Katixa Dolhare Zaldunbide

2026 MAR. 25

Zorioneko gaitasuna

Zorioneko gaitasuna

Joan den astean, jakinminez irakurri dut Le 1 hebdo astekariaren zenbaki berezia, “Zergatik lan egin?” galderari erantzuten saiatzen dena. Artikuluz artikulu, aditu guziek azpimarratzen dute lanak zentzua ukan behar duela langilearentzat, lana ongi egin dezan eta ongi sendi dadin. Hain zuzen ere, 2021ean L’insoutenable subordination des salariés edo Enplegatuen menpekotasun jasangaitza liburua (Érès) argitaratu duen Danièle Linhart soziologoak azpimarratzen du, egun, lan munduaren antolaketa langile banatzearen sistematizazioan datzala. Duela mende bateko eredua, zoinetan langileria manera kolektiboan pentsatzen zen, zoinetan ere langileek kontrabotere ttipiak kolektiboki antolatzen zituzten, sindikata edo elkartasun talderen bidez, aspaldi iraungia omen da. Egun, langile banakoa bilakatu da lan munduaren zutabe. Ondorioz, presio anitz ezartzen da langile bakoitzarengan: langile eredugarriak ez du profesional ona bakarrik izan behar, baizik eta presuna ihardukitzailea, erreaktiboa, proaktiboa, hurkoa baino lehiakorragoa ere izan behar du; eta, horrez gain, dio Danièle Linhartek, langile eredugarriak “zorionerako gai” izan behar omen du.

Nik ez nakien zorionerako gaitasun berezirik bazegoela, orduan ikerketak egin ditut. Eta bai, badirudi management hizkuntzan horrelako kontzepturik badagoela, eta zernahi ikastaro, coach eta programa badagoela norbanakoak gara dezan, bere baitan, gaitasun berezi hori, zorionerakoa, hezkuntzak, ingurumenak eta jite bereziak hazaraz dezaketena.

Baina zoin zorion okaztagarriz ari dira? Mayi Peloten “Feed Back” ipuin izugarrian agertzen den azaleko ongizate indibidual hori, langileak produktiboagoak izan daitezen? Mayi Pelotek 1985ean argitaratutako zientzia-fikziozko ipuin horretan, Iraneko islamistak dira nagusi, Espainia eta Euskal Herri osoan; beren erregimen erlijioso autoritarioa inposatu dute, baina taylorismoan oinarrituz beren lan-antolaketa: langileek bi zapalketa mota horiek betan jasan behar dituzte, mikroek egun osoan bake beldurgarri horretaz gozatzea manatzen dietelarik.

Nik, egiazko zoriona eta bakea kolektiboak baizik ez daitezkeela izan pentsatzen dut: ez sistema ekonomiko mundialak behartutako zorion eta bake faltsu haiek, ez eta norberak bere baitan, aparte, egoistoki, sendi ditzakeenak, ingurumena su ta garretan suntsitzear dagoelarik. Forugh Farrokhzad emazte irandarrak idazten zuen bere bakardadean zoriontsu zela “estakuru sinple” batzuei esker: lore baten edertasuna begiratzean, landatutako hazia zaintzean, xori kantaria entzutean. Bizkitartean, zinezko zoriona eta bakea ez ditu sekulan ezagutu Forugh Farrokhzadek, bere herri zafratuan.

Kurdoek, lehenik, ondotik pertsiarrek aldarrikatu “Emazte! Bizi! Askatasun” lema isilaraztera saiatu dira Irango botere islamista eta Trumpen zartagailuak. Emazte haiek biziraunen duteno, haien ahotsak iraunen dueno (“ahotsak besterik ez baitu irauten”, zioen Forugh Farrokhzad poetak, Miren Agur Meaberen itzulpenaren bidez Susaren edizioan euskaraz irakur daitekeen poema batean), ez dezagun sinets zoriona norbanakoaren baitako gaitasuna dela, baina bai, xede kolektiboa izan behar duela, mugez gaindi.

Beste iritziak entzun