Xan Aire

2025 ABE. 10

Mari Domingi maitea

Mari Domingi maitea,

Serioski dudatzen hasia zira zure tokian zaudenez hor…

Batean eskola eta ikastoletan, bertzean karrika eta irrati hau oraindik entzuten dutenen artean, edo

zentro komertzialetan berdin… Hortxe zabiltza, zure gizonari segi, jendearen atseginean. Bai, bainan

goxagi horretan ibilirik ere, duda duzu arras elgar konprenitzen duzuenez.

Izan haur mukuzuekin: “Olentzelo! Olentzelo! Mali Domingi! Mali Domingi!”.

Edo aitatxi jenatuekin: “To, xu, erraxu, hor xireno, fotoat aterako xinukea gurekilan,

alabatxiarendako?”.

Iduritu zaizu bi ama ere hurbildu izan zaizkizula: “Mari Do, Ametsekin selfie bat aterako dugu bai,

ezta?”.

Bizkitartean, zure gizona loriatzen dela ikusten duzu… Zure gizona, gizon tetele demontre hura! Ez du

sekula jakin ezetz erraten. Beti gogoan duzu goiz hartako burdinezko telefono-dei hura, dena aldatu

zuena, zure ustez: “Kaixo. Olentzerorekin, faborez? Eroskitik”.


Orduz geroztik, sekulako bitxikerietan hasi zitzaizun gizona. Hura, hain zurruta, haurrak jostailutzat

zauzkanak lehen: “Kuku, haurraaaaak!” kokin hartarik, “Egun on, haurraaaaaak! Zer nahi duzue

eguberrikoooooo?” pereketara pasatu zitzaizun. Aitatxi leun eta banoa?!

Oh, ez beti, ez: segur zira kantari neska gazte harekin irrintzi-izerditan arizana dela, Ole, Olentzero,

Ole, Olentzero, Ole, Olentzero, Ole, Olentzero! Mmmhhh zinez pasatu zitekeen orduan, hortik fite

deitua izan baitzinen zu, Olentzeroren irudia eraldatzera, zurekin batean bikote ezti eta lasaigarria

osatzeko, familia osoa besarkatuko duena.

Zuk, hastapenean ezetz. Bai, bainan istanteko, bi emazte, zuri lotuak aldarrian, gabon parekide eta

femeninoa, emakumea ere protagonistatzat hartzeko. Bistan dena ez zeniela ezetz erranen! Orduan

plazaz plaza abiatu zinen zu ere, batetik bertzera, gustu bereziz.


Alta, azken aldietako ihauteriek pindar zerbait jalgiarazi dauzute tripa zolan.

Nola gaueko itzaletan maxkak ateratzen zenituzten Karatoxekin batean, karriketan haur koxkortuen

gibeletik oihu-orro tarrapataka ibiliz.

Nola etxeetan bildu puskez urdekatzen zinezten zipatu artio, ikatzetan itsaloska, Laminosineko

putzuetan astokeri beltzerian, ilargi betearen mazeletan.


Nola lurra jo, ta jo, ta jotzen zenuten, brokatu eta popoindu artio, argiaren alba luza zedin arren.

“Eta ez ahantz astoarentzat pastanen uztea, eh! Eta xokolate-esnea enetakooooo”.


Oh, bainan noiz galdu zineten bidean hola? Zure gizon pandero horrekin mintzatzeko garaia da!

Beste iritziak entzun