Nola aldatu mentaitate edo pentsaerak?
Udazkeneko sartze hunek herritarren moralari eragiten dioten zailtasun frango buru ditu: Frantziako gobernuaren ezegonkortasuna, aurrekontu argirik ez izaitea, elkarteek laguntzak eskuratzeko dituzten zailtasunak, eta parean, mobilizatzeko deiak, bihar irailaren 10eko mugimendua bezalakoak. Krisi hauek errepikatu ahala, gero eta gehiago dira hetsiturik, gizartearen etorkizunaz kezkatuak direnak. Aitortzen dut hauetarik naizela.
Baina kezkaren gibelean galdera funtsezko bat bada: nola aldatu behar dira mentalitateak, pentsaerak, eta nola berreskuratu jendartearen arteko konfiantza eta elkartasuna? Nola gainditu bestearen mespretsua eta nola eraiki etorkizun bat non elkarbizitza nagusitzen zaion eskuin muturrari. Non gure hizkuntzak, kultura eta bizimoduak babestuak diren, eta non politika publikoek deszentralizazioa eta lurraldeen autonomia sustatzen duten?
Jarrerak aldatzea ez da lege edo dekretu bidez egiten: hainbat mailatan ekin behar zaio zerbait lortzeko. Heziketa eta sentsibilizazioa, ekimen lokalak baloratzea, herritarrei eta elkarteei botere gehiago ematea, gure laborantxa eta ingurumena babestea, eta elkarlana, aniztasuna eta errespetua funtsezko arrakasta gako direla erakustea.
Transformazio honek ausardia politiko erreal bat galdegiten du: Herritarrek ikusten dutenean beren ekintzak garrantzia dutela eta beren balioak errespetatuak direla, jarrerak naturalki aldatzen dira.
Laburbilduz, sartze politiko hunen erronka ez da soilik politikoa edo ekonomikoa: sozialki eta kulturalki sakona da. Eskuin muturra ate joka dugun garai beldurgarri hauetan, kolektiboki saia gaitezen, bereden gure lurraldean, jendarte justuago, solidarioago eta erresilienteago bat posible dela frogatzen.