Laguntzaile maitea,
Goizean ere, zure ikastetxeko bidea hartu duzu. Urtarrila honetan gaixto zaizu lanera joatea, bainan zure Clioa eternala denez, horma, elur eta haize hegoak gaindituz zoaz ilunpean.
Zuk duzu ikastetxea idekitzen, eta hori bada zure fiertate ttipia: lehena zira lanean, eta 30 urtez, maitatzen ikasi duzun mementoa da. Lehen, gelak hotzak ziren goizetan, orain epel dira: zuen amatxi zenak “progrea” deitzen zion horri. Jendeak ditu lekuak berotuko istantean, orduan zuk, isiltasunaz goxatuz, apailatzen dituzu bazterrak. Argiak piztu, jats kolpe bat eman inkas, eta haurren alaitzeko puskak atera, horiekin baitituzu balakatuko zure mununak.
Laguntzaile deitzen zaituzte, hori baino gehiago espero zenuen zuen ofizioari euskarazko izena asmatu zutelarik… Bainan horra hor lehenbiziko autoak entzuten dituzula, heltzen ari.
Haur batzuk lasterka jin dira zure besarkatzera, bertzeak ez dira oraino menturatzen. Badira horien ñuñua jan lezaketenak: busti-bustiak hartzen dituzu zure matelaren kontra, erdi lo. Mutiko tzarrak pilotari lotu dira berehala, kontent zira neskek horiek baino beso gehiago dutela ikustean.
Familiak jin, burasoak joan, ikastetxeko zuzendaria ere pasatu da isilik horien artean; haur multxo polita duzu orain, eskuartean. Zinezko jende kumeak, ez dute ez merkatuan erosi horien izatea!
Eta preseski, ama irri zuridun hark, euskara leun-leunean erran zizularik Maitena garbia zela orain, dudak ukan zenituen. Ez zinen tronpatu, nekattoa hantxetara presentatu baitzaizu istanteko, bere galtzak blai: “Aña-Mari, pixa”.
Anartean, Emeline sartu zaizu Julenekin: euskara ikasten hasi berria da, eta goizero bezala, zerbait izigarri inportantea badizu errateko: “… Egun on, Aña-Mari… Iulen… Iulen… Iulen ez da… ongi… lo egin?” Oh bainan berehala lasaitu duzu, goxoki artatuko duzuela gaur eta segi dezan euskaraz… zaude, zaude: zer da usain hori? “Aña-Mari, kaka”. Haha, Emeline agurtu duzu, Maitenaz okupatzeko.
Eta hor, hor, agertzen zaizu goizeko kataplasma: Jean-Luc, bazterren harrotzera heldu zaizun aita. “Coucou les loulous! Comment ça va ce matin? Allez Oihan, tu mets les xapiñak?” Ez. “Salut andeleño, bien dormi?” Ez duzu ikusten ahal, baina ezin deus erran… “Eh ben alors Iulen, c’est quoi ce maillot? La Real Sociedad? C’est un club, ça? Hahahahaha!”
Aski da, sobera da, blauki xutitzen zira, eta Jean-Luc armairuaren kontra botatzen duzu, lurrean aplakatu aitzin. “Haurrak, enekin!” Eta heldu dira zure xitoak, lasterka, jostailuak botatzen dizkiote gainera, ttipienek ñuñuekin jotzen dute. Oihan ere lotzen da: segur zinen ez zuela bere aita jasaten ahal. Alimaleko harramantza da gelan eta hor, Maitenak bere galtza busti eta usainduak muturrean sartzen eta matatzen dizkio.
“Andeleño? Andeleño? Ouh la, ça a pas l’air d’aller, là…” Jean-Lucek zure ametsetik jalgiarazi zaitu. “Bon, je file moi, sinon je vais louper mon txik-txak!”.
Mmmhhh, habil, habil Jean-Luc… Hori balitz problema… Zure zuzendariarekin mintzatzeko garaia da!