Gaxine, Damien eta Jean Luc.
Gaxinek 86 urte ditu eta anaia gehienarekin bizi da . Berriki arte frango goxoki bizi ziren bi anai-arrebak. Bainan duela urte bat hasi zazko eneguak Gaxineri. Gerruntzetatik sofritzen hasi da, barnea ilundu zako eta pizua ttipitu. Karako ! Pentsatu du Gaxinek, nik ere trunpilo tzar bat baduket hor nunbait kafira egiten ari... Gaxineren diagnostika xuxena zen, eta hospitalera joan jin frango eginak ditu geroztik.
Gau huntan, goizeko bietan berriz abiatu zako alimaleko min bat, eta erizainak prestatu erremedioekin ezin soleituz dabil azken orenetan. Ez da eskapurik, berriz hospitalerat joan beharko, larrialdietarat. Usaia badu Gaxinek, bainan beti arrangura bera du larrialdietatik pasatzean, ea norekin agituko den, erizaina goxoa ala soraioa izanen den, goxoki ala bortizki, presaka edo arraposki ariko den, eta xantza pixka batekin euskalduna izanen den edo gehienetan bezala frantximenta. Gaxinek frantsesa emanik ere, euskaraz gauzak hobeki esplikatzen ditu, goxokiago eta xehekiago. Konfiantzan senditzen da.
Puttiko gazte batekin gertatu da, gozoa, bainan net frantximenta.
Damien ez da euskalduna ez, badu 5 urte Euskal Herrirat heldua dela, hospitalean erizain postu bat atxemanik. Ohartua da noiztenka larrialdietarat heldu zazkola frantsesa kiskun kaskun emaiten duten xahar batzuk, edo frantsesa batere emaiten ez duten haurño batzu. Errexago litaike denek frantsesa untsa balakite, bainan badirudi hemengo jende batzu tematzen direla euskaldun irauten... Bitxikeria zitzakon hastapenean, bainan duela zunbait aste pentsatu du menturaz hark ere ikasten ahal zuela, entzun ondotik kolega batek kurtsoak hartu zituela, eta frango polliki mintzo omen zela. Eta zendako ez nik? Pentsatu du Damienek. Zuzendariari galdegin nahi dako ea barne formakuntzan euskara ikastea posible den, bainan pixkat uzkur da, zuzendariarekin harremanak zaildu dira azken hilabeteetan. Eta ez da arrañatuz joanen : hospitalea defizitan omen da, lana fiteago egiterat akuilatzen dituzte, akta gehiago fakturatzeko, eta on,darrean sos gehiago sarrarazteko. Damien ez da harritu zuzendariak ez baitako ihardetsi.
Jean Luc zuzendariak ez dako ihardetsi, ez. Meila doi doia irakurri du eta luzatu gabe zikinontzira igorri. Ez du holako fantesietaz okupatzeko denborarik, sindikatek aski kakinazten dute, greba mehatxu eta oro. Hospitalearen konduak orekatzea du obsesio bakarra. Eta funtsean denbora balu ere ez zakon ihardetsiko, Jean Luc untsa futitzen da sindikatuak bezain inutiltzat duen hizkuntza hortaz. Hemen Frantzia da, ez da beste hizkuntza beharrik. Eta ez da gehio sosik holako zozokerientzat.
Irailaren 26 an Maulen, goizeko 10etan, osagarri arloaren eta euskararen aldeko borrokak uztartzen dituen LARRIALDI ekimenaren aurkezpena eginen da, Jean-Lucen mundu ikuskera kordokatzeko, Damienen euskalduntzeko eta bere lan baldintzen hobetzeko, eta ondarrean, sustut, Gaxine hobeki artatzeko, kolektiboki zer egin hausnartzeko.
Laster arte !