Behien tuberkulosia: tropen erhaitea proposatu du DDPPak, hiru kutsatze kasutik goiti

Tuberkulosia kasuak atzeman diren Xiberoako hamaika etxaldeak ez dira ados DDPParen tuberkulosia protokolo proposamenarekin. Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzako ordezkariarekin bildu ziren laborariak ostegunean. Irabarnen prefetak hiltze orokorrik ez zela izanen hitzeman bazuen ere, ororen buru, kutsatze heina besterik ez dute aldatu. Horren ondorioz, hogei behiko tropa batean hiru kabala eri izatekotan, talde osoa hil beharko litzateke. Hastapeneko irizpideen arabera, heina bi behitan ezarri zuen administrazio frantsesak. Laborariek protokolo berri baten proposamena landuko dute.

EHZ festibalak aurtengo edizioa aurkeztu du

'Lurraren herritmoa' izanen da EHZ festibalaren 29. edizioaren leloa. Ekainaren 27tik 29ra iraganen da Arberatze-Zilhekoan. Otsailaren 27an afixa, lema eta programazioaren hastapena plazaratuak izan dira Donapaleun. Afixaren estiloa, argazki batez osatua izanen da aitzineko urteetan marrazkiz zelarik. Eta programazioaren aldetik, Auhen, Maskak, Marte lasarte, Wisard, Radio Byzance, eta plazan Cie Choari eta Queer Falafel artistak izanen dira eta gaineratekoa berantago aurkeztuko dute.

Aldaketa klimatikoan itsas korronteek duten eragina aztertu du Paul Moal-Darrigade donapaleutarrak

Itsas korronteek eraginak ukanen lituzkete kliman, baita klimaren beroketan gainean ere. Paul Moal-Darrigade donapaleutarra, sedimentologian aditua eta paleo-klimatologoa da, eta Mediterraneotik ateratzen den korronte bat ikertu du. Bildu izan ziren Mediterraneoko sedimentuak ikertu ditu bere tesiaren kari, korronte horren eraginak aztertzeko. Eta preseski, bere lanari esker, erakutsi du azkartzen delarik, korronte horrek Mediterranoen berotasuna eta gatza ekartzen dituela Ipar Europara. Paul Moal Darrigade ikerle gaztea Zabalik elkartearen Donapaleuko Otsail ostegunetan entzuten ahalko da, gau honetako 8:30etan, Donapaleuko Bideak gunean.

Antton Kurutxarri: «Berrehun helduren euskarazko ikastaldi trinkoa finantzatuko du Elkargoak»

Helduen euskalduntzea bultzatzeko beka sortu du Euskal Hirigune Elkargoak. Joan den urtean Euskararen Erakunde Publikoak hemendik 25 urtera euskararen egoera eta bilakaera zein izanen zen aitzinikusten zuen prospekzio ikerketa baten berri eman zuen, ODAP urbanismo agentziaren laguntzaz gauzatu zuena. Emaitzek argi utzi zuten egoera larria izanen litzakeela, gaur egungo euskararen babeserako dispositibo eta neurriekin segituz gero. Demografia hazkundea aitzinikusten da Iparraldean, frantses lurraldetik migratuko duten biztanleen eskutik. Hori dela eta, Elkargoak helduei zuzendutako "Euskaldundu" beka ireki dute. Jada euskararen aldeko ekimenak bultzatzeko EEPri 650.000 euro gehiago eskaintzea onartu zuen Elkargoak, baina Departamenduak, Eskualdeak eta Estatuak ez dute urrats hori eman. Antton Curutcharry Hirigun Elkargoko presidente-ordea eta hizkuntz politiken arduradunak azaldu duenez, berrehun heldu euskalduntzeko xedea du Elkargoaren dispositibo berriak.

Larralde eta Ospital buruz buru, Frantziako pilota txapelketako finalean

Peio Larralde eta Mathieu Ospital, hori da igandeko Frantziako txapelketako final handiko afixa izanen da Hazparnen. Pilota hautaketan, finalean izateaz biziki kontent dela aitortu du Peio Larraldek. «Faboritoa» dela dakien arren, txapelketa honetan Ospital «sasoi onean» ikusten du, eta «%100a emateko prest» agertuko dela baieztatu du. Partida 11:00etan jokatuko da, eta zuzenean segitzen ahalko duzue Euskal Irratietan. Bestalde, B mailako finala astelehen arratsaldean izanen da Donibane Garaziko Garatenea trinketean, Jon Saint Paul eta Mickael Darmendrailen artean.

