Katixa Dolhare Zaldunbide

2026 MAI. 20

Gure lur maitea

Gure lur maitea

 

Joan den igandean, maiatzaren 17an, Donazaharre eta Baigorri aldeko Iparralai musika eskolako koruan kantatzen duten haurrek esperientzia ahantz ezina bizi ahal izan dute. Hain zuzen ere, Orioko Herriko Etxeak Miguel Zeberio musikari eta orkestra zuzendariari manatu zion herriko seme den Benito Lertxundiri omenaldi bat antolatzea. Miguel Zeberio ezagutzen dugu, hemen gaindi, urtero Ur Muga proiektuarekin heldu baitzaigu Baigorrira. Ondorioz, Miguelek usaiaz kanpoko kontzertu bat ondu du, Orion ospatzen diren « Balearen Egunak » bestaren azken egunean: bildu ditu bere orkestra sinfonikoa, Et Incarnatus, eta hiru haur koru, besteak beste Donostiako Easo gazte abesbatza, Gorka Mirandaren zuzendaritzapean, eta Iparralaiko gazteak, Denise Olhagarairen ardurapean. Orotara, ehun bat haur eta nerabe aritu dira kantari, orkestrarekin. Bi orenez kantatu dute Benito Lertxundiren kantu ezagun andana: « Bizkaia maite », « Udazken koloretan », « Txori txikia », « Urrundik heldu naiz », « Nere herriko neskatxa maite », « Baldorba », « Formak », « Mirotzak »…, Josean San Miguelek egindako moldaketa eder-ederretan. Mila entzule hurbildu zen, gehienak herritarrak, oriotarrak, eta jakin ezazue gela berotu dutela, berek ere kantatuz, bereziki « Balearen bertsoak », honela bururatzen direnak: « Gora oriotarrak esan beldur gabe ». Easoko kantarien boz lirikoek -hauek, erdi-profesionalak, jadanik-, baxe-nafartarren ahots argiek, orkestrako musika tresna anitzen koloreek kontzertu liluragarria bezain hunkigarria osatu dute, Lertxundi bera eta bere familiaren aitzinean.

Emanaldia hasi aitzin, Pako Aristi idazleak ederki erran du Orioko bardoak zonbat belaunaldiren, zonbat norbanakoren bizipenak lagundu dituen hirurogei urtez, bere kantuekin; zonbateraino maitarazten digun herria eta bizia, zonbateraino gogoetarazten gaituen bizitzari eman beharreko zentzuaz.

Igande hartan gozatu ditudan kantu guzien artean, bat bereziki aipatu nahiko nuke, hau da « Oi Lur ». Kantu hau, Xabier Lizardi poeta handiaren testu bat da, 1929an idatzia, Lertxundik Biotz Begietan bildumatik hartua eta musikatua. Haren egiazko izenburua ez da « Oi Lur », baina « Bultzi leiotik », erran nahi baitu, Sabino Arana eta haren jarraitzaileen hitz bitxiak eguneroko hiztegiarekin itzultzen baditugu: « Trenaren leihotik ». Xehetasun horrek badu bere garrantzia. Ezen, testuak ez du euskal lurraren goraipamen arrunta egiten: poeta trenean da eta abiatzen da baserritik. Uda da, eta leihotik miresten ditu goizeko argia, arto berdeak, etxaldeak, sagarren pisuarengatik makurtuak diren sagarrondoak, laborari azkarra, tente bere soroan. Baina poetak nostalgiaz begiratzen ditu bazter horiek: trenean da eta ibilgailuak urrun darama, menditik beheiti, hirirantz, modernitaterantz. Lurrari lotutako Euskal Herrian, ez dago etorkizunik, maleruski, dio poetak, gauzak beren horretan geldituak baitira; « behar goria », edo aitzinamenduaren eta bizitzaren mugimendua, ordea, trenak du irudikatzen, industria gunetara doan trenak, eta halabeharrez gainetako baserrietatik badoa ordokira, hirira.

Xabier Lizardiren garaikidea zen beste poeta batek ere, hau emaztea, Sorne Unzueta Utarsus-ek idatzi zuen gisa bereko testua, « Nire herria » deitua: « bultzia » edo trenaren bizi-indarra aipatzen du ere bai, gibelean uzten dituela baserriko herri xarmagarri baina kasik « hilak ».

Ez da azken poema hau gizarteratu zuen musikaririk izan, baina begira nolako etorkizun harrigarria ukan duen Lizardirenak: alde batetik, Lertxundik musikatu zuen, titulutzat « Oi Lur » emanez, eta bestaldetik, aranatarrek asmatu zuten « bultzi » hitza, trena errateko, nehork ez du gogoan atxiki; orduan, gehienek ulertzen dute testuak soilik Euskal Herriko baserri menditarra eta natura goraipatzen duela, beren ustezko gelditasunean, eta kitto. Eta zergatik ez? Egun, gero eta gehiago, biziaren trenak jendeak mendialdera eta baserri aldera daramatza. Eta han, ez dituzte bazter mugigaitzak atzematen, baizik eta zorion ekarle den mugimendu erne eta pizkorra.

Lur horietatik jalgiak dira arestian aipatu ditudan hemendik Oriora joan diren hogeita hamabost kantari gazteak, Iparralaikoak: handituko direlarik, bakoitza bere bizi-trenera iganen da, baina ez dut uste leihotik Euskal Herri eder baina fosilizatu bat ikusiko dutenik, berek dastatua izanen baitute gai direla mila presuna mugiarazteko, beren baserri lurrean gogo onez, pozez eta konfiantzaz elkar lanean aritu ondotik. « Behar goririk » ez baitago: guri dagokigu gure lur maitea zaintzea eta gure haurrak horko lurtarrak egitea.      

Beste iritziak entzun