Pantxika Aranbide

2026 URT. 13

Zer laborantza eredu nahi dugu

Mercosur-etik harago: zer laborantxa eredu nahi dugu egiazki?

Laborarien mobilizazioek agerian uzten dituzte Mercosur akordioa, bai eta DNC eritasunaren karietara behien hilketa injustifikatuak ere. Bainan horiez haratago, beste galde nagusi bat ere bada jokoan: zer laborantxa-eredu nahi dugu hemen, gure lurraldeetan?

Etxalde ttipiak, ingurumena eta kabalen ongizaitea zaindu, kalitatezko ekoizpenak proposatzen dituztenak, eta lehenik eta behin, lekuko jendea sanoki elikatzeko xedea dutenak…

Hori ez da amets erromantiko bat. Kontsumitzaileen itxaropenetan finkatzen den errealitate bat baizik. Jendeak badaki zer nahi duen! Baina ez daki beti zer erosten duen.

Laborantxa industrializatuak proposatzen duen merke-itxurak gero eta gutiago konbentzitzen du. Prezio apalen gibelean kalitatearen apaltzea, osasun arriskuak eta etxalde anitzen desagertzeak gordetzen dira. Hori denek dakigu!

Bainan halere, mobilizatzen ari diren laborari guziek ez dute eredu hori defenditzen. Hor bada ez-ulertze bat, anitzek defendatzen baitituzte laborariak, ongi ulertu gabe zer den jokoan. Mercosur-en kontrako aldarrikapena bidezkoaeta beharrezkoa da, bainan ezin da kanpoko mehatxu baten kontrako defentsa hutsera mugatu.

Laborantxa eredu intentsibo eta handituak ere gaurko sistema pairatzen du, hori egia da. Bainan eredu horrek berak elikatzen ditu krisiaren erroak: inbestimendu gero eta handiagoak, mendekotasun ekonomikoa, prezioen gerla, eta azkenean, laborariaren lanaren balio-galtzea. Horregatik sortzen da kontraerran bat mobilizazio batzuetan: sistema baten kontra altxatzea, sistema hori bera zalantzan ezarri gabe.

Etxalde ttipiek eta kalitatezko ekoizpenek erakusten dute beste bide bat badela. Ez perfektua, ez beti errexa, bainan koherentea. Tokiko elikadura, zirkuitu laburrak, justuki ordaindutako lana eta kontsumitzailearekin harreman zuzena. Horrek ematen dio zentzua laborari izateari, eta segurtasuna jateari.

Beraz, Mercosur-i ez erratea beharrezkoa da, bainan ez aski. Aukera bat da eztabaida zabalago baten idekitzeko: zer laborantxa nahi dugu defendatu? Zer elikadura-sistema nahi dugu kolektiboki sostengatu? Eta zer engaiamendu hartzeko prest gira, laborari ala kontsumitzaile gisa?

Ez-ulertze horiek argitzea ezinbestekoa da. Bestela, mobilizazioak haserrea adierazteko une huts bilakatuko dira, norabide argirik gabe. Eta laborantxak, berriz ere, bere etorkizuna beste batzuen esku uzten segituko du.

Beste iritziak entzun