Itxura berria ukanen du Baionako Mousserolles parkeak

Baratze partekatu bat eta aisialdi gune bat izanen dira, besteak beste, eta parkeko lau sartzeak ere eraberrituko dituzte. 2024ko urriaren 17ko kontseilu bilkuran bozkatu zuten eta orain hasi dituzte obrak. Sei hektareako gune naturala monumentu historikoetan sartua da eta auzoetako kontseilu bilkuretan aipatu ondoan Mousserolleseko zirkulu berde guztia moldatuko dute. Hiru eremu ezberdin izanen dira, baratze partekatu bat, kanpoko ikusgarri eremu bat eta aisialdi eta pausa gune bat. Irisgarritasuna errazteko bideak berrituko dituzte, baita kasamatak eta eraikinak ere. Lehen zatiko obrak abiatuak dira, baratze partekatuak eginak dira eta obrak 2025eko udan bururatuko dira. Bigarren partea hortik goiti abiatuko da kultura eta animazio gunearentzat eta azkenik pausa gunea eginen dute, landare eta arbola landatzeekin. Lau urteko proiektua da, 800.000 euroko kostuarekin. Urtean 200.000 euroko inbertsioa eginen du beraz Baionako herriak.

Betharrametik Uztaritzera, bortizkeria kasuen salaketak biderkatuz doaz

Bihotzak askatzen ari dira, ikastetxe pribatu katolikoetako ikasle ohien artean. Betharrametik Uztaritzera, bortizkeria jasan duten ikasle ohiak biderkatzen ari dira. Sare sozialetan, Uztaritzeko San Frantses Xabierretik pasatu diren 30 bat ikaslek bat egin dute talde batean, eta biktima batzuk lekukotasunak ematen hasi dira. Horien artean da Cyril Ganne. Bederatzi urterekin sartu zen Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan. Joan den otsailaren 17an, ikastetxearen kontrako salaketa pausatu zuen «bortxatze, tratu-txar eta kolpeengatik». 1983an, CM2 klasean zelarik beste ikasle zaharragoengandik jasandakoa kontatu digu: «Ikasle batek bere belaunen gainean etzan ninduen, tripa gainean, eta behatzak sartu zizkidan denen aitzinean. Ondotik homosexuala deitzen zidaten. Horrez gain, beste ikasleengandik bortizkeriak eta lapurretak ere jasan nituen». Bere erranetan Uztaritzeko ikastetxeak begiak hetsi zituen. Ondotik hamalau urterekin, Betharram ikastetxean ere bortizkeria jasan zuen: «moralaren kontrako hezkuntza batean hezi gaituzte, hain handia zen bortizkeriaren lekua».

'Gaua' filmaren erronkari lotu da jada Paul Urkijo zuzendaria

'Gaua' film berria grabatzen ari da Paul Urkixo zinema egilea. 'Irati' edo 'Errementari' filmen ondotik, film luze fantastiko berriarentzat Artikutzan, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan egin dituzte grabaketa batzuk, toki egokia baita gisa horretako eszenak grabatzeko. Sorginen eta beste mitologiako gaueko hainbat pertsonaiei ematen die bizitza errealizadoreak 'Gaua' lan berrian.

«Bordeleko merkataritza, turismo eta komunikazio ikasleek euskara ikasteko beharra adierazi dute»

Bordale Montaigne unibertsitatean euskara ikasteko parada ireki da. Heldu den irailetik goiti LEA Hizkuntza Aplikatuak izeneko lizentzia berri batek irekiko ditu ateak. Ingelesa, Euskara eta Espainola ikastea proposatuko zaie lehen urteko ikasleei. Zazpi eta hamar orenez astean euskara ikasten ahalko dute. Denei irekia zaie saila, ondotik merkataritza, turismoa edo komunikazioan lan egiten ahalko dute ondotik, edota ikasketekin segitu. Denbora berean, irailean beti, Parisen, Sorbonne Nouvelle Unibertsitateak euskara eta euskal kulturaz ikasteko aukera emanen die lizentziatuei, Iberiar penintsulako eskualdeko hizkuntza eta kulturen berezitasunaren barnean.