OTSOEN AURKAKO POEMAK
Egun on, Euskal Irratien entzule! Untsa zirea ? Otsaila, otsoen hila. Mundu hortako otso poderetsuak gose dira. Goiz huntan, zerbait aitortu behar dautzut : 2022-ko urrian hasi nuzu kronika kultural horien egiten. Hilabetero, ahal dutan bezala, ene pentsaketak partekatzen dauzkizut, eta zuri esker, gaiak ikertzen, ene baita, ene barneko etxea, aberasten, gogo haundiarekin.
Egun, haatik, ene gogoetak mutu egon dira. Bai, aitortu behar dautzut zeharkatzen dugun garaiak, eta bereziki Estatu Batuen politika internazionalak, Iranen gertatzen diren afruskeriak aipatu gabe, izigarri hunkitzen nauela.
Eta ene gogoeta kulturalak isildu dira.
Orduan, ene baita behatzez, erabaki dut kronika hori beste gisa batez eraikiko nuela. Olerkiak partekatzez, haien argia eta amodioa hedatzez.
Ene Kubako laguneri eta aniztasunari, elkarlaguntasunari eta bizia maite duteneri dedikatzen ditut olerki horiek.
Dulce Maria Loynaz, Olerkarisa kubatarraren amodiozko hitzak.
Ur Gordea
Zu zira arroka barnetik
isurtzen den ur iluna.
Zu zira lur azpian barna doan
ur ilun eta intimoa.
Eguzkiak… ez zaitu ikusten,
lurra miatzen dutenen egarriak
ez zaitu ezagutzen,
lurrean barna ibiltzen diren egarriak
Ez zaitu ezagutzen.,
.
Zu zira xederik eta izen geografikorik
gabeko ur garbia ;
Sekulan hunkitua izan ez den freskura,
freskura horren ikara sekretua,
eta ene freskuraren bozkario sekretua, zu zira,
Betidanik izan ziren
ur sakon hori,
Zure izanaz haratago sekulan deus izan gabe;
ur beltza, izenik gabe…
Eta ene besoen kontra tinka, tinka!
Sorkuntza
Eta lehenik ura izan zen:
ur karranka,
arrainen hatsek, itsas-hertzek tinkatzen
sekulan ez zutena…
Lehenik ura izan zen,
Ama-Lurraren eskutik sortzen ari zen
mundu baten gainean…
Ura izan zen…
Uhainetatik lurra jalgi ez zen, oraino.
Lurra, lohi-guri ikaratia, oraino.
Argizagi xurian, lorerik ez zen…
Sortuberri uren bularrean, ugarte mulkorik ez zen,
kontinenteak sortzekotan,
zirelarik.
Munduaren azkorria, Munduaren iratzartzea!
Azken suak itzali dira!
Zeru beltzaren itzalan, itsasoa sutan!
Hasieran,
Ura izan zen.
Oihana
Ene isiltasunaren oihana,
usainek tinkatzen, mentak izozten zaituzte
Ene isiltasunaren oihana, zugan
aizkora guziak kamusten dira;
gezi guziak muturtzen;
haize guziak
hausten, dira.
Ene isiltasunaren oihana,
ahorik gabeko ahotsaren errautsa,
oihartzunik gabea, jada;
eguzkia azaltatzen duten
hatz-punten uzkurdura,
esperantzaren zehar
nahas-mahas berdea…
Zein laino nahasten zaizkizu
zurrunbilo batean?
Zein hegal hurbil liteke
zurrunbilo beltzak xurgatua izanik gabe?
(Oihana hesten da
igarotzen den hegalaren gainetik, irensten du.)
Ene isiltasunaren oihana,
udaberririk gabeko berdea,
zuk baduzu
zuhaitzaren tristura begetala
eta instinto bertikala. Zugan hasten dira
lurreko gau guziak;
zugan bukatzen dira
bide guziak.
usainek tinkatzen zaituzte, mentak izozten zaituzte
Azukrezko etxolak dituzu, oihana,
eta amitxiz jantzitako otsoak;
hosto eta harriaren trezak,
masa hanpatua, ereina, hazia,
Hain haundia, hura zapaltzeko,
hain ttipia den
maitasun-hitz hura…
Hitz bat gehiago erraiten baduzu…
Hitz bat gehiago erraiten baduzu,
zure ahotsaz hilko naiz,
jada bularrean sartzen ari baitzait,
bularra zeharkatzen ahal duelako
ezpata zorrotz, luze eta exkisito baten gisan.
Hitz bat gehiago erraiten baduzu
altzairuzkoa den ahots horrekin,
heriotzeko ahots horrekin;
hunkitzen ahal litaiken ahots horrekin,
nik laztantzen, tinkatzen, hausikitzen ahal nuken ahots horrekin;
hitz bat gehiago erraiten baduzu
bularrak mintzen nauten ahots horrekin,
eroriko nintaike, hila,
Nere bihotzerako biderik zuzenenaren jabe den
ezpata ikusezin batek zeharkaturik.