Katixa Dolhare Zaldunbide

2026 EKA. 17

Udako irakurgaiak



Nahiz eta udaberrian garen eta duela lau aste elurrak desbideratu zituen Euskal

Traileko lasterkariak, badirudi orain uda betean osoki murgilduak garela : bazterrak

idor-idorrak dira, belarrak laster bururatuak izanen dituzte ainitzek eta hondartzak

jendetzen ari dira. Haurrek bakantza handiak dituzte gogoan eta ondoko asteetan lan

erritmoa moteltzen sendituko dugun batzuek funtsezko galdera hau eginen diogu

gure buruari: usaiaz kanpoko zer irakurriko dut, udako pausa denboran?

Kasu horretan bazirezte, bi gomendiorekin natorkizue. Lehena da Salvat Etxarten

Un couple, Les éditions de la mauvaise graine edizioan atera dena 2003an; liburu

hori, lehenik, Julliard argitaletxeak agerrarazi zuen 1962an, Une bonne à six

izenburupean. Liburu horrek balio du, ene ustez, ezezaguna den autore hori

deskubritzeko. Salvat Etxart, Martinikan, idazle euskaldun gisa ezagutua da, hango

xuri edo “beke” bakarretakoa izan zelako, 1960 hamarkadan, kolonialismoa eta

asimilazioa gordinki salatzeko, eta administrazio frantsesaren zapalketaren kontra

kultura kreolea goraipatzeko. Baina nor zen, xuxen, Salvat Etxart hori? Ikerketa

batzuk egitea aski da ohartzeko bera ez zela euskalduna: Pessac-en sortu zen,

1924an. Haren aita, baratzezaina, Mérignac-en sortu zen. Aitatxi, berriz, hura ere

Salvat Etxart, Saint Martin de Seignanx-en sortu zen eta mutil ibili zen. Aitatxi horren

sortze agirian, aitortzen da aita “ezezaguna” zuela eta amak, Jeanne Marie Etxartek,

zuela bakarrik hazi eta hezi. Jeanne Marie Etxart horren aita, hura ere Salvat Etxart,

zapataina, zen euskalduna, 1803an Urketan sortua. Pentsatzekoa da gure Salvat

Etxartek euskara ez zuela ematen, baina segur da bere erroak Euskal Herrian zituela

bazekiela, Le Monde tel qu’il est eleberrian asmatzen baitu oraingo Martinikako

Schoelcher hiria, lehenago Case-nègre deitua, Lebasque deitutako gizon mulato

batek sortu zuela. Salvat Etxart karrikako artista izan omen zen, erresistentea, eta

hogeita hamar urtetan joan zen, funtzionario gisa, Martinikara, gorrotatzen zuen

Europa eta honen balore usteletatik urrun ihes egiteko. Martinikako bazterrek eta

jendeek xoratu zuten eta kultura kreolearen aldeko militante sutsua bilakatu zen.

Administrazioak kanporatu zuen handik, nahaskeria gehiegi sortzen zuelakoan, eta

metropolira itzuli zen. Orduan zituen idatzi bere liburuak. 1967an, Le Monde tel qu’il

est eleberriarekin Renaudot saria irabazi zuelarik, ez zuen Parisera joan nahi izan,

eta argazkilarien, kritikoen eta zinegileen bisitak ukatu zituen. Nortasun oldarkor,

tormentatu eta bakartia zuen -haren adiskide bakarra omen zen Serge Rezvani,

gutun bidez baizik ez zuena ezagutu. Hondarrean, Québec-era joan zen, hango

espazioak zaldiz gozatzeko eta unibertsitate batean literatura irakasteko.

Tuberkulosia bildu eta, bere buruaz beste egin zuen Granadan, Québec-en, 1985.

Arrunt ahantzia da, orain, eta haren liburuak aski zailak dira irakurtzeko, lehena

salbu, kuriositatez gomendatzen dizuedana, aipatutako Un couple, zazpi istorio

laburrez osatua dena.

Egiten dizuedan bigarren gomendioa antologia bat da, aurten atera dena,

Florilangues deitua, L’aucèu libre argitaletxearen eskutik. Kolektibo batek hamasei

hizkuntza gutitutan idatzitako obra literarioren zatiak bildu dituzte, frantsesezko

itzulpenarekin eta beharrezko azalpenekin: euskaraz aparte, guretzat alsazieraz,

bretoieraz, katalaneraz, korsikeraz, kreolera ezberdinetan, Kaledonia Berriko

hizkuntzetan, normandieraz, okzitanieraz, pikardieraz eta tahitieraz ere idatzi eta

idazten denaren dasta ukaiteko, bai eta elgar hobeki ezagutzeko ere parada da.

Irakurketa eta uda on deneri!

Beste iritziak entzun