Egun on entzuleok:
Ongi igaro al dira oporrak? Hala espero dut! Uda amaitu da euskal irratietan eta gu ere lanean jarri gaituzte. Aurreko ikasturteetan bezala hemen izanen gara hilero gure hausnarketa eta ideiekin, zuentzat interesgarriak izango direlakoan.
Egonezin gero eta nabarmenagoa ari da zabaltzen gure inguruan eta gizartean, egoera politikoa eta ekonomikoa dela kausa. Lagunarteetan, familiako otorduetan gero eta ohikoagoa da munduaren bilakaerari buruzko solasaldiren bat agertzea. Kezka sakona nabari da munduan bizi dugun egoeraz, eta baita, datorkigukeen etorkizunarekiko beldurra ere, zenbaitetan. Ez da harritzekoa: Trump eta Estatu Batuen politika oldarkorrak, gastu militarra handitzeko harturiko neurri ekonomikoak, nazioarteko politikaren ildo berriak, Gazan denon begi bistan gertatzen ari den genozidioa, Ukrainako gerra...
Hori gutxi balitz, Bayrou lehen ministroak ezarri nahi dituen neurri ekonomiko murriztaileek, eta hegoaldean, Espainiar estatuan izandako suteek, lehendik sutan zegoen giro politikoa gori-gori jarri dute. Eta Hego eta Ipar, eskuin muturraren eta muturreko eskuinaren gorakadaren hotsak.
Gastu militarra handitu, eta ondorioz, gastu soziala murrizteko mehatxua betetzen ari da, eta euskalgintzara ere iritsi da. Euskararen Erakunde Publikotik hizkuntza politika egokiagoak bideratzeko eskatzen zen aurrekontuaren emendatzea Estatuak ez zuela onetsiko jakinik, uztaila, Euskal Konfederazioak deituriko “Euskarari trufarik ez!” protesta-agerraldiarekin hasi genuen.
Udan zehar jakin dugu Estatuak 30.000 euro gutxiago emanen dizkiola Euskal Kultur Erakundeari, eta honek, kinka larrian jartzen duela erakundearen jarraipena. Lehen aldiz 30 urtean murriztu zaio aurrekontua.
Eta, aitzitik, herritarren gehiengoak hizkuntza politika sakonagoak eskatzen ditu. Ifop erakundeak abuztuan kaleratutako inkestaren arabera:
- Iparraldeko biztanleen % 90ak uste du frantziar estatua tokian tokiko errealitatetik urrunegi dagoela eta % 62 Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitatea sortzearen alde da.
- % 82 euskararen koofizialtasunaren aldekoa da.
- Eta % 66k dio euskarak derrigorrezkoa beharko lukeela irakaskuntzan.
Demokrazia herritarren nahia errespetatzea baldin bada, baitezpadakoa da estatuak euskararen biziberritze prozesua bultzatzea eta horretarako behar diren baliabide ekonomiko, tekniko eta legalak plantan ezartzea.
Baina hori gertatu bitartean, orain arte egin dugun moduan, herritarrok eta erakundeek, Iparraldekoak nahiz hegoaldekoak, aktibatu, mugitu, eta elkartasun-sareak osatzen jarraitu beharko dugu.
Ez dakit gastu militarra handitzeko erabakirik hartu ez balitz, edo onartu nahi diren neurri ekonomikoak hartuko ez balira ere, estatuak euskarari diru gehiago emanen ote liokeen. Baina dakidana da, euskararen aldeko borroka honen bidez hizkuntza eta herria aitzinatzea lortzen badugu, hauxe izanen dela gure ekarpena, munduko gutxiengoen eskubideen, antimilitarismoaren, demokraziaren eta mundu hobe baten alde.
Amaitu dira oporrak. Udazken beroa datorkigu… Beste bat!
Egun ona izan
Kike Amonarriz Gorria