Basabürüako ibar eskuineko gazteek lehen maskarada arrakastatsua eman dute igandean, Lakarrin. Eguraldi ezin hobearekin abiatu da maskaraden sasoia. Goizean goizetik barrikadetan jende andana bildu da Lakarri-Altzaiko gazteen ikustera, eta Pitxuren balentriak azpimarratu dituzte ikusleek. Beste hamabi emanaldi izanen dira Xiberoa osoan gaindi, heldu den hitzordua Zalgizen izanen delarik heldu den urtarrilaren 19an.
Pilotako euskal selekzioaren aldeko eguna antolatu zuten larunbatean Makean. “Euskal Selekzioa orain” elkarteak lehen biltzar nagusia egin zuen goizean. Elkartea osatzen duten 15bat gaztek horien proiektua aurkeztu zuten. Sentsibilizazioaren inportantzia azpimarratu dute, Euskal Selekzioaren gaia plazaratzeko. Formakuntza alternatibo bat eskaini nahiko lukete ondoko urteetan, ikusiz Frantziako Selekzioari uko egin diotenak Federakuntzako azpiegituretatik kanporatuak izan direla. Euskadiko selekzioaren gaia ere aipatu dute, eta igurikatzen dute Euskadiko federakuntzaren bozak pasatuak izatea, urtarrila hondarrean.
'Ahetzen' zerrenda gailendu da herriko hauteskundeen bigarren itzulian, bozen %44,39 erdietsirik. Ramuntxo Labat-Aramendik gidatutako zerrendak ehun boz gehiago bildu ditu, lehen itzuliko emaitzekin alderatuz; 471 boz orotara. Hirurogei bozetara gelditu da Ramuntxo Goietxe, orain arteko axuantaren hautagaitza, boto paperan %37,42arekin (397 boz). Azkenik, Laetitia Guesdon-Michaudek, Elizalde auzapezak babesturiko hautagaiak, 193 boz eskuratu ditu: %18,19. Legegintzaldi laburra izanen du aitzinean Ramuntxo Labatek, 2026an izanen baitira herriko etxeetako hauteskundeak Ipar Euskal Herri osoan.
Frantziako Armadak errekutratzea emendatzeko propaganda-kanpaina egin du Baionako Ametzondo merkataritza-gunean. Horren kari, Ipar Euskal Herriko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) protesta-ekintza egin du bertan, armadaren kanpaina gaitzetsi eta larriagotzen ari den gerra-mehatxuari buru egiteko. Estatuek inposatzen ari diren agenda belizistari aurre egitera deitu du antolakundeak, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du «instituzioetatik at antolatzea». Urtarrilaren 25ean, hitzordua eman du GKSk Iruñeko eta Bilboko manifestazioetan parte hartzeko. Gerlaren eta faxismoaren parean, gazte langileak lehen lerroan izatera deitzen ditu mugimenduak.
Biarnoan, 30urtez lizeoan Filosofia irakasle egona, Piarres Ainitziartek, diziplina hortarako duen maitasuna partekatu nahi izan du liburu batean, eta euskaraz.Maiatz argitaletxearekin 'Filosofian Ibiliz' liburua argitaratu berri du. Azpimarratu du, xantzaz ibilbide hautu “oker” bat egin zuela, apez eskola egiterakoan. Horri esker ikasketak egin ahal izan zituelako, eta filosofia deskubritu.
Nekatoenea baserrirako hautatua izan da Pantxix Bidart musikari hazpandarra, bi hilabetez egongo da bertan fikzio historiko bat idazteko. Musikari, abeslari eta konpositore gisa ezaguna den Pantxix Bidart autore ere bada. Fikzio historiko baten bidez, 1960ko hamarkadako Hazparne herriaren memoria transmititu nahi du.
Iaz bezala, Euskal Herriko Biper saileen arteko elkarlana berriz sustengatzea erabaki du, RetPIM2 proiektuari 48 mila euroko diru-laguntza emanez. Hortan biltzen dira sormarka edo label batekin ari diren Lodosako Pikilloa baita Ezpeletako eta Gernikako Biperrak ere.
Euskadiko Selekzioaren sortzea onartu du FIPV nazioarteko euskal pilota federazioak, Iruñean larunbat honetan egin duten biltzar nagusian. Erabakia ospatu dute kanpoaldean elkarretaratuak ziren Euskal Herriko pilota selekzioaren aldeko mugimenduko kideek.
- Luis Santsez eta Peio Larralde iritsi dira Super Prestige lehiaketako finalera
- Xabier Euskize: «Emakume pilotarien bidea ez da erraza»
- Benito Lertxundi: «Zuzenezkoetan beharrezkoa den xarma hori galtzen ari nintzen»
- Israelekiko harreman oro moztearen aldeko kanpaina abiatu du Palestinarekin Elkartasunak
- Patxi Berhouet: «Macronistek eskuin muturra ez kexatzeko moduko gobernua osatu dute»
- Erlaitzeko bidea gibelatuko dute hainbat gunetan, lanjerrak saihesteko
- Baionako ospitalea: CFDT, UNSA, FO eta zuzendaritza, akordio baten bidean
- Eguberriko merkatu euskaltzaleak bere tokia egin du Baionan
- Max Brisson senatari miarriztarra baikor, Bayrouren gobernuarekin