Aitatxi maitea,
Goizean ere, argi zuri samin-samina piztu dizute aurpegira. Begiak ezin idekiz zaudela, poliki-poliki norbait agertzen zaizu sudurraren aitzinean, ohe-hegian pausaturik. Hobeki begiratu, eta ez duzu dudarik: xarmanteko ama-birjina bat, ezti-eztia, zuriz jantzirik mintzo zaizu. Seko sorra zirenez, ez diozu ja sesitzen. Orduan, tarrapataka biltzen dituzu zure belarritakoak nonbaitetik.
Horiek brantxatu, eta: “Ahahahahahaha!”.
Xahar-etxean zira, eta Petan, zure ganbarako laguna goiz-goizetik bere oihu bitzietan hasia da; zure ama-birjina atea brixtan pasatzen ikusten duzu. Ez bat eta ez bida, zure déambulateur-ari lotzen zira, eta haia-haia haren gibeletik partitzen. Noizbait, ganbarako atea pasatu, eta Berta erizainaren karrankak harrapatzen zaitu. “Pilale Etxemendi! Norat ari gira hola, ipurdia airean?”. Badakizu fini zirela. “Goazen askaitera, ale!”.
Kafe-esneari zurrupaka ari zira, kopeta ilun, Berta inguruka ari zaizula, jabaldurik. “Alors, M. Etxemendi, ontsa lo egin duzu?” Ba, ba… “Kaxeta hartu baituzu?” Ez, ez… Uste du, ba, zu seko mentsa zirela. Madalena ahotik eskapatzen zaizu kafe-esnera plasta, boskan. “Ahahahaha! Pilale, debru zerri-kaka! Jatean ere zikina hiz!”. Zizolatzen hasia zira, lokartzera zoaz. Badu bi egun bederen etxekoak ez zaizkizula izan.
Iratzartzean, beztiturik eta garbi-garbia zira, pinpinan, zure fautilan. Ama-birjinaz oroitu, eta hortxe partitzen zira berriz. Noizbait, pasabidean sartu berrian, zure lehen auzoa, Maddi, keinuka ikusten duzu haren ganbarako ate gibeletik. “Pilale! Pilale! Haugi, haugi! Xixka bat eginen diagu! Ttaka-ttaka, nehork ikusi gabe! Fite egina diagu!”. Ez dakizu norat eskapa, eta: “Pilale Etxemendi! Berriz ere katzakan?!”. Behingoan, Bertaren karrankaren aditzeaz kontent zira. “Utzi ezazu Maddi bakean, eh! Goazen bazkaitera, ale!”.
Jangelan zaude, Petanetatik urrun; purea jan ondoan, konpotari hurrupaka, tinta bat galtzetara isurtzen zaizu. Zizolatzen hasia zira, lokartzera zoaz. Badu sei egun bederen etxekoak ez zaizkizula izan.
Iratzartzean, ama-birjina ez, bainan xarmanteko gizona dago zuri so. “Hara, hara! Gure Pilale, hemen dela! Zer diozu, aspaldikoa? Pixkorrean eh, ba, ba!”. Xarmanta da, ele errexekoa… bainan esku mulika luzatu dizularik, duda sartu zaizu. Nor ote de? “Jakin duzia Aña, zuen auzoa, pausatu dela? Aña Jaureginekoa. Ez? Bo ze pena hartu dutan! Xarmanta emaztekia, gisakoa, isila, ta langilea, langilea emaztekia! Ze pena, ze pena!”.
Ta horrela segitzen du. Ez du batere zure beharrik mintzatzeko. Zuk “Ah bon?!” erraten diozu artetan, alegia. Bainan zer nahi ote du? “Bon, ta oroitzen zirea zer heldu zaizkigun martxoan? Ez? Bozak, herriko bozak! Lista muntatua dugu ta bon, jakin nahi nuen etxekoekin nola zenbiltzaten, prokurazioa edo zerbait egina zenuten…”. Erran diozularik baduela asteak eta asteak etxekoak ez zaizkizula izan, gizona zuritu eta brau zutitu zaizu, erranez zure semeekin ikusiko zuela, eta berriz jinen zela laguntzera.
Hura abiatzean, bazterretara so egiten duzu, ama-birjina ez ote dabilan hortik… Bainan Maddi duzu ikusten, haren lagun oilo moko handia ondoan duela. “So egin ezan, so egin ezan Maddi, eskas dugun museko laguna non dugun! Pilale gaizoa, ez ahal diok Marie-Baptisteri errefusatuko musean aritzea?!”.
Xahu zira. Maddi ondoan duzu, eskua zure izterrean alde bat pausaturik. Xantza gutikoa, ez duzu sekula kartarik ukan, zure denbora guzian. Joanes izeneko bat eman dizute laguntako. Memento batez, piztu zaizu, eta bere dentierra eskapatzen ikusi diozu. Bi erregeen keinua zuelakoan, hor dago bota duzu handira. Eta hor, Maddik: “Erran, Mari-Batit, badituna bi errege?”. “Nik, ba segurki, ta erregina ere, oraino!”. Kartak itzuli, eta horra lehen mantxa galdua.
Zainetan zira. Eta hor, hor, sekula ez-eta, ama-birjinaren keinua bailitzan, lehen itzulian, hiru errege ta batekoa esku artean. Pareko biak mintza atera dira, erraustuko dituzu. Pil-pilean zira! Bainan… Maddiren… eskua… erretiratzen… senditu duzu. Galtzak bero-beroak dituzu, eta iztila bada zure kadera azpian.
“Ahahahaha! Ta Pilale, ama-birjina harrapatu duka?”. Bertak zure ganbarara ekarri zaitu, garbitzera. Zure belarritakoen kentzeko garaia da!