Kike Amonarriz

2025 URR. 7

Iparraldea, motibazio iturri

Asteburu honetan Sarako euskal liburu azokara hurbiltzen bazarete, baliteke, bertaratuen artean, oso bestelako itxura duen jendez osaturiko talde bat ikustea: azal kolore desberdinak, batzuk jantzi eta kapelu ikusgarriekin, urrutiko hizkerak ezpainetan. Lau kontinentetatik euskararen biziberritze prozesua ezagutzera Euskal Herrira etorritako lagunak dira. Gu bezala, haien hizkuntza eta kulturen alde borrokan ari diren aktibistak.

Bilgune eta lotoki nagusia Aretxabaletan badute ere, Euskal Herri osoan zehar ari dira mugitzen eta heldu den asteburuan Ipar Euskal Herrian izango dira, Plazarako lagunak gidari dituztela. Aipatu bezala, Sarako liburu azokan, batetik, baina baita Ikastolak ezagutzen ere, Kanalduden, eta beste zenbait lekutan. 

Kooperazio linguistikoa sustatzen duen Garabide erakundeak gonbidatuta etorri dira eta pare bat hilabete egingo dituzte gure artean, hizkuntza biziberritze prozesuaren inguruko azalpenak eta formazioa jasoz, baina batez ere, hainbat esparrutako eta han-hemenka garatzen ari diren euskararen aldeko esperientzia praktikoak ezagutzen.

Baina, pentsatzen jarrita, zeren bila datoz Euskal Herrira, Erdialdeko Amerikako mixeak, nahuatak, kreoleradunak edo maiak, edo Hego Amerikako guaraniak, kitxuak, maputxeak eta aimarak? Zertara Afrika iparraldeko tamazigak edo Ekuatore Gineako bubiak, edo kurduak edo Australiako aborigenak? Zergatik eta zeren bila datoz gure herrira? Galdera horren erantzunak, egin dugun bidearen garrantzia eta euskararen aldeko hamarkada hauetako lanaren balioa nabarmentzen ditu.

Euskal Herriak euskararen alde egindako bidea interesatzen zaie, eta, bereziki, azken hamarkadetako esperientzia. Eta bide horretan Ipar Euskal Herria oso gertu sentitzen dute eta motibazio iturri emankor zaie, haien errealitatea askoz gertuago dagoelako Iparraldetik, hegoaldetik eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegotik baino: haienak ere ez dira hizkuntza ofizialak, eta baldin badira, ondorio praktiko eskaseko ofizialtasuna dute; ez dute apenas laguntza ofizialik; gehienak jazarriak eta baztertuak izan dira edo dira azken mendeetan; presentzia murritza dute komunikabideetan eta administrazioan, prestigio gutxi, belaunaldien arteko transmisioan etena jasan dute guk bezala, eta gehienetan hizkuntza estandarizatu edo batu gabe daukate.

Eta, haiek ere, herritarrengan eta hiztunengan bilatu behar dute aurrera egiteko indarra. Eta hori zaie deigarri hemen, eta bereziki, askoz ere egoera soziopolitiko zailagoan dagoen Iparraldean: jendearen ekimena hizkuntzaren alde.

Euskararen alde egiten dugun neurrian, beraz, gure hizkuntzaren alde borrokatzeaz gain, itxaropen iturri ere bagara munduko beste hizkuntza komunitate askorentzat. Ez al da ederra hori eskaini ahal izatea munduari.

Oztopo guztien gainetik, beti aitzina!

Kike Amonarriz Gorria

Beste iritziak entzun