Bakea
Mitologia grekoan, bakearen jainkosa Eirene deitzen zen (Irena), Zeusen alaba. Aberastasuna eta xantza ere pertsonifikatzen zituen. Aristofanes idazleak (K.a. 448-K.a. 385) kontatu zuen haren istoria Bakea komedia antimilitaristan (K.a. 421), garaiko Cleon demagogoa zendu zelarik. Modu bizi-bizian, Atenasko herrikideei erakutsi nahi izan zien garaia zela Espartarekin azkenean bakean bizitzeko. Gerlaren pertsonifikazioa zen Polemosek Eirene preso atxikitzen zuela, gerlaz asea zen Trigeo ateniar mahastizaina Olinpora joan zen eta, greziar laborarien laguntzarekin, lortu zuen Polemos haizatzera eta Bakea libratzera. Eirenerekin batean, nekazariek askatu zituzten ere Opora (uzta eta fruituen pertsonifikazioa) eta Teoria (ikusgarrien eta bestena). Antzerki horren ondotik, beste bat idatzi zuen Aristofanesek, hamar urte berantago, bere ideia bakezaleei jarraikiz. Hau da Lisistrata (erran nahi baitu “armadaren kanporatzailea”). Komedia horretan, emazteak oldartzen dira gizonezkoen gerla guraren kontra eta sexu greba egitea erabakitzen dute, ezkonlagunek gerla gelditu dezaten arte.
Bakea, lurraren laborantza, elkartasuna, zorion sinpleari atxikimendua: badirudi balore eta bizimodu horiek ameskeria zozoak bilakatuak direla. Ezen, behien dermatosia eritasunari kontra egiteko gobernuek hartutako neurriz goitiko erabakiek, Mercosur hitzarmen europar berriak, Trumpen eraso inperialistek, Palestinako genozidioaren segitzeak, Iraneko iraultzaren zafratzeak, munduaren militarizazio lasterrak, zapalkuntza mota guztien indartze eta azeleratzeak jadanik zaharrak diren Aristofanesen obra haiek oraindik garaiz kanpokoagoak bilakarazten dizkigute.
Alderantziz, indarkeriaren mitologia denetara isurtzen ari da. Hori dio Laurent Bonelli zientzia politika irakasleak Le Monde Diplomatique hilabetekariko urtarrileko zenbakian. Seguritate mitologia izugarri bat hedatu da eta, honen arabera, bakea militarrek eta poliziak lagundutako gizarte “segurizatuan” baizik ez litzateke errotzen ahal. Hori, mitoa da, alegiazko istorio bat, dio Bornellik, Ernst Cassirer filosofoaren lanak gogoratuz. Mitologia hori hazten duten agintariek nasaiki diruztatzen dituzte armada eta polizia, jendartearen kohesioa zapartatzen da, norbanakoa bilakatzen da “on” ala “txar”, “konplize” ala “etsai”, jarrera arrazoituei gaina hartzen diete jarrera jauzkorrek. Aipatutako aldizkarian argitaratu dituzte, ildo beretik, beste artikulu interesgarriak, ez ohikoak direnak frantses prentsa nagusian, Frantziako preso politiko berriei buruz, “terrorista” berriei buruz, Estatuko goi-mailako instituzioen utzikeriaz, hiritar arruntenen eskubide urratzeez.
Eta bestalde, bakea saldu nahi digutela soldadutza berriz plantan ezarriz? Baina nola sinets daitezke horrelako demagogoak, Aristofanesen arokoen irudikoak, Benito Lertxundik “Bakea” kantuan ere aipatzen dituenak? “Bakea, bake izanen da / askatasun ehuleen / bizi-eremua denean”. Baina non dago, bizi-eremu utopiko hori? Ezagutuko ote dugu?
“Pakea” poeman, Felipe Arrese Beitiak modu erromantiko zoragarrian dei egin zion bakeari: “Zure billa ni jaio ezkero beti nabill, / Eta beldur naiz arkitu gabe enaiten ill: / O zeinbat aldiz egiten nuen ametsetan, / Zurekin pozez gaztezaroko urteetan”.
Ez dakit Aristofanesen antzerkietan bezala laborarien ekintzak edo emazteen oldartzeak aski izanen diren askatasunean errotutako egiazko bake egonkorra mundu osoan eta luzerako finkatzeko. Baina Arrese Beitiak proposatu bezala, “borondate onekoak” izan gaitezke, bakoitza gauden lekuan, bakea eta kohesioaren alde ekiteko.