Julen Axiari

2025 URR. 2

Sisyphe eta Urrats Kolektiboak

  Sysiphe baten Urrats Kolektiboak

 

Egun on, Euskal Irratien entzule ! Untsa zirea, urritzaren hilabetea hasten dela eta ? Sasoin berri horren lehen kronikaren gogoetak partekatzen dauzkizut plazerrez! Etxean bazira, lanean edo Baiona inguruko autometaketa itsusietan, kronika ziklo berri eder bat opatzen dautzut!

 

Bon egia erran, sasoin hori hasi aintzin, joan den urteko lehen kronika berriz behatu dut. Eta amets gaixto bat bezala, edo “Egun Mugaezin Bat” izeneko filma bezala, ohartzen naiz aipatzen nuen testuinguru politiko sozial kulturala ez dela batere aldatu. Eta hobetu ez bada gainera, gehienetan da, laztu. Ez dautzut zerrenda eginen, bainan aitortzen dautzut, holakoetan, Sysiphe bat bezala senditzen naizela, eta gizakiak hola ikusten ditudala… etenik gabe harri borobil hori pusatzen dugu. Aldi oroz erortzen zauku, aldi oroz pattarran gora berriz bultzatu eta eraman behar dugu.

Ah! Mairuak edo urtxintxak bagintza!

 

Hala ere, uda huntan… ura ez da hain epel izan. Eta airean zerbait senditu dut. Zinkronizitate baten eraginaren bitartez beharbada… Urrats Kolektiboak plazetan jalgitzen zirela iruditu zaut !

 

Bon, geroari so egin aintzin, Kroniken espazioan sar giten ! Horra joan den uztailan Euskal Irratietan Errobiko Festibalakari hedatuak izan ziren bizpahiru soinu,

Elizaldian gira. Harrizko mahain borobil baten inguruan. Eta Itsasuko Agiriaren harriaren ondoan. Venezuelako Kitiplak, suspensioaren espazioaren ateak zabaltzen dauzkigu.

 

Tarte musikal ttipi hori behatu baino lehen, Urrats kolektiboak aipatu nauzkizun. Horiek izanen dira hiru kroniken ziklo baten enbor eta ardatzak.

 

Ürrats Kolektiboak : Xiberotarrez bai. Justoki, aurtengo pastorala aipatuko bait dautzut. Barkoxeko herritarrek emanik.

 

Ondotik, Irati Gorostidiren “Aro Berria” filma. Berriki zinemaldian ikusteko parada ukan dut! 70. harmarkadan, langile iraultzaile gazte zonbait… borroketaz nahigabeturik. Haien bizia eta gizartearekiko dituzten galderak, bestelakatuko dituzte, Lizasoko Arco Iris komunitate tantrikoan. Bai, hori Euskal Herrian, 80. hamarkada ilun hortan. Nolako filma! Zentzumenak eta sentzazioak kitzikatzen dituenak, istorioaz eta gaiaz gain.

 

Eta Azkenik, Atalante zinema ohiaren okupazioa. Jakin duzun bezala, Kontseilu Sozialistak irailean okupatu du Baionako Santa Ispirituko zinema ohia, eta galdezkapen kulturalak jalgi, noski!

 

Itsasurat itzul giten… Elizaldiako magia hortara. Laster, kitiplari, txalaparta juntatuko delako eta.

Han, aste baten denboraldian, zeharkaldi miresgarri bat bizi izan ginuen, Euskal Herriko eta munduko artista paregabeek lagundurik. Han, ez ditugu arteak tresna gisa erabiltzen, iraultza baten zerbitzuko. Bainan irudimenak zabaltzez, eta desorekak sortuz, urratsak eragiten. Orduan, espiritu ereinduek eta bihotz zabalek, arteez eta munduko kulturetaz elikaturik, beharbada, iraultza egiten ahalko dute, eta airatzen ahalko dira. Ahantzi gabe, hortaz gozatzen !

 

Bainan ezin da airatu, sustrai onik gabe! Gure hegal sendoenak, erroak ditugulakotz !

Kattalin, orduan Maddi Oihenart-I galdegin zakozun eian, erroek bizirik segitzen ahal zuten lurraz aldatzen baginituen. Eta Maddik erantzun, irrifarre batekin : “berriz landatu behar dira batzutan ! »

 

Beste iritziak entzun