alde. Faxismoak, gerlak, nazionalismo hutsak, arrazakeriak, kolonizazioak, irudimenak guttitzen ditu, esklaboak sortuz.

 

Bukatzeko, Itxaro Bordaren hitzak :

 

“Hind Rajab,

Eta amets egin duzu 

Gutaz zutaz nitaz

Batera irun dezakegun bake 

Mihise emankorraz

Utopia gorriaz

Oinarrizko aniztasunaz

Hondakinen artetik

Esku zaurituan arrosa 

Ezpain idorretan musua

Etorkizun ametsez

 

Eta hemen galmenaren 

Minean nago zutik

Ahur biak zabalik

Bestelako bihar baten

Premia 

Eskatzen 

Kantatzeko 

Oroitzeko

 

Ez duzu negarrik egin

Amets egiten duzu »

 

Itxaro Borda

2025

Beste iritziak entzun