Xan Aire

2026 MAI. 13

Trailero maitea

Trailero maitea,

Ah zer goiza, Baigorritik Urepelera eramaten zaituen autobusean zira, Euskal Trail lasterketa lehen aldikoz egiteko prest. Bon, prest: fite errana da, hor baitzira bereziki Emilie, betiko adiskideari plazer egiteko.

Ez da alta Emilie ere kirolari handia, bainan lanean tipo bat ezaguturik, buruan sartu zaio zaletasun horren partekatzea harekin: Traila. Errana diozu, trago baten inguruan, gizon ezkondu baten gibeletik ibiltzea ez dela planik hoberena, bainan Emilie ikusten duzularik irria ezpainetan hola autobusean, pentsatzen duzu plazer horren partekatzea inportantea dela.

Ah zer tentsioa, denak zainetan dira autobusean, ultra zapaten estekatzen, ultra zakuaren kalatzen, ultra uraren tuioa aaaahora heltzen dela segurtatzen. Kasu, arribatzen ari zarete, goizeko lehen txanda, doi-doia argitzen hasia kanpoan; atea ideki orduko multzo batek pasabidean harrapatzen zaitu, eta “Emilie, Emilie!” oihukaturik ere, zure laguna irria ezpainetan uzten duzu hantxe, tente potente.

Lasterkari multzoa ez da gelditzen eta zoko ilun batera eramaten zaitu, hantxe denek shorta beheititu eta turututu tu tu tirriteri kakeria batean zainen husten hasten zaizkizu. Feria de Dax zapia duen gizon azkar batek “Ah xebon, je xüi prêt pour l’euxkal!” bota du, ipurdian oraino agerian.

Xifriturik, plazara eskapatu zira hortik, ea Emilie atxematen duzun berriz. Erdi-erdian dago, betiko irria ezpainetan. Arranguratzen hasia zira, bainan abiatzeko txupinazoa botako dute laster eta TAU! jendea tiroa bezala partitu da… zuek biak salbu: Emilie taloa bezala erori da zure aitzinean, irria ezpainetan beti; medikuak hurbiltzean sesitu duzu zure laguna harrifikaturik zegoela hastapenetik. Lasterketa aritzeko ez dela on erraten dizute, bainan Emiliek hurbiltzea galdegiten dizu, belarrira xuxurlatuz: “Andrea, otoi… egizu enetzat… eta Jean-Lucentzat”.

Erdi triste, erdi kexu partitzen zira beraz, bakarrik, maldan goiti. Azken aldia da holako zepoan sartzen zirela, lagun bati plazer egin eta gero petzero finitzeko… Eta bere tipo hori, segur zira ez duela deus onik ekarriko.

Errabiaz beterik, ez zira ohartu ere lehen kaskoa airez aire pasatu duzula. Peko haizea sartu, eta lanopean zira orain, zure urratsean brauki segituz, kopeta ilun. Hor, lanopetik, lasterkari multzo batek harrapatzen zaitu mendiaren erdian, eta hortik urrun eramaten.

Noizbait horien artetik ateratzen zira, segitzen dituzu instantño batez, eta bitxiak zaizkizu… fiteegi doaz, erortzen zira, eta bidexkan landatua den bandera ttipia ikusten duzu: Ultra Traileko bidean zira, 130 kilometroko lasterketan! Memento bereann, emazte baten orro beroa aditzen duzu oihanean: pago zaraka artean, bikote bat gaitzeko lanetan harrapatzen duzu. “Oh Pontxiko, oh Pontxiko, oh Pontxi…koooo… C’est bien, non?”.

Alimaleko kolera duzu zure baitan. Batzuk amodio freskoz gozatzen ari, eta zu hor, ziminokerietan. Ez da xuxen! Lasterka partitzen zira hortik, lehengo tropa doblatzen duzu; anartean, antolatzaileak ohartu dira ez zirela lasterketa onean. Berdin du, hantxe harat botatzen dituzu, banan bana; azkenean, uzten zaituzte segitzera. Kilometroak, orenak eta gaua pasatu zaizkizu lasterka, eta argi bat ikusten duzu han puntan: arribada. Egiten ari zirenaz ohartzen zira hor, eta alimaleko arranpak geldiarazten zaitu.

Esku bat senditzen duzu bizkarrean: “Mais oui, c’est bien elle! Coucou Andrea! On finit la course ensemble, ou tu veux finir dernière? Hahahahaha!”. Ez da posible, Jean-Luc, Emilieren tipoa, hor duzu, sudur aitzinean.

Gomita isilik onartu duzu, eta elgarrekin segitzen duzue. Helmugatik hurbildu ahala, ohartzen zira Jean-Lucek aitzindu nahi zaituela! Entseatzen zira gibeletik harrapatzen, baina ez zaitu uzten! 100 metro baizik ez dira gelditzen, Jean-Luc bizkarretik hartzen duzu, eskua muturrean emanez pusatu nahi zaitu. Ez du lortzen, erortzen da, eta aitzinean finitzen duzu!

Zure traila irabazi duzu. Bainan Emilie hortik ateratzeko garaia da!

Beste iritziak entzun