Kike Amonarriz

2026 MAR. 17

Hizkuntza gutxituak

Hizkuntza gutxituen inguruko ideia faltsuak

 

Iragan dira udal hauteskundeak, hamaika herri bigarren itzuliaren zain geratu badira ere.  Euskal Konfederazioak azaldu duenez, kanpaina garaian hizkuntza politika gutxi aipatu da, baina,  aitzineko hauteskundeetan baino toki hobea izan du. Igandeko emaitzak ikusirik, espero daiteke, datozen urteetan herriko etxeetatik bideratutako hizkuntza politikak indartuko direla.

 

Euskarak behar duen Pizkundeak ezinbesteko bidaide behar ditu herriko etxeak. Eta Pizkunde horri begira, berau hauspotzeko egunak datozkigu, ostegunean Atharratzetik abiatuko den Korrika kari. Bihar eskainiko dugun Korrikari buruzko Tribuaren Berbak saio berezian Korrikak sorrarazten dituen emozio positibo eta kolektiboei buruz arituko gara. Zerk egiten du Korrika horren erakargarri? Zer sentitzen dugu? Adituek azalduko digute zein garrantzitsuak diren Korrika bezalako ekimenak euskara sustatzeko eta hizkuntza komunitate gisa indartzeko. Aurtengo edizioa Atharratzetik hasteak bertakoei zer suposatzen dien azalduko digute, bestalde, Margita Queheillek eta Haitz Capot-Thornaryk. Animaleko Korrika izanen da aurtengoa zantzu guztien arabera.

 

Tamalez, ezingo dut bertan izan, gaur bertan Parisera abiatuko naizelako. Eta orain publizitate amiñi bat. Bihar, asteazkena 18, arratsaldeko 19:00etan hitzaldi bat emanen dut Parisko Euskal Etxean: “Euskara bidegurutzean... eta Korrika!”.  Bertan bazaudete edo Parisen bizi den interesaturik ezagutzen baduzue, hurbiltzeko esan.

 

Bertan hainbat gai aipatuko ditugu, eta erreferentzia bat ere egin nahi nioke, irakurri berri dudan liburu bati: “Langues régionales: idées fausses et vraies questions”. Rozenn Milin eta Philippe Blanchet Lunati egileek frantziar estatuan hizkuntza gutxituen inguruan dauden uste faltsuei aurre egiteko argudio sorta interesgarria proposatzen dute liburuan. Lau dira arbuiatu eta arrazoiz desmuntatzen dituzten ideia nagusiak:

Eskualde hizkuntzak bigarren mailakoak dira.

Frantses estatuak ez du inolako erantzukizunik eskualde hizkuntzen gainbeheran.

Eskualde hizkuntzek ez dute ezertarako balio.

Eskualde hizkuntzak arriskutsuak dira.

 

“Langues régional” kontzeptua bera ezbaian jartzetik hasten dute liburua, eta, ondoren, gai nagusi bakoitzean, frantziar estatuan ohikoak omen diren hainbat azpi ideia lantzen dute. Deigarrienen artean: eskualde hizkuntzak ez dira hizkuntzak dialektoak, edo “patois” baizik, ez dute literaturarik, herritik herrira ez dute elkar ulertzen, ezta gazteek eta adinekoek elkarren artean ere...

 

Estatua zuritzeko erabiltzen diren argudioen artean hauek nabarmentzen dituzte: estatuaren aldetik ez da egon eskualde-hizkuntzak desagerrarazteko borondaterik, eskola bidezko errepresioa oso mugatua izan da, jendeak hala nahi zuelako baztertu ditu bere hizkuntzak. Eta horietaz gain beste hauek:  eskualde hizkuntzak jada ez dira hitz egiten, ia ez zaizkio inori axola, iraganekoak dira, ez dute balio ekonomikorik.... Hizkuntza nazional bat inposatzea ez da diskriminazioa, eskualde hizkuntzak Errepublikaren aurkakoak dira eta separatismoa elikatzen dute...

 

Munduan zabaltzen ari diren era honetako diskurtso baztertzaile eta zentralistei aurre egiteko argudio sorta interesgarria dakar liburuak. Sortuko diren Herri Etxe batzuetako eztabaidetarako erabilgarriak ere suerta daitezke, ziur aski.

 

Baina, horietako argudio askori aurre egiteko modurik onenetako bat, Xiberutikan Mendebaldera Korrika jendetsu eta indartsu bat lortzea izanen da.  “Euskara garelako... Korrika!”.

Beste iritziak entzun