Katixa Dolhare Zaldunbide

2025 ABE. 17

Atzar gaiten

Atzar gaiten

 2025 urte honek datozen urteetako kultur alorrean etorriko diren zailtasun handiak iragarri dizkigu. Euskal Kultur Erakundean gertatu ari dena horren adierazlea da. Aurtengo Biltzar Nagusian, apirilean, erakunde publikoek usaian ematen dioten diru-laguntza bozkatua izan zen. Euskal Kultur Erakundea bere partaideekin lanean hasi ahal izan zen, orduan, aitzineko urteetan bezala. Eta hara non, uztailean, Estatuak erabaki duen hitzemandakoa 30 000 euroz apaltzea. Udazkenean antolatutako mobilizazioaren ondotik, Estatuko ordezkariek esperantza eman zuten “kreditu buztanak” aurkitu zituztela, baina alferrik. Saiatu omen ziren buztan horiek Rachida Dati kultur ministroari berari eskatzen, Bonnat-Helleu Museoaren estreinaldi egunean Baionan zelarik, baina, maleruski, ezin izan da aterabiderik atzeman. Estatuak sei milioi euro ezarri ditu Museo garrantzitsu horren arraberritzeko, baina 30 000 euro ezin izan ditu atera Euskal Kultur Erakundearentzat, ez zakutik, ez zorrotik. Hori ofizialki adierazi du DRACeko zuzendari nagusiak EKEko azken administrazio kontseiluan, abenduaren 13an, eta erran digu 2026rako apaltze handiagoa ere gerta daitekeela.

Bilkura horretan, Departamenduak jakinarazi du 50 000 euro gutiago eskuratuko duela EKEk 2026an. Hiriguneak erran du iazko diru-laguntza berdina emanen ziola, eta Eskualdeak, ahaleginak eginen zituela bide horretatik ere aritzeko. Azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzak emendaketa aipatu duela.

Testuinguru horretan, argi da euskal kultur munduak, bizirauteko, indarrak aurkitu beharko dituela bere baitan eta elkartasunez jo beharko dutela eragileek, erakunde publikoen sustengua muga batetara heldua dela baitirudi.

Euskal Kultur Erakundeko administralariak eta langileak lanean ariko dira laguntza instituzionalak bermatzeko eta ahal bezainbat areagotzeko, bata eta bestearen lehien eta interesen gainetik pasatuz.

Baina, anartean, segitu beharko da antolatzen eta zentzuz aritzen, uniformizazio globalak, adimen artifizialak, indibidualismoak eta eskuin-muturreko ideologiak urra lezakeen jendartean.

Joan den astean, plazer handiz entzun ahal izan ditugu, Kanbon, Hazparnen eta Baigorrin, Denise Olhagaraik zuzentzen duen Iparralai musika eskolako korala, Errobi eta Elhuyar kolegioetako koralak eta Ascèse abesbatza profesionala, maila handiko kontzertu batean, Philippe Mendes gidari, Marie-Bernadette Dufoucet-Hakim organoan, Intza Daguerre eta Kattalin Haira txistuan. Besteak beste, “Atzar gaiten, atzar lotarik” kantika ezaguna eskaini ziguten, moldaketa zoragarri batean. Kontzertu hori, ibilbide pedagogiko oso baten fruitua izan da: ikasleek ikastaldi trinkoak ukan zituzten aitzinetik, ahots teknikak hobetzeko; Oihartzungo museoa bisitatu zuten eta Tolosara ere izan ziren, Hegoaldeko beren adinkideak entzuteko kantuz. Hartuak hartu, gazte horiek kantuz eta musikan aritzeko plazera dastatua izanen dute eta, beharbada, ohartuko ziren kultura herrikoiak kultura jasoak bezainbat balio duela, organoa txistuarekin uztarturik entzun baitute.

“Atzar gaiten”: ez dut uste euskal kultura hain lokartua dagoenik, baina segur da lo guti eginen dugula ondoko hilabete eta urteetan: iratzarririk eta erne egon beharko dugu. Urtarrilera artean, bada, goxa ditzagun “amodioak garaitu” dituen jendarte guneak -oraino gelditzen baitira-, neguko solstizio garaian antolatzen diren horiek, bereziki. Eguberri on denei, eta heldu den urtera arte, fleite gaitzean!

Beste iritziak entzun