Hizkuntza gutxituei buruzko hitzarmenak ez direla bete salatu du Ikas-Bik

Ikas-Bik biltzar nagusia eginen du gaur, Angeluko Haitz Pean kultur zentroan, gaueko 19etan. Jakinarazi digutenez, oro har, ikasle kopurua elebidunean mantendu da, baina murgiltze ereduan gora egin du. Hala ere, azaldu dutenez, kopuruak egonkor mantendu arren, hizkuntza gutxituei buruzko hitzarmenak ez dira bete, besteak beste, Molac legeari dagokionez. Bestalde, Max Brisson eta Karine Daniel senatariak galdeketa bat egiten ari dira Senatuan, hizkuntza gutxituen babesari buruz. Emaitzak hurrengo hilabeteetan argitaratuko dituzte.

Odol-Plasma emaitzak egiteko parada Miarritzen

Odol-Plasma emaitzak egiteko parada berriz eskaintzen dute Miarritzen. Miarritzeko EFS edo Frantziako odolaren egoitzak martxoaren 19tik berriz proposatzen die emaileei haien plasma eskaintzea. Odol-plasma, odolaren osagai likidoa da, likido horretan atzemaiten dira besteak beste globulu gorriak edo plaketak. Plasmak, dituen proteina eta antigorputzen bidez, hainbat eritasun sendatzeko aukera ematen du. Immunitate nahasmenduak, eritasuna neurologikoak edo zenbait minbizi. Plasma emaitzak egiten ahal dira Miarritzeko egoitzan astelehen, asteazken, ostegun eta larunbat guztiz.

Pirinio Atlantikako departamentua: zuhurtzeak bai, baina zertan?

Pirinio atlantikoko Departamentuak bere aitzinkontua presentatuko eta eztabaidatuko du bihar ostegunean. Jadanik aitzineko hilabetetan departamentuak jakinarazi zuen sos arranguretan zela eta bere konpetentzietarik urruntzen ziren proiektuak ez zituela finantzatuko. oposizioaren ustez, arlo sozialeko egitasmoak izanen dira kaltetuenak. Horren adibide litzateke, Baionako osagarri sexualaren zentroa.

Euroeskualdeak 2025eko aurrekontua eta proiektu estrategiko berriak onartu ditu

Euroeskualdearen Batzar Nagusia Nafarroako Jauregian bildu da, eta 2025erako aurrekontu-marko berria onartu du. Guztira, 900.000 euroko diru-laguntzak onartu dira, bi ardatz nagusitan banatuta: Alde batetik, euroeskualdeko herritartasuna sustatzeko ekintzak, hala nola kultura, hezkuntza eta eleaniztasuna, 500.000 euroko aurrekontuarekin. Bestalde, berrikuntza eta sektore ekonomiko estrategikoak bultzatzeko programak, 400.000 euroko inbertsioarekin. Horrez gain, POCTEFA deialdiaren baitan hautatutako hiru proiektu estrategiko aurkeztu dira. Anje Sainte-Marie Akitania Berriko kontseilariak berrikuntzaren garrantzia azpimarratu du proiektu hauetan: TRANSFERMUGI, mugaz gaindiko garraioa optimizatzeko; LANEAN, lan-merkatuaren integrazioa indartzeko; eta HEZHI, eleaniztasuna eta hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko.

200.000 euro falta zaizkio Integrazio Batzordeari aurtengo gastu minimoak estaltzeko

Inklusioa bere osotasunean bermatzea da ikastolen eta Seaskaren erronka. Ikastolan haur guztiek beren lekua ukan dezaten, egituraketa berri bat ezarri dute plantan. Irakasle berezituekin, inklusioaren aholkulari pedagogikoarekin, hezitzaile berezituekin eta PIAL deitzen duten AESH guztiak koordinatzen dituen pertsonarekin. Baina guzti hori bideratzeko baliabide gehigarriak behar ditu Seaskak eta Frantziako Hezkunde Nazionalak ez dizkio ematen. 45 AESH postuetatik 11 Integrazio Batzordearen gain dira aurten, 67.000 euroko kostuarekin. Baina kopurua oraindik emendatu daiteke ikasturtea ez baita bukatua. Defizita handituz doa beraz eta iaz 116.000 euro behar bazituzten, aurten 200.000 euro beharko dituzte minimoak estaltzeko. Horregatik, beste behin ere diru bilketa kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak, “denak inklusioaren eragile” lemapean.

Irene Larraza: «Frankofoniaren mundua hurbil izanik ere, euskararen presentzia ez da handia»

‘Ça colle au basque’ egitasmoak euskara eta euskal kultura sustatu nahi du frankofoniaren eremuan. Etxepare Euskal Institutua 2010ean Eusko Jaurlaritzak sortutako erakunde publikoa da. Nazioartean euskara eta euskal kultura eta sorkuntza ezagutzera ematea du xede. Heldu diren lau urteetan frankofoniaren eremuan eramango du lan hori: Quebec, Frantzia, Luxenburgoko, edota Belgikan. Euskal sortzaileak Québec en toutes lettres, Libourneko Fest ´Arts edota Bruselako Foire du Livre jaialdietan eramatea da xedea. Baina ere Ipar Euskal Herriko eragile kultural eta instituzionalekin lankidetza indartzea.

AskHezi, desgaitasun funtzionala duten gaztetxoentzako euskarazko diktaketa sistema berria

AskHezi izeneko euskarazko diktaketa sistema sortu dute. Ikastolen elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen elkarteak elbarritasun motorra duten haurrak laguntzea zuten xede. Tresna horren bidez haurrak idatzi ezin duena transkribatu liteke, euskaraz. Orain arte eskuragarri ziren tresnak ez ziren euskarara egokiturik eta ez zituzten haurren bozak ezagutzen. Horretarako kasik 500 bat ikaslerekin 70.000 grabaketa egin dituzte. Orain azken urrats bat eskas da, tresna erabiltzeko azpiegitura sendo bat behar dute, ahalegin ekonomiko handia galdegiten duena. Horretarako Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuen lagungoaren itxaropena dute.

Elorri Garat eta Xan Aire: «Komunikazio kanala bizirik atxiki behar dugu gure nerabeekin»

'Lagundu! Gure haurra nerabea da! (eta ez da gehiago euskaraz ari)' mintzaldia eskaini dute Elorri Garatek eta Xan Airek. Lehena psikologoa da, bigarrena sozio-hizkuntzalaria. Nerabeek euskararekin duten harreman hobeki ulertzeko eta guraso gisa erraten dieguna hobetzeko bideak eskainiko dituzte. Ziburu, Hendaia, Donibane Lohizune eta Urruñako hiriek elkarrekin antolatzen duten euskararen hamabostaldiaren barnean eskaini da mintzaldia.

Irulegiko arnoaren ekoizpena eta salmenta %30 apaldu da

Irulegiko arnoaren ekoizpena %30 apaldu da azken hiru urteetan, eta beraz, salmentak ere. Horixe eman da agerian sor-markaren biltzar nagusian. Haatik, arno egileen geroa ez da lanjerrean, eta lur landatuen eremua %5 handituko da ondoko urtean. 2022an inkesta bat abiatu zuen sor-markak, ekoizleen arranguren eta beharren zerrendatzeko. Hortik abiatuz, lau lan ardatz finkatu dituzte ondoko urteendako: politika eta soziala, teknika, komunikazioa eta ekoizpen irizpideen zaintzea.