Agiantzak: Herriko plaza berri bat Ortzaizerentzat

«Ortzaiztar bat, arbola bat» proiektua eraman du Ortzaizeko herriko etxeak 2024 urtean. Orotara 880 arbola landatu dituzte mendian eta herrian berean. Aurten, aldiz, herria egokitzeko lanen urtea izanen da, eta abantsu bi milioi euroko aitzinkontua aitzinikusi dute horretarako. Batetik, herriko etxea Arrosategia izeneko eraikinera lekualdatzeko xedea dute, eta bigarrenik, herriko plaza bat eraikitzekoa. Lan horiek martxoan abiarazi nahi dituzte, baina finantzamenduak oraino ez dira osoki ziurtatuak, besteak beste, Departamentuak bizi duen egoera dela eta. Momentuko, Euskal Hirigune Elkargoak bakarrik baieztatu du bere babesa.

Hegoaldeko sagar galdeari iharduki nahi lioke Iparraldeko sagarnoaren sindikatuak

Euskal Sagarnoa mugaz gaindiko sormarka baimendu behar luke Europak aurten. Arautegia errespetatuko duten Iparraldeko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagar biltzaileak eta sagarnogileak sare horretan izanen dira. Nafarroa horretan sartzeko desmartxa egiten ari da. Helburu nagusia izanen da hemendik 2030. urterako, sagar guziak Euskal Herrian ekoitziak izan daitezen. Orain arte hiruetarik bat baizik ez baita Euskal Herrian ekoiztua. Iparraldeko sagarnoen sindikatuak sagarrondoen landatze proiektuak sustengatuko ditu, heldu diren urteetan, Hegoaldeko sagar galdeari erantzuteko.

Benito Lertxundi eta Txomin Dhers sariztatu dituzte Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizunek

Benito Lertxundi, kantugintzan egin duen ibilbidearentzat eta Txomin Dhers, musikari gazte gisa egin duen ekarpenarentzat. Bi sari banatu dituzte Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizuneko herriko etxeak larunbatean.

Aberri Eguna Donibane Garazin ospatuko du Iparraldeko mugimendu abertzaleak

Donibane Garazin ospatuko du Aberri Eguna Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak, apirilaren 20an. 'Elkarrekin, herria, burujabetza' leloa hautatu dute eta heldu diren hamar urteetarako bide orria finkatu zuten hainbat eragile abertzalek Bagira prozesuaren bidez. Zentzu horretan, Aberri Egunean burujabetasuna eta Iparraldearendako estatus instituzional propio bat aldarrikatuko dute.

Euskara hutsezko haurtzain-etxea irekiko dute Aiherran

Aiherrako 'Beltzegitea' etxean kokatuko da Eguzkilore haurtzain-etxe berria. Euskara, natura eta motrizitate librea oinarri harturik, heldu den apirilean hasiko dira zerbitzua eskaintzen. Euskal Hirigune Elkargoak iaz  erabaki zuen gune horretan proiektua garatzeko diru-laguntza eskaintzea. Bi hilabeteetatik, eskolara sartu bitarteko hamabi haur hartzen ahalko ditu haurtzaindegi berriak.

Antton Luku: «Egiazko urtats da inauterien momentoa»

Duela hemeretzi urte berpiztu zen libertimenduen usadioa Donibane Garazin. Antton Lukuk abiatu zuen mugimendu hori, eta bi hamarkadetan, Ipar Euskal Herriko herri desberdinetara ez ezik, Hegoaldera ere hedatu da. Zortzi libertimendu muntatu dira aurten, eta datozen asteetan, joaldun, kaskarot, maskarada edota kokoak plazaratuko dira. Ihaute garaiaren zentzua eta funtsaz bere iritzia eman digu Antton Luku idazle, irakasle, antzerkilari eta ikerlariak. Zer da libertitzea? Zertan balio du karrikak eta plazak harrotzea?

Israelen armatzea borrokatzeko kolektibo berri bat Iparraldean

Ipar Euskal Herriko Stop Arming Israel kolektiboak ere parte hartuko du urtarrilaren 30ean Frantzia osoan deitua den ekintzetan. Badu hilabete bat Iparraldeko eta Biarnoko militante batzuk kolektiboa sortu dutela. Horrelako kolektibo anitz dira Frantziar Estatuan gaindi, Israelen armamentuan parte hartzen duten Frantses enpresen salatzeko helburuarekin. Ipar Euskal Herrian eta Biarnon armamentuan parte hartzen duten enpresa batzuk badirela ikusirik muntatu zuten kolektiboa. Jadanik lehen ekintza bat egin zuten Lauak enpresan esku orriak banatuz eta gaurkoan, Tarnosen kokatua den SAFRAN enpresan banatuko dituzte Frantzia osoan hedatua izan den deialdian parte hartuz.

Bi lur salmenta espekulatibo saihetsi dituzte Aiherran

Aiherrako herriko etxeak bi lur lehentasunez erostea erdietsi du EPFL egituraren bidez. «Espekulazioa saihestea» zuen zuen xede herriko etxeak. Lur horietako bat herri gaineko eremuan kokatua da, eta 118.000 eurotan eskuratuz dute, saltzaileak 180.000 euro galdegiten zituelarik. Haatik, kalapita handiena beste lurrak sortu zuen herrian 2022 urtean. Egungo saltzaileak 215.000 eurotan erosi lurra 430.000 eurotan saltzea zuen xede, baina epaileen esku hartzearekin, 218.000 eurotan eskuratzea erdietsi dute erakunde publikoek. Urtarril hondar edo otsail hastapen honetan trenkatuko da azken salmenta hori, jabeak lurra beretzako atxikitzea deliberatu ahal baitu.

Bretoierak hiztunen erdia galdu du sei urtetan

107.000 hiztun ditu bretoierak gaur egun, azken ikerketa soziolinguistikoaren arabera. 2018 urtean egin zen zenbaketan 214.000 hiztun kontabilizatu zituzten, hots, %50 gehiago. Ikerlariek azaldu dutenez, hiztunen zahartasuna da arrazoia; izan ere, urtean bretoieradun gehiago zentzen dira, sortu baino. Horren ondorioz ere, hiztunen adinak behera egin du azken ikerketa horretan: 70 urtetik, 58,5ra iragan da hiztunaren bataz-besteko adina. Alta, sei urteotan, berrogei urtetik beheitikoen artean hiztun kopuruak mantendu direla baieztatu dute ikerlariek.