Euskara irakasle maitea,
Goiz berezia da gaur zuretako, 6 edo 9 hilabetez euskara ikasiko duen heldu talde berria baituzu. Badakizu ez dela errexa izanen, bainan eder zaizu talde bat zerotik hasi eta maila horretara hel dadin, hain denbora gutiz.
Goizik arribatu zira euskaltegira, eta jadanik lehen ikasleak hor dituzu. Adin, izari eta kolore guzietako jendea, euskaldun bilakatzeko prest.
Egun on, Pantxika deitzen naiz erranez eta idatziz agurtu dituzu. Tun-tun-tun! Bazenekien, beti behar da bat, hastapen horren mozteko, klasean berantean izanez! Zure adintsuko gizona, ttipi eta mendre airea, sartu da gelara.
Ez zira kexu, bainan aski fite galdegin diozu bere burua euskaraz aurkeztea, arbela irakurriz. “Egun on! François deitzen naiz”. Bon, bada lan, bainan gutienez entseatu da. Hasten zira esplikatzen, pollikiño, euskaraz ez dela “Z” soinurik… Eta, bistan dena, taldean xiberotar bat badela zuri kontra egiteko: xiberotarrez edo eüskaraz, medikua bedezia erraten dela. “Et tok! Voala!” entzun duzu sahetsean: François hor duzu so, irriz.
Gustukoa duzu François hori, eta berantetsia duzu ikustea nola aurkeztuko duen bere burua bigarren egunean. “Egun on! François deitzen naiz, c’est bien non?”. Harritu zaitu, eta bikain batez txalotu duzu. Astez astez, aitzinamenduen egiten ikusi duzu, eta astiri batez duzu sesitu zinez motibatua zela. Kirol salan zinela, xoko batean aditu duzu norbait pizuen altxatzen: “da, gala, zalete, dila! Ah ouais, bikain François!”. Zure xokoan egon zira, isilik bainan loriaturik!
Hortik fite gorpuztu zaizu zure François. Egun batez, klasean isiltasuna urratu du: “Pantxiko? Pantxiko! Barkatu, badut galdela bat. Françoise euskalaz, Pantxiko da, holi da?” Zuk baietz, jenaturik. “Alors Françoise Pantxiko bada, François Pontxo da! Belaz nahi dut zuk ni Pontxo deitzea. Pontxo, lagunak, gaur, bihar eta beti: olain Pontxo naiz, c’est bien non?”.
Hortik goiti, zure Pantxo berria geldiezina bilakatu da: kirol gelan, iraganari loturik: “ginen, zineten, zilen! Ah ouais, bikain Pontxo!” Eta sustut, sustut, euskaraz mintzatzeaz harro! Goiz batez, ondoko ostatuko zerbitzariak kafea beti frantsesez ekartzen baitizue, Pantxo zutitu zaio, erranez: “Ecoute-moi bien Clement, euskalaz ikasten ali naiz. Bi kafe eta ebaki bat, c’est tous les jours la même, ez da zaila! Merde quoi, egia da non?”. Geroztik, kafea euskaraz ekarria zaizue.
Onartu behar duzu Pantxo horrela ikustean, pinpirinak jalgitzen zaizkizula tripa zolan!
Bon, ez ditu oraino kode guziak… Korrikaren karietara, enpresen diru-sustengu bezala, gehienek 30 edo 40 euro eskuratu dute. Eta Pantxok: “50.000 euro!”. Segur zira? Ez zira tronpatu? “Bost, zelo, zelo, zelo, zelo eta zelo: 50.000 euro, eh ouais mortel, Pontxo el guapo!”. Bainan nola demontre egin duen galdegitean… “Ezagutu ditut, Arnegin, bi kusiak”. Dudatzen hasi zira… “Bon, 50.000 euroren truk, galdegiten dute mikroan oihukatzea Tipi Tapas, Tipi Tapas, Korricard! C’est bien non, ça passe?!”. EZ DA POSIBLE, erran duzularik: “Ah bon?”, triste-tristea utzi duzu.
Oraino hunkigarriago egin zaizu zure Pantxo. Hondarrean, kirol salan pindarturik utzi zaitu: “Nau, nauzue, naute! Eh ouais, Pontxo el guapo, Pontxo el guapo!”. Bere espantuetan utziko zenuelarik hantxe… “Pantxiko? Badakit hor zilela, hastapenetik!” Seko gelditu zira. Zuregana hurbildu da: “Pantxiko, zerbait erran nahi zaitut: maite dizut”. Urtu zira horretan! Ez duzu zuzenduko. Pantxo muxukatzeko garaia da!